Garai bateko Ibarra, Kirol Elkartearen eskutik

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko aza. 9a, 09:00
Ziklokros proba antolatzen zuen Kirol Elkarteak

Kirol Elkartearen 50. urteurrenaren harira, argazki erakusketa jarri dute kultur etxean. Elkarteak herrian utzitako arrastoa bildu nahi izan dute.

Ibarrako Kirol Elkarteak 50. urteurrena du aurten. Ekitaldi nagusiak egin dituzte jada, baina mende erdia betetzea berezia da benetan, eta hori dela eta argazki erakusketa bat ere jarri dute kultur etxean. Erakusketan argazki zaharrak bildu dituzte, baina ez dituzte edonola hautatu, argazkietan garai bateko Ibarra erakutsi nahi izan baitute. «Gure asmoa elkarteko betiko argazkiak jarri ordez, Kirol Elkarteak antolatu izan dituen ekitaldiek herrian izan duten isla erakustea izan da», azaldu du Jexux Peñagarikano urteurreneko ospakizunak antolatzeko osatutako lantaldeko kideak. Eta badirudi lortu dutela, erakusketa arrakastatsua izaten ari baita, herritar asko gerturatu dira kultur etxera, euren burua argazkietan aurkituko ote duten ikustera.

Izan ere, hainbat eta hainbat dira antolatutako kirol ekitaldiak; 1963. urtetik 1977. urtera antolatutako ziklokros proba, halterofilia txapelketak, herri kirol probak, boxeo eta motokros lehiak... «Ziklokros probak garrantzi handia izan zuen eta argazkiez gain eta kartel bat jarri dugu kuriositate bezala», esan du.
Ezaguna da ere urtero antolatzen duten txirrindulari proba, oraindik ere antolatzen dutena. Bolo eta toka txapelketak ere antolatu izan dituzte eta herriko festetan ere egiten dute oraindik. Kirolaz gain, irailean sardina jatea egiten dute, eta herrian oso ezaguna da.

Kirol Elkartea txirrindularitzaren bueltan ibili izan da beti. Kirol federakuntza batean afiliatuta egon behar zen ireki ahal izateko eta txirrindularitzarena aukeratu zuten, baina aurretik, futbol txapelketak antolatzen zituzten, eta talde horien irudi bat baino gehiago jarri dituzte erakusketan.
Baina hauek guztiek kirolzale eta kirolarien interesa pizteaz gain, herriari bizia ematen lagundu dute. Herria egiten lagundu du elkarteak beraz, eta horixe da hain justu, kultur etxean bildutako argazkietan ikusi daitekeena. «Garai bateko Ibarra ikusi daiteke argazki hauetan. Uzturreko etxeak egin gabe zeudeneko irudiak daude, hilerrirako bidea ere egin gabe, erreka aparraz beteta ere ikusi daiteke, Txumitxaren atzealdeko baratzea, plazan frontoia zegoenekoa Zubiaurre ondoan...», azaldu du.
«Herriaren beste ikuspuntu bat ikusi daiteke irudi hauetan. Herritar asko azaltzen dira, euren burua ikusi ahal izango dute bertan...», gaineratu du.

Jexux Peñagarikanok esan duenez, elkarteak arrasto handia utzi du herrian, oroitzapen onak gehienak, baina bada gertakari ilunik ere, Sebas hil zutenekoa. 1977ko martxoaren 8an hil zuten Sebas elkarteko kidea, eta erakusketan azken agurra emateko bildutako jendetza ere ikusi daiteke.
Argazkiez gain, bideo bat ere ikusi daiteke kultur etxeko areto nagusian. 30 bat minutuko lana da eta bertan ere garai bateko Ibarra ikusi daiteke, herritarrak protagonista dituen ekitaldiak... Irudi hauek guztiak lortzeko Angel Ondartzabalen familiaren laguntza izan dute eta elkarteak zinez eskertu nahi die eskainitako prestutasuna. Bideoa NODOko irudiekin osatu dute. Egunero eskaintzen dute bideoa bai goizez eta baita arratsaldez ere. Bideo honetaz gain, bada 15 minutuko beste bat ere. 50. urteurreneko ospakizunetan ikusi ahal izan zuten elkartean bertan, eta hori egiteko Idoia Pelaez eta Josu Maizak hartutako lana eskertu nahi izan dute, erakusketan ikusi daitezkeen argazkiak eta beste hainbat eskaneatzen ibili baitira.

Argazki eta bideoekin batera, aipatu txapelketetan banatutako hainbat txapela eta oroigarri ere jarri dituzte ikusgai. Eta nahi duenak eskuragarri ditu ere Kirol Elkarteak 2008an argitaratutako Elkartean Herrigintza liburua ere. Emeterio Sorazauk eta Jose Maria Arrutik egin zuten lan hura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!