Antzerkia baino gehiago

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 6a, 09:00

Berrobin antzerki taldea osatu dute; duela urtebete elkartu ziren lehen aldiz eta jarraitzea erabaki dute

Berrobin antzerki taldea osatu dute berriz ere. Ez dira hasiberriak, urtebeteko esperientzia baitute. Iaz sortu zuten taldea eta San Andres egunean eskaini zuten euren lehen antzezlana, azaroan. Esperientziarekin pozik geratu ziren taldekideak eta antzerkiak eskainitako guztia kontutan hartuta aurten ere taldea osatu eta astero-astero biltzeko konpromisoa hartu dute.

Izan ere, antzerkiak beldurrak uxatzeko, jendaurrean hitz egiterakoan eroso sentitzen laguntzeko edota gorputz adierazpena lantzeko ere balio du. Eta hori da, hain justu, lehen hilabeteetan landuko dutena.
«Hasierako hilabeteetan tailer moduko bat egingo dugu, iaz bezala, taldekideen artean konfiantza sortzeko, gorputz adierazpena lantzeko, jendaurrean hitz egiten ikasteko...», esan du Igone Saldias taldekideak. Egitekoan ez dira bakarrik egongo, hala ere, antzerkigintzan trebatutako profesionala baitute bidelagun, Esther Poveda aktorea. Duela urte bete jo zuten berarengana taldea sortu nahi zutela eta. «Antzerki taldea osatu nahi genuen, ideia hori geneukan buruan aspalditik, baina kolpetik taldea osatu, gidoiak egin... zaila ikusten genuen. Baina herrian badugu antzerkilaria den emakume bat, Esther Poveda, eta laguntza eskatu genion. Alacantekoa da bera, baina Berrobin bizi da eta euskaraz ikasten ari da. Berarengana jo genuen ea talde bat dinamizatuko ote zuen eskatuz eta baiezkoa eman zigun. Deialdia egin genuen eta ustekabean jende pila batek eman zuen izena. Hasiera batean 20 bat ginen, Berrobi bezalako herri txiki batentzat asko dena, eta azkenean, urtea 14 pertsonek bukatu genuen, talde handia».

Iazko esperientzia ikusita aurten ere taldea osatzea erabaki dute eta horretarako udalaren laguntza ere badute, diru laguntza bat jasotzen dutelarik zuzendariaren lana ordaindu eta materiala erosi ahal izateko.
Aurten ere taularatuko dute lanen bat, baina hori ez da helburu bakarra,  antzezlan zehatz bat hartu eta jendaurrean eskaintzea baino askoz gehiago da antzerki taldea: «Gelditu eta lan bat lantzen hasi aurretik, Estherrek profesionaltasuna ematen digu eta hainbat alor lantzen ditugu. Hasieran gure lanketa egiten dugu, pertsonalki ere balio diguna, eta gero hasten gara antzezlanarekin». Iaz, apirila eta maiatza artean hasi zinen antzeztuko zuten lanaren paperak banatu eta horiek barneratzen.

‘Aingerutxoak’
Uztaila eta abuztuan geldialdia izan zuten eta azaroa bukaeran, San Andres egunez, eskaini zuten euren lehen lana: Aingerutxoak.

Hainbat esketx biltzen zituen lana izan zen herritarren aurrean eskaini zutena eta ironia zen nagusi. «Askotan gurasotasuna eta amatasuna idealizatzen ditugu eta umorea erabiliz horren inguruko hausnarketa moduko bat egin genuen», esan du Saldiasek. «Dena idealizatzeko joera izaten dugu eta horren inguruan hitz egiten genuen. Gidoiak ez ziren gureak, Estherrek hainbat gidoilarien lanak hartu eta moldatu zituen», gaineratu du. Antzezlana ikustera ia herri guztia joan zela du gogoan Saldiasek, aretora ezin izan zirela guztiak sartu, eta oso gustura aritu zirela, bai antzezleak eta baita ikusleak ere. «Urteak ziren ez genuela ezer antzezten eta oso gustura aritu ginen. Nik esaterako, 12 urterekin egin nuen azken lana eta 27 ditut, pentsa zenbat urte joan diren. Txikitan disfrutatu egiten nuen eta hori berreskuratu ahal izan nuen, nolabait. Gozatu egin nuen. Badago fase bat, ia guztiok pasatzen duguna esango nuke, lotsak etortzen direnekoa, irrigarri geratzeko beldurrak gailentzen denekoa... Eta berriro umetako axolagabetasun hori berreskuratzea zaila izaten da. Hurrengorako kristoren aurrerapausoa eman dugu jada. Taula gainean segurtasun sentsazio hori berrartu izan bagenu bezala», azaldu du.

Hortik terapiaren kutsua. Antzerki taldean antzezlan bat prestatzetik harago joaten baitira. «Iaz izena eman zuten batzuk ez ziren antzezlan bat egiteko asmoz animatu. Batzuk gorputzeko adierazpena landu nahi zuten, beste batzuk jendaurrean hitz egiteko laguntza behar zuten... Ez zuten imajinatu ere egiten taula gainera igoko zirenik, helburua ere ez zen hori». «Azken afarian denek esaten genuen konturatu ginela tontakeria pila batekin arduratzen garela eta gauza asko kanpoan utzi behar direla baita eguneroko bizitzan ere», gaineratu du.

Antzerki taldearen urteko lehen bilera astelehenean izango da, 19:00etan elkartuko dira eskolan. Lehen hilabeteetan behintzat, astero-astero, ordu horretan elkartuko dira, eta ordubetez gorputz adierazpena eta horrelako gaiak landuko dituzte, antzezlan bat prestatzen hasi aurretik.

Taldea ez dago itxita, oraindik ere eman daiteke izena. 16 urtetik gorakoek hartu dezakete parte taldean. «Helduei bideratu nahi genuen taldea, jorratzen ditugun gaiak ere helduentzat direlako».
Oraingoz 14 berrobitarrek osatzen dute antzerki taldea eta dena ondo San Andres egunez eskainiko dute euren bigarren lana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!