Elkartasun Kilometroa, errefuxiatuei laguntzeko

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 24a, 16:27

Zazpigarren aldiz egingo du Ibarrako Uzturpe ikastolak Elkartasun Kilometroa. Asteartean egingo dute, hilak 28, 15:00etatik aurrera, eta bertan biltzen duten dirua Intxaurrondoko Gastronomia Elkartearen Zaporeak proiektura bideratuko dute.

Intxaurrondoko gastronomia elkarteak Etiopian egiten zuen lan, baina errefuxiatuek bizi duten egoera ikusita Greziara joan eta bertan ere euren laguntza eskaintzea erabaki zuen. Kios uhartera joan zen elkarteko lehen boluntario taldea eta ordutik, egunero 1.700 pertsona baino gehiagorentzat otorduak prestatzen aritzen dira.  Otsailean Zaporeak proiektua zabaldu eta Kios uharteaz gain, Greziako hainbat puntutara ere janaria bidaltzen hasi dira.

Uzturpe ikastolan orain zazpi urte Elkartasun Kilometroa egiten dute hainbat proiektu laguntzeko, eta aurten Zaporeak proiektuari laguntzea erabaki dute. Asteartean, hilak 28, egingo dute Elkartasun Kilometroa, 15:00etan hasita. Ikastolako ikasle eta irakasleak plazara jaitsi eta Emeterio Arreseko plazara bitarteko ibilbidea egingo dute. Ikasleek "babesleak" bilatu behar izaten dituzte eta babesle horiek guztiek emandako laguntzaren araberako bueltak ematen dituzte korrika. Zaporeak proiektuko boluntarioak ere izango dira asteartean Ibarran, eta postu bat jarriko dute.

Elkartasun Kilometroa Haitin izandako hondamendirako dirua biltzeko antolatu zuten lehen aldiz eta ordutik Saharako Tichla herrian eskola egiteko, gaixotasun arraroen AFESTTA eta Stop Sanfilippo elkarteak laguntzeko, Ziburuko Kaskarotenea ikastola babesteko eta Burkina Fasoko desnutrizioari aurre egiteko antolatu dute ekimena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!