«Izendapenak jasotzea saria da jada»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mar. 9a, 08:00

Zazpi urte dira Ester Poveda Alacantetik Berrobira iritsi zela. 2000. urtean bukatu zituen Arte Eszenikoko ikasketak Murtzian,  eta Madrilen eta beste hainbat lekutan aritu ostean, Berrobira etorri zen. Bigarren urtea da Berrobiko antzerki taldea zuzentzen duela. Aurten zuzendari onenaren saria jaso dezake Antzezmotz Lehiaketan eta iaz aktore onenaren saria eskuratu zuen lehiaketa berean. 

Zuzendari onenaren saria jaso dezakezu Antzezmotzen.
Oso kontentu nago. Zuzendari lanak beste hainbat elementurekin arduratzea dakar; argiztapena, eszenatokia bera, baita aktoreen lana ere... Gustatzen zait, baina egia da niri benetan gustatzen zaidana antzeztea dela. Zuzendari lana egiteak, hala ere, ikasitako hainbat gauza gogora ekartzeko aukera ematen dit.

‘Aingerutxoak’ lanak poz handia ekarri du taldera, ezta? Finalera iritsi da Arantzazu Rodasen eskutik, zuzendari onenaren saria eskuratu ahal duzu eta euskarazko lan onenerako izendapena ere hor dago.
Taldea motibatzeko primerakoa da. Ez dakigu zerbait irabaziko dugun edo ez, baina izendapenak jasotzea saria da jada. Taldean oso kontentu gaude, lanerako gogoz.

Bigarren urtez zuzentzen duzu Berrobiko antzerki taldea, zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Oso kontentu nago, zaila da jendea astero-astero etortzea, jarraipena ematea, baina Berrobin taldea osatu dugu, aurten bi pertsona berri ere baditugu, eta oso gustura nago.

Nolatan hasi zineten?
Iaz hasi ginen, asmo berezirik gabe, eta azkenean animatu, lan bat antzeztu eta aurten jarraitzea lortu dugu. Berrobin oso ondo moldatzen naiz eta jaietan bakarrizketaren bat edo ere egin izan dut, hortik gonbidatu zidaten taldea zuzentzera, eta oso gustura nabil.

Nola antolatzen dituzu eskolak?
Gure asmoa lehen urtean ikastaroa bakarrik egitea zen; elkarren artean ezagutzeko, ikasten joateko... Izan ere, antzerkian oinarrizkoena taldea egitea da, beraien artean ondo moldatzea eta abar. Baina oso giro ona dagoenez, jarraitu egin genuen. Nire lan egiteko modua hala ere, hori da, lehendabizi lotsa galtzen laguntzea, beraien artean konfiantza hartzen joatea... Guztiontzat da aberasgarria, antzezteko edo ez. Antzezlana azken pausoa da. Aurten oraingoz, gauza horiek guztiak lantzen ari gara eta antzezlana prestatzen hasiko gara segituan.

‘Aingerutxoak’ berriz ere antzezteko gonbita ere jaso duzue gainera, ezta?
Aurten berriz ere Aingerutxoak lantzen ari gara, izan ere Berastegin Gazte Festetan ariko gara eta Amarotzen Antzerki Astean ere eskainiko dugu eta behar bada, Adunan ere antzeztuko dugu, beraz oso kontentu gaude. Are gehiago, Aran (Arantzazu Rodas) Antzezmotzeko finalera iritsi delako.

Erlazionatuak

‘Aingerutxoak’, finalera

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 mar 09 Berrobi

«Antzeztea maskara bat jartzea bezalakoa da»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 mar 09 Berrobi

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!