Hiri hondakinak biltzeko sistema aldatzea adostu dute

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko abe. 20a, 15:49
Arkaitz Frailek Ingurumen zinegotziak (EH Bildu), Mikel Agirrezabala alkateak (EH Bildu) eta Victoria Rodriguez Ingurumen batzordeko arduradunak (EAJ) sinatu dute akordioa.

Ibarrako udalbatza osatzen duten EH Bildu eta EAJ alderdiek akordioa sinatu dute; martxotik aurrera edukiontzi bidez jasoko dituzte hondakinak

«Ibarrak dituen beharretara hobeto egokitzeko» asmoz sinatu dute akordioa EH Bildu eta EAJ alderdiek. Honen arabera, martxo hasieratik aurrera edukiontzi bidez jasoko dituzte herrian sortzen diren hondakinak, atez ateko sistema kenduz. Udal arduradunek 2014. urtean atez ateko sistema jartzerakoan zuten helburua bera izaten jarraitzen dutela nabarmendu dute: «Hondakinak murriztu eta berrerabilera bultzatzeaz gain, gaika ahalik eta gehien biltzeko sistema bat jartzea».

Sistemaren aldaketa ekarriko duen akordioa gaur goizean sinatu dute, prentsaren aurrean, eta honen arabera, derrigortutako edukiontzi bidezko bilketa egingo dute; organikoa eta errefusa txiparen bidez eta egun eta ordutegi jakin batekin, eta gainontzeko gaiak –papera, plastikoa eta beira- edukiontzi irekietan.
Organikoa egunero atera ahalko da, 18:00etatik 23:00etara, eta errefusa astean behin, nahi den egunean, 18:00etatik 23:00etara. Pixoihalak ere egunero jaitsi ahalko dira, errefusaren edukiontzira, baina udaletxean jakinarazi beharko da. Printzipioz 20 bat edukiontzi eremu jarriko dituzte Ibarran zehar.

Edukiontzi eta txipen erabilpenaz gain, merkatarien bilketa berraztertuko dutela adostu dute. Urtarrilaren 9tik aurrera egingo dizkiete bisitak merkatariei «beharrak jasotzeko». Landa-eremuan orain arte bezala jarraituko dute.

Salaketak eta isunak
Akordioaren helburua gaikako bilketa portzentajea %80tik gorakoa izatea izaki, derrigorrezkoa eta kontrolatua izango dela nabarmendu dute. Bi dira udalak hori egiteko aurreikusten dituen moduak; herritarrek eurek salaketak egin ahalko dituzte eta ondoren, udalak exekutatu ditu salaketa hauek eta, bestetik, aurki Ibarrak udaltzainak izango dituela eta, hauek egingo dute lan hori. Gaizki egiten duten herritarrek, hortaz, isunak jasoko dituzte. «Ohitura txar batzuk aldatu nahi ditugu, herritarrek ezin dituzte hondakinak nahi bezala eta nahi duten tokira bota, hori ekidin behar dugu», esan du Mikel Agirrezabala alkateak.  

Era berean, sistemaren jarraipena egitean ere bat egin dute, eta horretarako agintariek, eragileek eta norbanakoek osatutako jarraipen batzordea osatuko dute. «Lanketa bat egin behar dugu honen inguruan eta sistemaren emaitzen jarraipena egingo dugu», gaineratu du alkateak.

Zehaztasun gehiago
Aldaketak data badu ere, martxoa hasiera, sistema aldaketari dagozkion hainbat gai datozen asteetan zehaztuko dituzte. Txipen banaketa nola eta noiz egingo den edo orain arte erabili diren kuboekin zer egin, esaterako.

Jada zehaztuta duten informazio guztia, dena den, herritarren eskura jarriko dute bihar bertan. Ibartarren etxeko postontzietan aldaketaren inguruko zehaztasunak jasoko baitituzte, esku orri batzuen bidez.

EH Bildu eta EAJren arteko akordioaren inguruan galdetuta, alkateak esan du, bilerak legislatura hasieran hasi zituztela eta elkarrizketak blokeo egoera batetik etorri zirela. «Udal gobernuan, batetik, egoera blokeatuta zegoela eta erabakiak hartzen hasi behar genuela ikusten genuen eta, bestalde, EAJk sistema aldaketaren aldeko aldarria egin zigun. Atez atekoak bi urte hauetan egin duen ibilbidea eta gure nahiak ikusita sistema honen alde egin dugu. Hau da, guk garbi dugu sistemak derrigorrezkoa izan behar duela, kontrolatua eta emaitza onak emango dituena. Bere garaian horren arabera hartu genuen erabakia eta oraingoan ere hori izan dugu buruan. Ez dugu orain arteko ibilbidea ahaztu behar eta hortik abiatuta iruditzen zaigu udala herritarren beharretara egokitu behar dela. Jada bide bat egina dago eta heziketa bat dugu eta sistema bera malgutzea erabaki dugu. Guk %80 birziklatu nahi dugu, zein sistemarekin? 2014an sistema bakarrak ematen zuen emaitza hori eta orain badirudi, derrigortutako edukiontzi sistema baten bidez ere lortu daitekeela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!