Udaberri aldera herri baratzak erabilgarri izatea aurreikusten dute

Imanol Landa Garcia 2016ko abe. 29a, 10:34

Hainbat azpiegitura auzolanean egin dituzte, etxola eta konpost gunea, besteak beste. 

Ikaztegietako herri baratzak laster egongo dira erabilgarri. Udaberri aldera aurreikusten du Bakarne Otegi alkateak lursailak banatuko direla, eta erabiltzaileak bere lanak egiten hasiko direla. «Ea otsaila alderako bukatzen diren falta diren azpiegiturak, eta lursailak banatzeko aukera dugun», esan du Otegik.

Herritarrengandik iritsi zen udalera baratzak jartzeko ideia. «Interesgarria iruditu zitzaigun», esan du Otegik. «Azkenaldian inguruko herri askotan jarri dira horrelako proiektuak martxan, eta jendea oso gustura ikusten da. Herrian batzuk badute lursaila, baina beste batzuk ez eta horiei begira ikusi zen proiektu polita izan zitekeela».

Lehenengo deialdi bat egin zuen udalak proiektuaren inguruan. «Ikusi nahi genuen zenbat herritar zeuden interesatuta, eta egia esan nahiko harrera ona izan zuen. Gero hortik aurrera lanketa egiten hasi ginen», zehaztu du alkateak. Hurrengo pausoa herri baratzak jartzeko lurzorua bilatzea izan zen. «Herriarenak diren lurzoruei dagokionez, aukera gehiegirik ez dugu eta herrigunetik gertu zegoen lursail bat bilatzen aritu ginen». Eskolaren atzean eta ibaiaren ondoan dagoen lurzoru bat, 1.800 metro koadro inguru dituena, errentan hartu du udalak.

Behin lurzorua lortuta zutela, bigarren deialdi bat egin zuen udalak, proiektua gehiago zehazten joateko. Horren ondoren, lursailean lanak egiten hasi ziren auzolanean. «Itxitura jarri genuen, eta gero etxola eta ur askak izango ziren lekuan masazko oinarriak egin genituen. Etxola ere eraiki dugu, eta konpost gunea ere bai; hauek egurrez egin dira. Larunbatetan aritu gara, eta eguraldiak ere bere eragina izan du, eta pixkana aritu gara lanak egiten», esan du Otegik. Orain falta zaie lursailera ura eramatea eta partzelak egitea.

EKOGUNEA SAREAN SARTZEA

Ikaztegietako herri baratzak egitasmoa Ekogunea sarean sartu nahi dute. «Horrek ere ekarriko du erabiltzaileek prestakuntza eta aholkularitza izatea, Furgobaratza ekimenarekin, esaterako», dio Otegik. «Erabiltzaile bakoitzak izan ditzakeen arazoei irtenbideak ematea nahi da. Berez, lursaila ez dutenentzako proiektua da, eta erabiltzaileak baratze lanetan esperientziarik ez dutenak izan daitezke».

Lursaila hamabost zatitan egitea aurreikusten da, eta Otegik azaldu duenez, izena eman dutenen artean gehientsuenak dira baratze lanetan esperientziarik ez dutenak. Oraingoz hamar inguru dira izena emandakoak. Bestalde, Ikaztegietako eskolari ere lursail bat emateko asmoa dute. «Iruditzen zaigu eskolarentzat interesgarria izan daitekeela eta gauza polit bat egin daiteke eskolarekin elkarlanean», esan du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!