Bidania-Goiazko Udalak jarri berri du udaletxe azpian desfibriladorea. Aurreko astean egin zuten gailua erabiltzeko ikastaroa, eta bertan izan zen Ana Larrarte udaleko idazkaria: «Udal langileak eta herritar batzuk parte hartu genuen ikastaroan, eta ikusi zen erabilera nahiko erraza dela».
Azkenaldian kiroldegietan eta beste hainbat leku publikoetan desfibriladoreak jartzen ari dira. Bidania-Goiazko Udalak ikusi zuen horrelako gailu bat herrian izatea beharrezkoa zela, eta guraso elkartetik ere bultzatu zuten egitasmoa.
«Kontuan hartu behar da herriaren kokapena», azaldu du Larrartek. «Hemen ez dago anbulantziarik, eta herrira iristeko denbora behar du anbulantziak. Beraz, derrigorrezkoa da horrelako gailua izatea herrian, minutu batzuk aurreratzeko aukera ematen baitu».
Hori horrela, bihotz-birikak suspertzeko ikastaroa antolatu zen herrian, erizain talde batek eman zuena, eta parte hartze zabala izan zuen. Ondoren iritsi da gailua jartzeko unea, eta ikastaro laburra egin zen horren erabilpenerako.
Larrartek gogora ekarri du larrialdi bat gertatuz gero, lehenengo egin behar dena 112 zenbakira deitzea dela. «Gero, anbulantzia etortzeko denbora bat behar denez, esan bezala, denbora aurreztu daiteke», esan du udal idazkariak. «Momentuak eta egoerak sortzen duen urduritasunak baldintzatuko du, baina printzipioz erabilera nahiko errazekoa da».
Aurrera begira ez da ikusten oraingoz beste ikastarorik ematea gairen inguruan. Bestalde, Larrartek gogora ekarri du udalaren kontrolpean egongo dela gailua, eta mantenu hitzarmen bat dagoela.