Txintxarri Abesbatzaren saioa erretirodunei, beraien egunean

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 18a, 10:00

Erretirodunen Eguna izango dute igandean Ikaztegietan; meza, kontzertua eta bazkaria izango dituzte egitarauan.

Iazko egitaraua errepikatuko dute aurten Ikaztegietako Erretirodunen Egunean, udalak antolatuta. Igandean elkartuko dira eta 11:15ean meza izango da elizan. Ondoren, 12:00ak aldera Alegiako Txintxarri Abesbatzaren emanaldia izango da elizan bertan. Bazkaria Ostatuan egingo dute erretirodunek, 14:00ak aldera.

Bigarren urtez parte hartuko du Txintxarrik Erretirodunen Eguneko ospakizunean. Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean ariko dira abeslariak eta Mariaje Rekondo alegiarrak lagunduko die pianoan.

Guztira 11 kantu eskainiko dituzte txintxarriek. Haendelen obra batekin hasiko dute emanaldia, Canticorum Iubilo. Earlene Rentz konpositore estatubatuarraren Gloria ere abestuko dute. Dena dela, emanaldian nagusi izango dira euskal kantu zahar eta berriak, euskal musikagileek eginiko konposizioak edota moldaketak. Hala, Javier Bustok moldatutako Maiteak galde egin zautan, Enrique Ugartek moldatutako Bagare edota Aldapeko sagarraren herri kantuak eskainiko dituzte. Josu Elberdin Pasaiako musikagilearen Kantauri pieza ere abestuko dute. Ken Zazpi taldearen bi doinu abestuko ditu Txintxarri abesbatzak, Ilargia eta Haizea.

Estiloz erabat aldatu eta Françoise Hardy abeslari frantsesaren kantu ezagun bat abestuko dute euskaraz, Tous les garçons et les filles. Emakume eta gizonen arteko harremanez hitz egiten duen abesti horrek sekulako zalaparta sortu zuen 60ko hamarkadaren hasieran. Ondoren, hil berria den Leonard Cohen Kanadako abeslariaren doinu ezagun bat ere abestuko dute, Hallelujah. Eta erritmo handiko doinu batekin amaituko dute kontzertua, koreografia eta guzti: Elberdinen Malakatumba.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!