[Herriz herri] Ikaztegieta: herri giroa sustatzea helburu

Imanol Garcia Landa 2017ko urt. 23a, 08:02

Oria ibaiaren ibarrean dago Ikaztegieta. Tolosaldeko azken herria da Goierri alderantz joanda, N-1 autobidetik. 2016ko datuen arabera, 484 biztanle ditu; tren geltokia duen Gipuzkoako txikiena da, hain justu.

Ikaztegietak dituen erronka nagusiak “herri txikiek orokorrean” dituztenak direla azaldu du Bakarne Otegi alkateak: “Bizirik mantentzea, herri giroa izatea eta herritarren arteko parte hartzea bultzatzea”.

Eskola txikien azkeneko festa Ikaztegietan izan zen, eta eskolak zein haur eskolak herrian duten garrantzia nabarmendu du Otegik: “0 eta 12 urte bitarteko haurrek hezkuntza herrian bertan jasotzeko aukera dute, eta nik uste dut hori oso garrantzitsua dela”. Eskola herrian bertan izateak herriari “bizia” ematen diola gaineratu du: “Azkenean, herrian bertan haur pila bat dabil”. Beste onura bat “erosotasuna” dela dio alkateak, hau da, eskolara joateko herritik atera behar ez izatea.

Herri txikietan, hainbat zerbitzu ez edukitzearen erronka ere izaten da. Orain gutxi, ile-apaindegia jarri dute martxan herrian, udalaren lokal batean. “Egia da nahiko gaizki ohituta gaudela, eta zerbitzuen bila herritik kanpo joan ohi gara”, esan du Otegik. “Gaur egun herrian dugu herri ostatua, denda txiki batekin, aurreko urtean martxan jarri zen ile-apaindegia, astean behin medikua etortzen da, eta, lehen esan dudan moduan, eskola eta haur eskola”.

Besteak beste, bere kokapenarengatik, Ikaztegietak badu industrialdea. “Ez da industrialde handia, baina nahiko aktiboa da”, esan du alkateak. “Enpresa pare bat baditugu nahiko indartsuak direnak, eta beste hainbat enpresa txikiago ditugu. Denen artean behintzat mugimendua badago industrialdean”.

Tren geltokia izatea “abantaila izugarria” dela dio Otegik. “Jende askok erabiltzen du, esaterako, lanera joateko. Azkenean, hemen herrian bertan zenbait zerbitzu ez izateak esan nahi du kanpora atera behar duzula”. Bestalde, autobus zerbitzua dagoela ekarri du gogora: “Gehienbat ikasleek erabiltzen dute, Alegian eta Tolosan ikasten dutenek. Eta gero gabezia gaueko zerbitzuan dugu. Saiakera bat egin genuen, baina ez genuen lortu zerbitzu hori izatea”.

Herri txikietan kontuan hartu ohi den gaietako bat biztanleriaren bilakaera da. “Egia da urtero jaiotzen direla umeak, baina herri txikietan ez da multzo handirik izaten. Egun, 0 eta 2 urte arteko hamar bat haur baditugu, eta aurten ere badatoz beste batzuk bidean. Pixkana-pixkana herritar berriak izaten ditugu, eta hori izaten da bidea; hemen poliki joaten da biztanlerian mugimendua”.

Gazteak herrian mantentzeko lanketa bat egin beharra dagoela esan du alkateak. “Erraztasunak jarri behar zaizkie, eta etxebizitzaren gaia mugitu behar bada, hain justu, beraiek herrian geratzeko izan behar da”.

Azkeneko etxeak egin zirela 10-12 urte pasatu dira. “Egia da urte asko pasatu direla. Saiakera batzuk izan dira urte hauetan, baina ez dira aurrera atera”, esan du Otegik. “Legealdi hasieran guk ere saiakera bat egin genuen, baina ikusten da nahiko geldituta dagoela gaia. Esan bezala, lanketa bat egin behar den gaia da”.

Herri baratzeen proiektua garatzen ari dira herrian, eta aurki lurzatiak banatzeko asmoa dute, eta udaberri hasieran erabilgarri izatea espero dute. Bestela, buruan proiektu asko dituztela dio Otegik: “Beste gaietako bat herria zeharkatzen duen N-1 errepidea da. Horri buruz lanketa bat egiten aritu gara, eta horri jarraipena eman behar zaio. Auto eta ibilgailuen joan-etorria handia izaten da, jende askok gurutzatzen du errepidea, eta arrisku asko ikusten dira. Herritarren aldetik badago kezka horren inguruan, eta gaia garrantzitsua iruditzen zaigu”.

Horrez gain, kiroldegian berokuntza sistema aldatzeko asmoa du udalak. “Lehenagotik zetorren proiektu bat da hori. Biomasa proiektua martxan jarri nahi da”, zehaztu Otegik. Herri bideak txukuntzeko asmoa dutela ere azaldu du, eta egunerokotasunean ere hainbat behar daudela gaineratu du.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!