Trafiko Ordenantza berriaren lehen onarpena egingo dute bihar

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 11a, 09:14

Biharko osoko bilkuran eztabaidatuko dute eta alegazioetarako epea zabalduko da; mugikortasun iraunkorra bermatzea du helburu ordenantza berriak

Ibarra GI-2130 errepideak zeharkatzen du punta batetik bestera. Ez da hori, dena den, herriko oinezkoen eta ibilgailuen arteko elkarbizitza eragozten duen arrazoi bakarra. Bertatik egunero-egunero igarotzen diren ibilgailu guztiak, arinak zein astunak, arazoak sortzen dituzte, baina baita herritarrek euren ibilgailuekin hartutako zenbait ohitura ere; autoak bigarren lerroan aparkatzea, zebrabideen gainean, gehiegizko abiaduran joatea...

Arau-hauste hauek guztiak ibilgailu motordunen ugaritzearekin etorri dira eta Ibarrak aurki Udaltzaingoa izango duela baliatuz, trafikoa ordenatzeko eta ibilgailuen eta oinezkoen arteko oreka bilatzeko ordenantza egin dute. Abenduan jaso zituzten herritarren ekarpenak eta behin Trafiko Ordenantza eskuartean, biharko osoko bilkuran emango diote lehen onarpena eta alegazio epea zabalduko da. 19:00etan izango da osoko bilkura. Herritarren ekarpenei dagokienez, batez ere, zebrabide batzuen inguruko proposamenak jaso ditu udalak eta behar horiei erantzutea aurreikusi dute udal arduradunek.

Tokiko agenda 21
Trafiko Ordenantza egiterakoan 2014ko abenduaren 30eko osoko bilkuran onartutako Tokiko Agenda 21eko Ekintza Plana hartu dute kontutan, izan ere, bigarren lerro estrategikoak dio neurriak jarri behar direla herritarren mugikortasuna bermatzeko. Ordenantza berriarekin, hortaz, bide publikoen erabilera arautu nahi dute eta hainbat neurri aurreikusi dituzte, besteak beste, oztopo edo eragozpen diren ibilgailuak biltegira eramateko edo hirigunean 50 kilometro orduko baino abiadura handiagoan doazen ibilgailuak isunen bidez zigortzeko.

Modu hezitzailean
Isunen helburua, dena den, ez da dirua biltzea, hori nabarmendu dute udaletik, herria ordenatzea da lortu nahi dutena eta hori «modu hezitzailean» egin nahi dute. Hori dela eta, isunak lehen 5 egunetan ordainduta, beherapen handiak dituzte. Lege-hauste arinak 100 euro bitarteko isuna izango dute, larriek 200 eurokoak eta oso larriek 500 euro. Isun arinak ezartzen direnetik 5 egunera ordainduz gero, hala ere, %90eko murrizketa izango dute. Era berean, %50eko beherapena ere izan dezakete isunak jarri eta salaketaren berri jakinarazitako egunaren biharamunetik zenbatutako 15 eguneko epean edo, isuna momentuan jakinarazita, 20 eguneko epean ordainduz gero.

Trafiko Ordenantza bera, arau eta xehetasun asko ditu, dokumentu mardula osatzen duelarik, baina helburuak orokorrean, oinezkoei zein motordun ibilgailuei zehaztapenak ematea da eta baita GI-2130 errepideko trafikoa murriztea ere, Euskal Herria kaleko trafikoa arautuz. Era berean, hau guztia lortzeko oinezkoen mugikortasunerako azpiegiturak garatzea eta egokitzea da helburua,  eremu publikoetako irisgarritasuna bermatzeko neurriak ere hartuko dituztelarik.

Udalak oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna bultzatu nahi du, hau da motorrik gabeko mugikortasuna, eta hori lortu bidean oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea aurreikusi dute ordenantzan eta baita bizikletak aparkatzeko eta ibiltzeko eremuak arautzea ere. Apattaerrekako langileen mugikortasun jasangarria sustatzea ere jaso dute, industrialdeko sarbidea arautu eta erraztuz.

TAO sistema zabaltzea
TAO sistemari dagokionez, ordenantzak ez du denbora mugatuko aparkatzea arautzen, izan ere, udalerriak TAO ordenantza zehatza du jada. Hori bai, etorkizun laburrean TAO sistema publifikatu nahi du udalak, bere gain hartuz. Era berean, TAO sistema auzo batzuetara zabaldu nahi dute, xehetasunak aurrerago emango badituzte ere. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!