Apaingarri iraunkorren aldeko apustua, seigarren aldiz

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko abe. 14a, 17:48

Ibarrako kale eta saltokiak birziklatutako materialekin egindako apaingarriak izango dituzte; Garaguneko erabiltzaileek eta ikastolako ikasleek egin dituzte   

Orain sei urte egindako hautuari eusten diote Ibarran. Energia kontsumoa aurreztu eta argi-kutsadura murriztu asmoz hasi ziren apaingarriak beste modu batera egiten eta argiteria ere ordutegi zehatz batekin pizten. Eta aurten ere horrela jarraituko dute.

Apaingarri iraunkorrak, birziklatutako materialekin egindakoak, alegia, adimen desgaitasuna duten pertsonak jasotzen dituen Garagune zentruko erabiltzaileek eta Uzturpe ikastolako ikasleek egin dituzte. Arazi aholkularitzaren laguntza izan dute. Argiteriari dagokionez abenduaren 19tik urtarrilaren 7ra piztuko dituzte argiak, 18:00etik 21:30era.

Herriko merkatarien elkarteak ere hainbat ekitaldi antolatu ditu Gabonetarako. Elkarteko Irati Ibarzabalek esandakoaren arabera, aurten 1.300 euro banatuko dituzte. Denda bakoitzak 50 eurotako erosketa txekeak zozkatuko ditu eta zozketa urtarrilaren 4an egingo dute. Musikak animatuta kalejiran egingo
dituzte zozketak ekimenean parte hartu duten dendetan. 17:30ean abiatuko da kalejira Gaztelekutik.

Abenduaren 22an Txiribituko begiraleen eta herriko gazte hezitzaileen laguntzarekin altxorraren bila jokoa egingo dutela ere esan zuen Ibarzabalek. 6 eta 10 urte artekoei zuzendutako ekitaldia da eta musikak animatuta egingo dute. 16:30ean hasiko da jokoa, Gaztelekutik.

Era berean, aurten ere sukaldaritza tailerra antolatu dute DBH 1 eta 3 arteko gazteentzat. Pizza tailerra egingo dute abenduaren 29an, Danon Txokoan. 16:30ean elkartuko dira plazan eta lehendabizi produktuak erostera joango dira. Tailerra eta gero afari merienda egingo dute prestatutakoarekin. Tailerrean parte hartzeko Goxobi dendan eman behar da izena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!