«Pilota mundua nola dagoen ikusita, gertatu zaidana ez da normala»

Asier Imaz 2017ko ots. 2a, 13:11

Beñat Urretabizkaia ikaztegietarrak gaur goizean sinatu du Asegarcerekin bi urteko kontratua. Otsailaren 27an, Astelenitan, jokatuko du debuteko partida Tolosako Beotibar pilotalekuan, Urretabizkaia II izenarekin.

Mugikorra itzalita eduki ondoren piztu zuenean 100 mezutik gora zituen Beñat Urretabizkaiak (Ikaztegieta, 1992). Atzelari bezala jokatuko duen aurrelariak gaur goizean sinatu du Asegarcerekin bi urterako lan hitzarmena. Aita pilotari izana duenez, Urretabizkaia II jarriko du bere elastikoak atzean. Debuta otsailaren 27an egingo du Tolosako Beotibarren. Berak dion bezala, atzo iluntzean 186 zentimetro eta 88 kilo zituen.


Ez da ezer arrarorik gertatu eta azkenean sinatu duzu hitzarmena.
Asteartean esan zidaten gaur goizean joateko. Urduri xamar ibili naiz egun horietan, baina sinatu eta egin beharrekoa eginda dago.

Nolakoa izan da momentu hori?
Orion daukate bulegoa eta hara joan naiz. Enpresako agintariak bertan zeuden, eta lau hitz egin ondoren, boligrafoa azkar hartu eta sinatu egin dut.

2015eko elkarrizketa batean, Tolosaldeko Atarian, profesionaletara jauzia emateko zaharregia zinela esaten zenuen.
Koadrilako batek bidali zidan elkarrizketa hori lehengoan, albistea jakin zuenean. Gaur egun pilotan dagoen filosofia ikusita, gertatu zaidana ez da normala. Bigarren mailako pilotarien bataz bestekoa 20 urte inguruan ibiliko da, eta debuta, 18-19rekin egingo zuten. Nire kasua pixka bat arraroa da. Atzelari beharrean zeuden, eta beti aurrean ibili arren, probatzeko aukera eman zidaten eta dirudienez gustatu egin zitzaien. Ea balio dugun!

Aurrelaria atzean.
Buruz buru bizitza osoa daramat jokatzen, txikitatik hasita. Ez da berdina, baina sakea erantzun, atzeko koadroetan ibili... badu zerikusi pixka bat. Bikoteka desberdina da, ordea. Azken asteetan onenekin entrenatzeko aukera izan dut, Aimar Olaizolarekin adibidez. Beste erritmo bat da; beste pilota batzuk dira eta beste modu batera mugitu behar zara. Dena azkarragoa da. Denbora daukat eta ikasi egin beharko da. Gogorik behintzat ez zait falta.

Debuta inauterietako astelehenean.
Hori baieztatu didate. Lehen partida horretan maila altuagokoen aurka jokatzen duzu, gero nahiz eta bigarren mailan ibiliko naizen. Iñaki Artola txikitako laguna daukat, eta ea berarekin jokatzerik nuen galdetu diet. Lesioarekin dago eta ikusi beharko da.

Bizitza aldatuko al dizu honek?
Hankak lurrean izanez gero, ez dut uste bizitza aldatuko zaidanik. Egunerokotasun bat eskatzen dizu, eta entrenamenduak egunero izateaz gain, eskuak ondo zaindu beharko ditut, baita elikadura ere. Profesionaltasun maila erakutsi beharko dut. Horrez gain, ez dut uste ezer asko aldatuko denik.

Azken asteko kontu bat izan al da Asegarcerena eta atzelari postuarena?
Duela hilabete t’erdi hasi zen dena. Gure Aurrerako entrenatzailea Mikel Olaetxea da, eta entrenamendu batean atzelaria falta zenez atzean jokatu nuen. Mikelek atzean ondo ibiltzeko aukera nuela esan zidan. Niri lotsa pixka bat ematen zidan. Bizi osoa aurrean eta jendeak ere zer pentsatuko zuen banuen kezka. Olaetxeak Belokirekin hitz egin zuen eta entrenatzera joateko esan zidaten. Aurreko asteartean izan zen hori. Nahiko txukun ibili nintzen, eta astearte honetan berriro joateko esan zidaten. Hor esan zidaten bi urteko hitzarmenarena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!