Frontenis Txapelketaren aurtengoa, borobila

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko ira. 29a, 08:00

25. aldiz egingo dute Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketa. Hiru asteburutan zehar goiz eta arratsaldez ariko dira frontoian eta finalak abenduan izango dira. 

Frontenisa gustuko dutenek hitzordu garrantzitsua dute urtero, Berrobin. Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketa egiten dute azaroa eta abendua bitarte eta aurtengoan edizio berezia dute gainera, 25 urte betetzen baititu txapelketak.

Antolatzaileak lehen pausoak ematen ari dira, babesleak lotzen ari dira, baina helburua urterokoa dela esan du Iker Elustondo antolatzaileak, «jaialdi polita egin eta herrian giroa sortzea». «Aurtengoan 25. edizioa dugu, zenbaki esanguratsua eta hori aprobetxatuta jaialdi polita egiten saiatuko gara», gaineratu du.
Txapelketako partidetako asteburuetarako ez dute ezer berezirik antolatu, printzipioz behintzat, baina finalerako zerbait prestatu nahi dute. «Oraingoz erabaki duguna da ohikoak diren sariez gain sari potoloagoak banatzea edota parte hartzaile guztientzat izango diren sariak lotzea».

25 urte hauetan urte bakarrean huts egin dute, gainontzekoetan urtero antolatu dute txapelketa. «Inguruko frontenislarientzat ohiko hitzordua da», esan du Elustondok. Horren froga da eskualdetik bertatik gerturatzen diren parte-hartzaileez gain Olite, Iruñea, Donostia edo Miranda Ebrotik etorritakoak ere egoten direla. «Frontenislarientzat izena duen txapelketa da, maitatua da».

Bi txapelketa, batera
Elustondok argitu duenez, frontenis txapelketa gutxi daude inguruan, batez ere Nafarroan antolatzen dituzte eta hauetan, gainera, sarietan diru gehiago banatzen dute. «Horregatik badaude parte hartzaileak Berrobin parte hartzearekin batera Nafarroako txapelketaren batean ere aritzen direnak, eta hori dela eta, partidetako egunetan bueltaka ibiltzen dira Berrobin eta Nafarroan partidak jokatuz. 200 kilometro ere egiten dituzte egunean partidak batean eta bestean jokatzeko», azaldu du.  Berrobiko sariak maitasun osoz prestatzen dituzte, baina ez dute dirurik partitzen. Lehen hiru sailkatuek txapela eta kopa jasoko dute; finalerditara iristen direnei finaleko egunerako afari batera gonbidatuko diete; eta finala ikustera joaten diren parte hartzaile guztien artean Aralar Kirolakeko txartel batzuk zozkatuko dituzte. «Aurten Anoetako Osin masaje zentroaren babesa ere jaso dugu eta hiru txartel ere zozkatuko ditugu», gaineratu du.
Elustondo azken zortzi urteetan ari da antolaketan lanean, baina lehenago txapelketan parte hartutakoa ere bada. Urteetako esperientzia medio antolatzaileek badakite «zer eta nola» egin behar duten, «baina dena lotu behar da». «Diru laguntzak eskatu behar dira, pentsatu egin behar da aurten bezala zerbait berezia egin nahi dugun edo ez, erosketak egin, pilotak ekarri, kartelak... Normalean Sanagustinen ondoren hasten gara bildu eta dena lotzen. Aurten babesle berriak lotu ditugu eta material pixka bat erosita daukagu».

Jokalari eta epaile
Antolaketan zortzi bat pertsona dabiltza eta denetarik egitea egokitzen zaiela dio, duela urte batzuk epaile lanak egitea ere euren egitekoa zen. «Garai batean antolakuntzako jendeak egiten zituen epaile lanak, baina urte batzuetan antolatzen bizpahiru pertsona besterik ez ginen, eta ezin genuen egun guztia, larunbata eta igandea, frontoian egon. Partidak 12 orduz egiten ditugu; 08:00etatik 20:00etara. Ordutik lehen partidan guk irekitzen dugu frontoia, guk egiten dugu epaile lana, eta ondorengoetan irabazten duenak».

Txapelketan neska zein mutilek hartzen dute parte, 90 bat pertsona bataz beste, baina neskak gutxiago direla dio antolatzaileak, horregatik egiten die dei parte hartzera animatzeko. «Nesketan binaka nahiko justu ibiltzen gara, bizpahiru bikote izaten dira eta horregatik orain urte batzuk modalitate mistoa jarri genuen. Lau eta zortzi bikote bitarte ibiltzen dira. Tokatu izan da finaleko egunean mutilen batek banakako, binakako eta binaka mistoko partidak jokatu behar izatea, hiru partida jarraian», esan du.
Partidei dagokienez, Elustondok dio binakako finala luze joaten dela, bi ordu ingurukoa izaten dela, «noizbait hasi beharko dugu denbora neurtzen». Gainontzean binakako partidetan  «bikoteak seguru antzera jokatzen dute, akatsik ez egitera» eta luzeak izaten dira. Finalerdiak iritsi bitarte partidek muga dute, 45 minutu, eta gerora ez dago denbora mugarik.

Orain arte herriko Nikolas Artolak ditu txapela gehien, «14 bat txapela ditu», baina gazteak serio dabiltza, eta badira behin baino gehiagotan errepikatu diren izenak ere: Xabi Zubiria berrobitarra, Hodei Arregi tolosarra, Ibai Ropon billabonatarra... Ea aurtengoak zer ematen duen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!