Elkartasuna, lasterka

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mar. 28a, 17:04

Ibarrako Uzturpe ikastolak Elkartasun Kilometroa egin du zazpigarren urtez. Aurtengoan Intxaurrondoko elkarte gastronomikoak abian duen Zaporeak egitasmoa lagunduko dute.

Elkartasunez bete da Ibarrako plaza, Uzturpe ikastolaren Elkartasun Kilometroa ekimenari esker. Zazpigarren urtez egin dute kanpaina eta bildutako dirua Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak abiarazitako Zaporeak proiektura bideratuko dute.

Uzturpeko ikasleek «babesleak» bilatu behar izan dituzte azken asteetan eta babesle horiek guztiek emandako laguntzaren araberako bueltak ematen dituzte korrika. Zaporeak proiektuko boluntarioak ere izan dira bertan eta postu bat jarri dute elastikoak saldu eta dirua bildu ahal izateko.

Grezia guztira zabaldu dira
Intxaurrondoko gastronomia elkarteak Etiopian egiten zuen lan, baina errefuxiatuek bizi duten egoera ikusita Greziara joan eta bertan ere euren laguntza eskaintzea erabaki zuen. Kios uhartera joan zen elkarteko lehen boluntario taldea eta ordutik, egunero 2.000 pertsona baino gehiagori prestatu dizkiete otorduak. Otsailean Zaporeak proiektua Grezia osora zabaltzea erabaki zuten. Maialen Rodrigez Azpiroz Zaporeak proiektuko kidea izan da Ibarran, eta  euren lehen egitekoa errefuxiatuei laguntzera joandakoei otorduak prestatzea zela gogoratu du. «Errefuxiatuak iristen joan ahala ikusi genuen ez zutela jatekorik eta proiektuari buelta eman eta otorduak errefuxiatuei zabaltzea erabaki genuen. Urte bete egon gara bertan, baina Kios uhartetik bota gaituzte, eta ondorioz, helburu berarekin beste modu batera laguntzea erabaki dugu», esan du. Aurrerantzean Grezian dauden errefuxiatu zentroetan jarraituko dute otorduak ematen.

Uzturpe ikastolan orain zazpi urte egiten dute Elkartasun Kilometroa hainbat proiektu laguntzeko, aurten Zaporeak proiektuari laguntzea erabaki dute. Elkartasun Kilometroa Haitin izandako hondamendirako dirua biltzeko antolatu zuten lehen aldiz eta ordutik Saharako Tichla herrian eskola egiteko, gaixotasun arraroen AFESTTA eta Stop Sanfilippo elkarteak laguntzeko, Ziburuko Kaskarotenea ikastola babesteko eta Burkina Fasoko desnutrizioari aurre egiteko antolatu dute ekimena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!