Euskal Herriko sokatira txapelketa izango da larunbatean, 680 kilotan

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 13a, 12:46

Ibarrako Sokatira taldeak jokatuko du 680 kiloko lehia, Euskal Herriko beste 10 taldekin batera. Ibarrako Belabieta kiroldegian izango da larunbatean, 17:00etatik aurrera.

Euskal Herriko hamar talde ariko dira nor baino nor gehiago, bi multzotan banatuta. Murueta A izango da A multzoko burua, eta B multzokoa, berriz, Abadiño. Multzo bakoitzeko gainontzeko taldeak larunbatean erabakiko dira zozketa bidez, pisaketa egin ostean.

Aipatutako hiru taldeez gain, Mutriku (Gipuzkoa), Sokarri (Bizkaia), eta Beti Gazte (Nafarroa) taldeek hartuko dute parte. Lapurdik ordezkaritza handia izango du: Gabadi, Ñapurrak eta Zuraide taldeek lehiatuko dute 680 kilotan. Halaber, 6 Conceyos talde asturiarreko kideek ere jokatuko dute txapelketa.

Multzo bakoitzean denek denen aurkako ligaxka bat egingo dute lehenenego, eta tiraldi bakoitzean garaile bat egongo da (berdinketa kasuan, berdinketa haustea egingo da).

Finalerdiei dagokienez,  A multzoko lehen sailkatua, B multzoko bigarren sailkatuaren kontra lehiatuko da, eta B multzoko lehen sailkatua,  A multzoko bigarrenaren aurka.

Era berean, A multzoko hirugarren sailkatua, B multzoko laugarren sailkatuaren kontra ariko da, eta B multzoko hirugarren sailkatua, A multzoko laugarrenaren aurka.

Finalerdi bakoitzeko garaileek, lehen eta 2. postuak, eta, 5. eta 6. postuak lehiatuko dituzte. Galtzaileek, ostera, 3. eta 4. postuak eta 7. eta 8. postuak lehiatuko dituzte. Eta A multzoko eta B multzoko bosgarren sailkatuen artean erabakiko dira 9. eta 10. postuak.

Beste kategoriak

680 kiloko kategoriaren ostean, gizonezkoen 640 eta emakumezkoen 405 kiloetako txapelketak jokatuko dituzte. Hilaren 21ean Mungian jokatuko dute lehen jardunaldia. Bigarrena, berriz, hilaren 28an izango da Idiazabalen, eta azken saioa Erandion lehiatuko dute, otsailaren 4ean.

Gizonezkoen 640 kilotan hamabi talde hauek parte hartuko dute. Murueta A, Murueta B, Abadiño, Beti-Gazte, Mutriku, Zuraide, Ñapurrak, Gabadi, Ibarra, Gaztedi, Sokarri eta 6 Conceyos.

Bestalde, emakumezkoen 405 kiloko modalitatean Ibarra, Gaztedi eta Txantrea ariko dira nor baino nor gehiago.

KATEGORIA GUZTIEN EGUTEGIAK:

680 KILO:

  • Urtarrilak 14. Ibarra (Gipuzkoa).

640 ETA 405 KILO:

  • Urtarrilak 21. Mungia (Bizkaia).
  • Urtarrilak 28. Idiazabal (Gipuzkoa). 
  • Otsailak 4. Erandio (Bizkaia).

600 KILO:

  • Otsailak 11. Bermeo (Bizkaia).
  • Otsailak 25. (lekua zehazteko).
  • Martxoak 4. Lesaka (Nafarroa).

375 KILO:

  • Otsailak 25. (lekua zehazteko).
  • Martxoak 4. Lesaka (Nafarroa).

560 ETA 375 KILO:

  • Martxoak 11. Laukiz (Bizkaia).

600 KILO (MISTOA):

  • Martxoak 18. Bakio (Bizkaia).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!