Usue Sukia: «Norberaren erritmoak errespetatzen ditugu esperimentazioaren eta jolasaren bidez»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 20a, 10:00

Haur Hezkuntzako koordinatzailea da Usue Sukia. Ikasturte berriarekin batera murgildu ziren Eraikiz proiektuan. Espazioak irekitzeko aukera dute orain, haurrei, jolasen bidez eta adin desberdinetako umeak nahastuz, euren autonomia garatzen laguntzeko helburuz.

Zer da Eraikiz proiektua, zein ezaugarri ditu?
Haurra gaitasunez beteriko pertsona dela oinarri hartuta eta  munduaz ikasteko berezko gaitasuna duela sinetsita: irakasleon figura zentrotik atera eta bidelagun izatera pasa gara. Haurra da bere ikasketen protagonista, beren gaitasunak garatuko dituena, eta honetarako jolasa du ardatz. Haurrak airea bezain beste behar du jolasa, bizitzen ari den mundua ulertu eta kudeatzen ikasteko. Jolasaren eta esperimentazioaren bitartez norberaren erritmoak errespetatzea lortzen da, autonomia, talde lana eta harremanak aberasten dira eta haurrak bizitzan beharrezkoa izango duen konfiantza garatzen da. Honetarako, aurrez ondo pentsatu eta egokitutako espazio eta materialak eskaintzen dizkiegu: bakoitzaren motibazio eta unean uneko premien arabera mugitzeko aukera ematen dizkiegu, elkar ekintzan arituz eta adin ezberdinak nahastuz. Beraien jakin-mina eta esploraziorako interesa ahalbidetzen laguntzen diegu.

Zerk bultzatu zaituzte proiektu berri hau sortzera?
Etengabeko hausnarketa eta formakuntzan sinesten dugu. Ikastolara lanera sartu nintzenetik bizitu izan dut haurraren garapen osasuntsua bermatzeko gure metodologien etengabeko azterketa eta hausnarketa. Baina aurretik, orain oso baliagarri izan zaizkigun pausoak eman bagenituen ere, aldaketa honen abiapuntua 2012-2013 ikasturtean Maria Lopez neurobiologo madrildarraren berri izan genuenekoa dela esango nuke. Haurraren garunaren garapenean sakontzeko aukera izan dugu berarekin eta horrek gure egitekoa aldatzera eraman gaitu.

Eta zertan aldatu duzue bada, zuen egitekoa?
Talde lana, inplikazioa eta formakuntza derrigorrezkoa izan da, gai batzuen inguruan beharrezkoa izan denean, kanpotik ere laguntza jaso dugularik, HUHEZIko Hazitegi ikertaldeko kide den Alex Barandiaranen eskutik, esaterako. Zenbait eredu pedagogiko arakatu ditugu eta ikerketa ezberdinak aztertu: Konfiantzaren pedagogia edo Montessori, Emmi Pickler edo Reggio Emilia egileen lanak, esaterako. Gainera, beste zentro batzuetara bisitak ere egin ditugu, Bartzelonako El Martinek eskolara, adibidez. Horrela, hausnarketaren ostean, bakoitzetik interesgarri iruditu zaiguna jaso, gure Haur Hezkuntzako errealitatera egokitu eta gure proiektua sortu dugu. Aldi berean, Ikastolen Elkarteak idatzi berri duen Haur Hezkuntzarako Marko Pedagogikoarekin bat egin dugu eta honek eratu berri duten HHko Laborategia taldearen partaide izateko aukera ere eman digu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!