«Lanera eta laguntzera etorri naiz»

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 14a, 12:11

2017ko ekainaren 30a bitarte, Mikel Saizar (Ibarra, 1983) Numantziako atezaina izango da. Soriara iritsi aurretik, Real Union, Reala, Pontevedra, Cultural Leonesa, Guadalajara, Kordoba eta Txipreko AEK Larnaca taldeetan ibili da ibartarra.

Urtarrilarekin batera 34 urte egingo dituzu. Berriro bigarren mailan jokatzeko aukerari ezin ezetzik esan.
Ez nuen asko pentsatu ez. Aukera polita da, etxetik oso gertu dagoena, gainera. Aspaldian kanpoan nenbilen, urrutik eta orain etxetik bi ordura egotea, kontuan hartzeko zerbait da.


Bertan jarriko zinen bizitzen, ezta?
Bai. Gero astean egun t'erdi jai izaten dugu, eta normalean etxera itzultzen gara. 12 urte kanpoan pasa ondoren, kilometro askora, eskertzen da aukera hori izatea.


Munir atezaina Afrikako Kopa jokatzera joango da. Hortik sortu zaio hutsunea Numantziari.
Pixka bat hitz egina genuen. Hasiera batean urtarrilari begirako fitxaketa izango zen. Baina beste atezaina kanporatua izan zenez dena aurreratzea erabaki zuten. Astearte batean esan zidaten eta asteazkenean baietz esan nien.


Zer esan dizu zure entrenatzaile berria izango den Jagoba Arrasatek?
Ekarpena egitera joan behar dela hara. Hiru atezain egongo garela eta lehia polita izango dugula.


Denboraldi baterako fitxatu zaituzte. Zein da zure helburua?
Ahalik eta goren geratzea sailkapen nagusian. Futboletik bizitzeko aukera daukagu, eta horregatik pribilegiatu batzuk gara. 33 urterekin aukera hau izatea pozgarria da, oso.


Hamaikakoa ere hor dago.
Astebete daramat eta bi deialditan sartu naiz. Orain hirugarren atezaina ere jokatzeko moduan dago. Ikusiko dugu hiruron artean lehia hori nork irabazten duen. Ni lanera joan naiz, eta laguntzera.


12 urtetan ibilbide oparoa egin duzu.
Futbolak azkenean lekuak eta jendea ezagutzeko aukera ematen dizu. Esperientzia oso aberatsa da, eta oso gustura nago egin dudan ibilbide horrekin. Orain Sorian nago, eta gogotsu nago ibilbide hori hemen luzatzeko edo ahal den lekuan.


Erakusleihoan zaude, berriz.
Hori da. Berriro ere bigarren mailako zirkuitu horretan sartu naiz. Sorian hori ere erakutsi nahi dut; jarraitzeko oraindik ere badaukadala soka.


Bertan jarraitzeko aukerarik ikusten al duzu?
Urte ona egiten saiatuko naiz, eta esan bezala, taldea ahalik eta gorenean sailkatuz. Jarraitzea oso erosoa izango litzateke niretzat. Bi ume ditugu, eta etxetik hurbil egotea kontuan hartzeko gauza da.


Sailkapen nagusian taldea 18. postuan dago. Kontua da, bigarren sailkatua 10 puntura duzuela.
Bigarren mailan gauzak horrela izaten dira. Etxetik kanpoko partidak irabaztea oso garrantzitsua izaten da, etxean normalean aurrera ateratzen direlako. Kanpoan irabaztean, etxeko biak gehitzen baldin badizkiozu, bederatzi puntuz ari gara hitz egiten. Oso goran jartzen zara. Baina esan bezala, kanpoan irabaztea oso zaila da.


Taldearen inguruko antolaketa zer moduzkoa da?
Oso profesionala, eta oso familia girokoa. Lehen mailan egon direla nabaritzen da. Jokalariarentzat oso erosoa da hemen bizitzea, oso ondo egituratuta dagoelako. Egia esan, oso eroso sentitzen naiz Numantzian eta Sorian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!