Uztularre, izaskundarren bizi kalitatea hobetu asmoz

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 26a, 09:00
Joxean Zubelzu Olariaga Uztularre auzo elkarteko kidea

Auzo elkartea sortu dute Izaskunen. Uztularre jarri diote izena eta asmoa hilean behin elkartu eta egin beharreko lanen inguruan lehentasunak markatzea da  

Ibarrako Izaskunen auzo elkartea sortu dute, Uztularre. 180 bat bizilagun dira eta edozein auzoetan bezala, bertan ere bizimodua errazteko eta egunerokoa erosoago egiteko beharrak dituzte.
Orain arte zituzten eskaerak bakarka egiten zituzten eta hori ez zen eraginkorra Joxean Zubelzu Olariaga elkarteko kideak azaldu duenez. Iaz hasi ziren auzo elkartea saretzen. Uztularre sortu izanaren arrazoiak bi direla esan du izaskundarrak. «Batetik, eskaerak bateratu nahi genituen eta lehentasunak markatu, eta bestetik, bizilagunak elkartu nahi ditugu, bakoitzak bere zereginak ditu eta ez gara elkartzen bestela», esan du. «Auzotarren bizi kalitatea hobetu nahi dugu», gaineratu du.
Asmoa hilean behin elkartzea eta beharrak aztertzea da. Ibarrako Udalarekin ere elkartu dira jada eta bi hilabetez behin beraiekin elkartzea adostu dute.

Lehentasunak
Orain arte zehaztu dituzten lehentasunen artean «gauza txikiak» daudela esan du Zubelzuk. «Gauza txikiak dira, baina egin behar direnak. Zoruan dauden zuloak konpondu behar dira eta Ibarrako aldean dauden postontziekin zerbait egin behar da». Izan ere, Izaskunek bi zati ditu: Orietapea eta Izaskunburu. Izaskunburukoek postontziak Ibarrako Argindegiko aldapan dituzte eta auzotarrak ez daude gustura, «autoa aldapan utzi behar dute eta ez da leku egokia,. Zerbait egiteko eskatzen dute». Orietapekoek Tolosa aldera dituzte postontziak.
Bi proiektu hauekin batera, badira beste bi eskaera ere. «Ez dakigu zein forma emango diogun azkenean, baina aterpe txiki bat edo frontoi koskor baten beharra ikusten dugu. Ez bakarrik jaietarako, bestela ere jende asko etortzen da Izaskunera eta bazkaltzeko, motxilak uzteko edo dena delakorako babes baten beharra nabaritzen dugu».
Eskaera Ibarrako Udalean egina dute jada, eta 2017ko aurrekontuan 12.000 euroko partida aurreikusi dute. Dirua, dena den, ez da proiektua bera egiteko, hori egin ahal izateko lursail bat erosteko baizik, udalak bertan ez baitu lurrik.

Aldapa pikoa
Era berean, baserrietatik eliza ingurura joaterakoan, Tolosako  errepidearekin elkartzerakoan, aldapa pikoa dago eta hori konpondu nahi dute. Errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiarena da eta jada udaleko eta foru aldundiko arduradunak izan dira bertan, gunea ikusi eta zer egin daitekeen aztertzeko.   
Turismoari begira ere jarri dira Uztularrekoak. «Ibilbidetxo batzuk ere markatu nahiko genituzke», esan du Zubelzuk. «Izaskunen ibilbide txiki oso politak daude eta Uzturrera igo nahi edo ezin dutenek egiteko moduak izan daitezke, horien berri emateko kartel batzuk egitea ere ondo legoke», gaineratu du. Auzo elkarteko kideak esan duenez, jende asko joaten da Izaskunera eta zer eskainia badutela eta, dutena erakutsi nahi diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!