Desgaitasunak gaitasun

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mar. 8a, 07:55

Ibarrako Garaguneak desgaitasun intelektuala duten 14 pertsonei eskaintzen die zerbitzua. Erabiltzaileak gizarteratzea dute helburu eta horregatik dituzten gaitasunengan jartzen dute arreta.

Urteetan atzekoz aurrera egin dira gauzak desgaitasun intelektuala duten pertsonekin. Egiten ez dakiten horretan jarri da arreta, eta horrekin tematu izan da gizartea, hau da, ez dakiten hori erakutsi nahian. Ibarrako Garagunean ordea, horri buelta eman nahi diotela dio Mertxe Amiano Garaguneko arduradunak. 14 erabiltzaileek gizarteari eskaintzeko duten hori guztia nabarmendu nahi dutela dio. «Uste okerra da ez dutela ezer eskaintzekorik, guk eskaini ahal diegula dena, erakutsi, lagundu, zaindu... Desgaitasun intelektuala duten pertsonak dira, horretan jarri nahi dugu arreta, pertsonak direla, eta gauza asko dituztela eskaintzeko», gaineratu du.

Garagunean 14 erabiltzaile dituzte eta 3 profesionalek egiten dute lan. Astelehenetik ostiralera egoten da zabalik 09:30etik 17:00etara, eta bertan hainbat jarduera egiten dituzte, beti ere, «erabiltzaileek bizi-kalitatea bermatzeko eta komunitatearekin harremanak eta loturak egiteko» helburuz. Horiek horrela, desgaitasun hitzari aurre hartu nahi diote, eta desgaitasunez baino, gaitasunez hitz egiten dute. «Euren nahiak, beharrak, ametsak eta abar hartzen ditugu kontuan. Horretarako plan bat egiten dugu, Bizitzarako Oinarrizko Plana deitzen diogu, eta bertan erabiltzaileen ezaugarriak, ametsak, egunerokotasuna... biltzen dugu. Datu horiekin euren bizi estiloa ateratzen dugu eta ondo, gustura egoteko zer egin nahiko luketen ateratzen dugu. Horretan laguntzen diegu gero, nahi duten hori egiten, ahal dugun neurrian. Edozeinek egiten duen moduan... bizitzan gustura egoteko gustuko gauzak egin ditzaten saiatzen gara», esan du Amianok.

Ibarrako Garagune eguneko zentroa erosoa da, duela bi urte ireki zuten eta bisitaria sartzen denean etxebizitza batera sartzen ari denaren sentsazioa izango du, hori bai, etxebizitza ireki bat. «Ez dugu hemen sartu eta itxita egon nahi. Komunitatera, ingurura, irekita gaude. Gure asmoa hori baita hemengo erabiltzaileek komunitatearekin etengabeko harremana edukitzea», esan du.

IBARRA MARTXAN

Komunitatearekiko harreman hori bilatu asmoz, hainbat jarduera burutzen dituzte eta beste hainbatetan hartzen dute parte, Ibarra Martxanen esaterako. Pertsona helduei zuzendutako ekintza da. Ostegunero biltzen dira paseo bat eman eta ibiltzeaz eta ariketa egiteaz gain, harremanak egiteko. Garaguneko kideek ere hartzen dute parte: «Harremanak egin dituzte eta oso gustura hartzen dute parte. Ekimenean hainbat ardura hartzen ditu bakoitzak, eta guk ere badugu gurea, hilean behin martxa antolatzea tokatzen zaigu». «Ez dugu behar dugula adierazi nahi, eman ahal dugula ere ikusarazi nahi dugu. Laguntza behar dute, baina gizartean lagundu dezaketen pertsonak era badira», esan du Amianok. Ildo horretatik hainbat lan egiten dituzte: minbiziaren kontrako ikurra diren lazoak egiten dituzte, aurreiritzien kontra Tolosan banatuko dituzten triptiko batzuk prestatzen aritu dira, Eguberrietan Ibarran jarritako apaingarriak egin zituzten, merkatariekin ere egin dituzte proiektuak...

KAFE TERTULIA 

Era berean, Kafe Tertulia ere egiten dute. Tarteka herriko norbait gonbidatzen dute eta beraiekin kafe baten bueltan galderak egiten dizkiote eta elkarrizketan aritzen dira. «Okina, harakina, zinegotziak... gonbidatu ditugu jada, oso gustura gaude».

Langileez gain, boluntarioen laguntza ere jasotzen dute. Monitoreko 7 erabiltzaile daude eta beraz, hainbat irteera edo jarduera egiteko laguntza behar izaten dutela dio Amianok. «Bi erabiltzaileri pilota asko gustatzen zaie eta Tolosako Beotibarrera joaten ziren asteartero entrenamenduak ikusteko. Monitoreak ezin zuen bi lagun horiekin Tolosara jaitsi, eta beraz, lan hori boluntario batek egiten zuen, hau da, edozeinek lagundu ahal du». Horietako bat da Anparo Garcia Arias. Duela 10 bat urte hasi zen boluntario gisa eta ordutik ez du hutsik egin. «82 urte ditut eta ahal dudala behintzat, jarraituko dut. Astean behin etortzen naiz eta josten laguntzen irakasten diet». Amianok lagundu nahi duten guztiei egin die boluntario egiteko. «Astean ordu betez edo biz ari beharko litzateke eta gauza askotan lagundu ahal da. Zerbait zehatza egiten dakienak eta erakutsi nahi duenak aukera du, edota erabiltzaileetako bati paseo bat ematen lagundu ahal dio... mila aukera daude. Hona etorri eta hitz egingo genuke, arazorik gabe. Erabiltzaile bati esaterako, asko gustatzen zaizkio txakurrak, baina guk ez dugu. Txakurra duen norbait animatuko balitz, astean behin paseo bat ematera laguntzera joan ahal izatea aberasgarria izango litzateke».

IKASTETXEEKIN BATERA

Ez dira aipatutakoak jasotzen dituzten bisita bakarrak, hala ere, ikastetxeekin ere badute harremana. Herrikide ikastetxeko 14 urteko gazteak ostiralero joaten dira. Iaz ikasturte bukaerarako txotxongilo ikuskizun bat prestatu zuten eta orain maskara batzuk egiten ari dira. Uzturpe ikastolara ere joango dira eta jasotzearekin batera, eman egin nahi dute. «Gurutze puntua egiten aritzen gara hemen eta ikastolan ere aritzen direnez, gu nola egiten den irakastera joango gara». Samaniego ikastetxean Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira antolatzen duten ekitaldietan ere hartzen dute parte. «Jendea joaten da ipuinak irakurtzera eta guk ere egiten dugu. Zerbait prestatu eta ikasleei eskaintzen diegu».

Eskaintzeko dutena eman ahal izateko, laguntza ere behar dute Garagunen eta horregatik egin die dei Amianok herritarrei, inork boluntario gisa aritu nahi badu Garagunera joateko edo deitzeko eskatu du, «eman eta jaso egingo du, oso esperientzia polita izango da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!