Konponketa lanek bere bidea egin dute

Imanol Garcia Landa 2016ko abe. 8a, 09:00
Hilerriko sarrera eta hormak berritu dituzte.

Hilerriaren sarrera eta hormak berritu eta zenbait baserritako bideetan zuloak konpondu dituzte.

Azken asteotan hainbat obra izan dira Bidania-Goiatzen. Batetik, hilerrian berrikuntzak egin dira, eta, bestetik, zenbait baserri bidetan konponketak egin dira.

Joxe Erramun Goikoetxea alkateak azaldu duenez, «ikusirik urte askoan ez dela ezer egin, egoera kaxkarrean zegoen hilerriaren horma, eta obra egin beharra zegoen. Gainera sarrera egokitu dugu. Sarreran bazegoen koxka bat eta orain dena bat eginda geratu da». Hormari dagokionez, goialdea hormigoiz estali da, txapela baten modukoa jarriz, ura ez sartzeko hormaren barrena. Obrak urriaren azkeneko astean hasi ziren, iraupena bi astekoa izan da, eta aurrekontua 53.000 eurokoa. Aurtengo aurrekontuen inbertsioen atalean sartuta zegoen obra hau.

Bestalde, zenbait baserri bideen konponketa ere egin da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza tarteko. «13 bide zati konpontzea aurreikusten zen, baina aldunditik bost onartu ditu diru laguntza emateko orduan», azaldu du Goikoetxeak. Herniobidea, Urrizpe eta Agerre arteko bidea, Aizkotarako bidea, Aburuzarako bidea eta Umaberako bidea izan dira konpondu dira.

«Bidea gaizki zegoen lekua txukundu eta galipota bota zaio. Oraingoz hori egitera iritsi gara, zuloak konpontzera», esan du alkateak. 61.000 eurokoa izan da aurrekontua, eta foru aldundiak eman duen diru laguntza %70ekoa izan da.

«Negua etortzen den garaian, eta elurra kentzeko makina sartzen denean asko kaltetzen da asfaltoa, eta baita izotzarekin gatza botatzen den garaian», esan du Goikoetxeak. «Baserritarrek eskertzen dituzte egiten diren konponketak, eta ikusita nola zeuden, eginbeharreko lanak dira».

Urte bukaera bitartean ez dute beste obrarik aurreikusten udaletik. «2017 urtera begira badaude asmo eta proiektu batzuk eta ea gai garen horiek burutzeko», esan du alkateak. «Beti esaten dugun moduan, finantziazioa izaten da arazoa. Beste erakunde batzuetatik diru laguntzak jaso behar izaten dira inbertsio horiek aurrera egin dezaten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!