Ostiralean Zuhaitz Eguna ospatuko dute Ibarran eta hori dela eta bi landatze egingo dituzte.
Batetik, Bernat Etxepare lizeoari laguntzeko helburuz, 3 sagarrondo erosi ditu udalak eta martxoaren 30ean landatuko dituzte Uzturpe ikastolaren inguruan, hainbat ikasleren laguntzarekin. 15 eta 18 urte arteko gazteek formakuntza osoki euskaraz egiten duen Ipar Euskal Herriko lizeo bakarra da. Lizeoan adar orokorra zein teknologikoa eskaintzen dute eta baita adar profesionala ere. Egoitza berria dute eta Ibarrako Udalak azaldu duenez, barne ekipamendua finantzatzea lizeoko gurasoei dagokie eta horretarako Euskararen Sagartzeak kanpaina abiarazi dute, sagarrondoak salduz. Udalak hiru erosi ditu.
Bestetik, martxoaren 31n bertan, goizez, Azkue auzoan 18 zumar landatuko dituzte Uzturpeko LH6ko ikasleen laguntzarekin. Udalaren ekimena da eta Zerynthia elkartekoen laguntza izango dute. Izan ere, W-zuria tximeleta, beldarra den bitartean, zumarrez elikatzen da bakarrik, baina 70eko hamarkadatik hona zumarrak grafiosis gaixotasunak jota daude eta ondorioz Europa osoan dago gainbeheran W-zuria. Tximeleta babesteko landatuko dituzte zumarrak.