Aro berria hasi dute Hernialdeko ostatuan

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 10a, 08:00

Mertxe Goia eta Irati Esteban, izeba-ilobak hartu dute ostatuaren ardura. Aurreko ostegunean egin zuten inaugurazio ekitaldia eta ostiraletik zabalik da.

Aurreko esleipendunak jarduna abuztua amaieran utzi zuen eta Hernialdeko Udalak herriko ostatuaren kudeaketarako kontratua esleitzeko lehiaketa publikoa deitu ondoren, irailaren 21ean, Irati Estebani (Madril, 1987) eman diote taberna-jatetxearen ardura. Urtebeteko kontratua da, proba gisa, eta ondoren bost urtez luzatzeko aukera izango da.

Esperientzia handia du ostalaritza munduan Estebanek. Madrilgo Meating eta Chiscón de la Rivera jatetxeetan lan egin ondoren, azken urteak hemen Euskal Herrian eman ditu. Gandarias (Donostia), Fronton (Tolosa) eta Hernialde (Tolosa) jatetxeetako sukaldeak ezagutu ditu eta azken bi urtean Hernialdeko ostatuko sukaldean bertan eman ditu. 

Ezagutzen du, hortaz, Hernialde eta baita ostatuaren martxa. "Bakarrik ezin zion heldu erronkari eta niri proposatu zidan", dio Mertxe Goiak (Tolosa, 1957), "ez dut esperientziarik ostalaritza munduan, baina esperientzia berri bat izango da niretzat. Batez ere barra eramango dut". Hilabete eman du itxita ostatuak eta tarte hori baliatu dute arduradun berriek aldaketa batzuk egiteko: "Mahai borobil bat jarri dugu, argiak aldatu ditugu eta dekorazioa moldatu dugu. Lide Atorrasagasti donostiarrak Hernialdeko irudi batekin egindako murala pintatu du paretan". 

Garaiko eta bertako menua

54 lagunentzako tokia dute ostatuko jantokian. Eguneroko menuak emango dituzte egunero. "Garaiko produktuak erabiliko ditugu eta etxeko sukaldaritza landuko dugu, gertukoa eta kalitatezkoa", Goiaren esanetan.

Astearteetan hartuko dute atseden (aste honetan asteartea jai bezpera denez, astelehenean itxiko dute), baina gainerako egunetan zabalik izango da ostatua. "Goizeko 11:00 aldera irekiko ditugu ateak eta 18:00ak arte egongo gara, neguan behintzat". Datorren astean, ordea, ehiztari postuak zozkatzen hasiko dira Hernialden eta beraz, bertaratzen direnei zerbitzua eskaintzeko, 06:00etan zabalduko dute ostatua, ehiztariei gosariak emateko.

Asteburuetan, goizetik goizaldera arte arituko dira lanean Hernialdeko ostatuan. Bazkariak eta afariak emango dituzte, menu bereziak eta karta. Mugimendu handia espero dute Goiak eta Estebanek eta beste norbaiten laguntza beharko dutela aurreikusten dute. Jende bila dabiltza beraz.

Orain arte, martxa ona eraman du Hernialdeko ostatuak eta horrela jarraitzea espero dute arduradun berriek. "Askok urruti dagoela esaten digute, honaino goraino igotzea kosta egiten dela. Baina gero jendeak, deskonektatu nahi izaten du eta leku lasai eta atseginak nahi izaten ditu. Eta hau, toki paregabea da. Ikusi besterik ez dago, ze ikuspegi dugun hemendik. Paisaia ikusgarria da".

Jende gazte asko eta familiak gerturatu dira orain arte Hernialdeko ostatura: "Umeek toki lasaia dute jolasean ibiltzeko, herriko frontoian edo hemen udaletxeko arkupeetan. Udan mahaiak jarriko ditugu bertan bazkariak emateko. Herriko jendeak ere eskertuko du horrelako bilgune bat zabalik egotea, bestela elkarrekin topo egiteko tokirik ia ez baitute herrian".

Ilusioz ageri dira Goia eta Esteban proiektu berriarekin. Asmoak ere badituzte aurrera begira: taberna kanpoaldean arranparrila bat jarri nahi dute. Hori iritsi bitartean, herritarrei eta gerturatzen diren eskualdeko herritarrei harrera beroa egingo diete Hernialdeko ostatu zabaldu berrian. "Beso zabalik hartuko ditugu denak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!