ataria.eus

Amaia Ballesterosek irabazi du Galtzakomik lehiaketa

  kultura  Ibarra

Amaia Ballesteros Trapagarango irudigileak Nozilla aspertuta dago lanarekin 1.000 euro eta lanaren argitalpena poltsikoratu ditu. Ez da lehen aldia saria eskuratzen duela Galtzakomik lehiaketan, bigarren sari bat ere jaso zuen 2009. urtean. Gaur egingo da sari banaketa Ibarrako kultur etxean, 19:30ean.

Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarrako Udalarekin elkarlanean euskarazko komikigintza bultzatzeko zazpigarren saiakera egin du aurten. VII. Galtzakomik Komiki Lehiaketa urtetik urtera emankorragoa ari da bilakatzen jasotako lanei erreparatuta. Zazpigarren edizio honetan epaimahaiak 170 lan baino gehiago izan ditu eskuartean epaia eman ahal izateko.

Joseba Antxustegietxartek, Juanba Berasategik, Kike Amonarrizek, Jose Luis Longaronek, Nagore Amenabarrok eta Box.A arte elkarteko kideek aurtengo lanik onenak aukeratzeko ardura izan dute, epaile lana eurei egotzi baitzaie. 12 urtetik beherakoei, 12-18 urte bitartekoei eta 18 urtetik gorako lanei Ibarrako lanik onenen sailkapena gehitu zaie lehenengoz aurtengoan.

Sari banaketa eta afari-txoua

Sari banaketa, gaur arratsaldeko 19:30ean egingo da Ibarrako kultur etxean. Aurkeztutako lan guztiak ikusgai egongo dira bertan, komikien erakusketa osatuz. Komikizaleen festa ordea ez da bertan amaituko, izan ere gaueko 21:00etan hasita Afari-Txou delakoa hasiko da. Ibarrako Xepla elkartean barre egiteko aukera izango dute bertaratutakoek, afaltzeaz gain, gonbidatu berezien umoreaz gozatu ahal izango da. Dani Fano eta Adur Larrea irrimarrez arduratuko dira eta Uxue Alberdi eta Unai Iturriaga bertsoez. Sarrerak salgai daude 22 eurotan Sendi Ekintzan, Zubiaurren, Atarin, Danon Txokoan eta Galtzaundi Euskara Elkartean.

SARIDUNEN ZERRENDA

18 URTETIK GORA

1. saria:
Amaia Ballesteros Lopez. 'Nozilla aspertuta dago' (1.000 euro).

Aipamena:
Aitor Urkiola Badiola. 'Larrialdia' (2 pertsonentzako afaria Eluska jatetxean).

12-18 URTE BITARTEKOAK

1. saria:
Markel Galbete Arnanz. 'Smith familiaren bidaia' (300 euro eta marrazketarako materiala).

2. saria:
Haizea Ganzedo Viteri. 'Bidaiarik garrantzitsuena' (100 euro eta komiki bilduma).

Aipamenak:
Leire Amonarriz Saralegui. 'Ametsak egi bihurtu daitezke' (Komiki bilduma).
Inhar Esnaola Barriola. 'Basozainak' (Komiki bilduma).

12 URTETIK BEHERA

1. saria:
Iñigo Agirre Olea. 'Hobe maitatzea borrokatzea baino' (Komiki bilduma eta marrazketarako materiala).

Aipamenak:
Ibai Torkemada Uranga. 'Anbroxio eta Inaxio' (Komiki bilduma).
Maria Arrieta, Paula Vicente eta Maria Contreras. 'Maitasunaren gauzak' (Komiki bilduma).
Asier Sanchez Virtus. 'Superman' (Komiki bilduma).

IBARRAKO KOMIKIRIK ONENAK

Eneritz Jauregi Lopetegi. 'Desperux sagutxoa' (Opari txekea eta komiki bilduma).
Markel Arsuaga Perea. 'Unibertsoa' (Opari txekea eta komiki bilduma).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa