[GUTUNA] Koldo ‘Txatarrini’ ihesaldi baten kronika

Koldo ezagutzeko zortea izan dugun lagunak. 2016ko abe. 23a, 10:30

Ibartarrek azken agurra emango diote orain gutxi hil zen iheslari ohiari, gaur, 19:00etan Aranen.
 

Jose Luis Rajado Benavente Txatarrini 1958ko abenduan Iruran jaio zen. 11 anai-arrebetatik bederatzigarrena, 8 urterekin etorri zen Ibarrara. Xebax bizilaguna zuen eta 14 urterekin (1972 inguruan) hasi zen beste ibartar batzuekin batera Ibarrako aroztegi batean arotz lanetan.

Frankismo amaiera hartako giroan, lana, lagunak, parranda, konpromisoa… ziren bere bizia. 1977an Xebaxen erailketa suertatu zen. Bera soldadutzatik bueltan zen, frankismoaren amaiera eta sasi trantsizioko urteak ziren. Garai honetan erakunde armatu bateko talde batean hasi zen lanean, 1981. urteko abuztu hasieran Guardia Zibilak atxilotu zuen arte.

Tolosako kuartelean atxilotua zutelarik, bigarren egunean, bakarrik uzten zutela aprobetxatuaz, eskuburdinak mahai azpitik pasa, leihotik salto egin eta ihes egin zuen. Kalean behera galtzoinetan, eskuburdinekin, galtzerdi gorriekin eta atzetik tiroka zituela, berak ondo zioen bezala.

Harro zegoen une latz haietan lortu zuen herritarren babesarengatik. Eskuburdinak moztu, arropa, ezkutalekua… Egun batzuk igarota Tolosako jarraipen girotik kanpo utzi zuten arte, Tolosaldeko mendietan barrena. Ihesaldia mendiz egin zuen, egunetako edo, hobe esanda, gauetako ibilaldi luzeak eginaz.

Ibilera honetan egunak eman zituen, muga mendiz igaro eta artzain batekin topo egin eta honek bere etxean babesa eman zion arte. Guzti hau pasa ondoren, familiak 1981eko abuztua bukaeran izan zuen bere berri. Iparraldean zebilen, Baiona, Donibane Lohitzune eta Hendaia artean bizitza normala egiteko aukerarekin.

Horrela eman zituen egunak bere pisukide ziren Joxi eta Joxean 1983ko urrian desagerrarazi zituzten arte. Orduan hasi ziren kezkak, beldurrak... Bizitza normala egin nahi zuen, baina bi hilabeteetara Kattu erail zuten. Bi golpe latz eta biak gertuegi. Garai honetan hasi ziren izuaren urteak.

Urteak babes bila, babesean eta ezkutuan, oso babesean, baina oso ezkutuan. Urteak etxetik atera gabe eta ateratzen bazen beste etxe batean sartzeko izaten zen. Ezkutuan Baionako familia baten etxean, Gendarmeria EHE-eko pintaketa batzuk aitzakia hartuta familia hau atxilotzera etorri ziren arte. Bera ere atxilotu zuten. 1990-1991 urteak ziren.

Espetxealdi berri honetan epaiketa ondoren Frantziako Estatuan kargurik ez zuela eta Periguex-era sartu zuten. 1991-1992 urtetik aurrera han, Periguex-en, egin zuen bere bizia, ezkututik aterata eta inor ezagutu gabeko lekuan. Non bizi behar zuen agindu zioten, bizimodua nola atera behar zuen esan gabe. Paperik gabekoen bizitza ezagutu zuen. Ahateak gizendu, patea egin, harrizko arkuak egin, egurgintza… lanbide ugari eta nominarik ez.

2000 urte inguruan, aurreko motxila guztia gainean zuela, Lasa eta Zabalaren epaiketaren bueltan itzuli zen Baiona ingurura. Mamu zaharrekin batera mamu berriak sortu zitzaizkion. Lasa eta Zabalaren epaiketan Auzitegi Nazionalean zuzenean lekuko gisa adierazteko proposamena egin zioten... Une gogorrak, azkenean telekonferentziaz aritu zen.

Epaiketa honen ostean, urte gutxitara itzuli zen hegoaldera. Urte luze guzti horietan dagoeneko familia egina zuen eta haiekin elkartu zen Portugaleten. Baina ihesaldiak ez du amaierarik izan Koldorentzat, izan ere, etengabeko ihesaldian joan baitzaigu oraingoan ere. Kantak dioen bezala “… ez gara izan onenak behar bada bainan gure bizia izan da (...) eta ez galdetu inoiz zer galdu genuen ametsaren bidean…”.

Ez adiorik gero arte baizik! Garaipena oroimena!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!