«Filtrazioak erreminta bat besterik ez dira, ez dira helburua»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mar. 23a, 15:20

Ikerketa kazetaritza egiten du Ahoztar Zelaietak (Bilbo, 1972) eta badu eskarmentua; Egineko ikerketa taldean, Ardi Beltza eta Kalegorrian aritutakoa da. Berastegin izango da larunbatean 17:30etik aurrera, hitzaldia eskainiko baitu, udaletxean.

Kazetaritza ikasketak utzi eta zuzenean Egin egunkariak sortutako ikerketa taldean hasi zen lanean. Ikerketa kazetaritza lantzen duen ordezkaririk nabarmenenetakoa da Euskal Herrian, horrek hainbat buruko min eragiten badizkio ere. Kriminologia ere ikasi zuen eta Euskal Herriko lehen kriminologo elkarteko sorreran hartu zuen parte. Azkenaldian hitzaldiz hitzaldi dabil eta umore fina darabil. «Umorea erabiltzen dut, bestela erotuko nintzateke. Bakarrizketalari trebea naiz», dio. Lau liburu ditu kalean: Jóvenes burukides bizkainos (2013), La casta vasca (2014), Kutxabank, el saqueo de Euskal Herria (2015) eta abenduan argitaratutako Evasores, morosos y millonaris vascos (2016).

Ustelkeria kasuak argitaratu izan dituzu, zer oihartzun izan dute zure datuek gurean?
Ez dakit hori baloratzen, ni guettoko kazetaria naiz, Iparraldeko Sindromea dut gainera. Ez nago ohituta balorazio hori egiteko erremintak erabiltzen. Ez daukat frustraziorik ere, badakit medio bakoitzak bere lana egin behar duela, bere sinergiak dituela eta langileek nahikoa dute euren prekarietatearekin. Nire asmoa ere ez da oihartzun handitako sareetan informatzen ibiltzea. Nik publikatzen ditudan datuak ere zalantzan egon ahal dira, baina datuekin maneiatzen naiz, ez da Ahoztarrek dioena, dokumentuek edo Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Patzuergoak  esaten duena diot, euren datu basean jasotakoa. Horrelako datuek sinesgarritasun handia izan dute La Sextan edo Deian, baina Ahoztarrek esaten badu ez da sinesgarri, eta hori bai dela tristea.   

Urteak daramatzazu ikerketa kazetaritza egiten eta datuak argitaratzen, baina badirudi, orain, modan dagoela.
Orain urte batzuk ustelkeria salatzen genuenean ez genuen ia oihartzunik. Jendeak soldata onak zituen, gizarteak oro har, ez zituen zenbait buruhauste... eta ez zegoen interesik ustelkerian. Gaur egun badago histeria handi bat eta ustelkeriaren inguruko asetzea ere; jendea nazkatuta dago hainbeste albiste negatiboekin. Orain arte jende zorrotza ginen ginen, gardenak, politikariak ere ez zeuden ustelkerian sartuta... eta orain bai, orain denak daude horrelako istorioetan.

Ustea izango zen hori, izan ere  kasuak egon bazeuden, Egin-eko ikerketa taldean ‘fontanero’ terminoa sortu zenuten, hain justu, EAJren aldeko trama klientelista batzuk argitaratzeko.
Literatura hori idazten hasi zen kazetaria, Pepe Rei, lau aldiz saiatu ziren atxilotzen, bi aldiz kartzelan egon zen... ondorioak bazeuden hori salatzean, gaur egun hortik tiraka hasi eta daude ondorioak ez dira berberak. Kazetaritzaren ibilbidea ezagutzen dut eta horrek urduritzen nau; gaur egun norbait izan behar duzu sinesgarri izateko edo Mexikon egon eta Euskal Herriari buruz idatzi behar duzu txalo zaparrada jasotzeko, bestela ez dute jaramonik egingo.

Zer da ikerketa kazetaritza? Datuak ematea, soilik, ikerketa kazetaritza al da? Egiten al da ikerketa kazetaritza gaur egun?
Beti gauza bera esaten diet ikerketa kazetaritzan aritutako editorial bakarrean, Ardi Beltzan, egoteko aukera izan ez duzuenoi. Nik ez diot inori gomendatzen, hala ere, oso droga txarra da. Ikerkuntza kazetaritza egiten da eta tokian tokiko ikerkuntza kazetaritza egiten da, Argiak edo Berriak egiten dute eta irrati libreek ere egiten dute, baina behar bada, ez direnez interes orokorreko gaiak, ez dira horrela ulertzen.  

Filtrazioak erabili izan dituzu datuak emateko, baina ez da iturri bakarra izango, nola egiten duzu lan?
Filtrazioak erreminta bat besterik ez dira, ez dira helburua. Gaur egun kazetaritzaren bigarren hanka dira filtrazioak, bestea adierazpenak dira. Kazetaritza ekonomikoa da hori, enpresari ez dio kosturik sortzen, salaketak saihesten ditu...  

Filtrazioak interesatuak izaten dira gainera, nola kokatu filtrazio hauen aurrean?
Normalean ez da esaten filtrazioak min egiteko egiten direnik. Ez da esaten ere filtrazio jakin batzuk medio guztietara iritsi direla. Wikileaks-eko filtrazioak eman zirenean hainbat komunikabiderekin egin zuten hitzarmena, informazio hori emateko, informazioa audientzia eta dirua bihurtuz. Esklusiba zela zioten, baina ez zen esklusiba, informazioa medio bakar batek edukitzea da esklusiba. El País-ek gainera, ikerketa bat bezala aurkeztu zuen filtrazio bidez jasotako informazioa, baina zein ikerketa? Hori filtrazioa da, ikerketa bat filtratutakoa kontrastatzea da, baina hori ez zuten egin. Kazetariak errealitatea kontatzeko profesionalak gara, eta bidean erratu gaitezke, eta zuzenketak egin behar ditugu, baina publikatu aurretik datuak kontrastatu behar dira, hori oinarrizkoa da.

Informazio oso garrantzitsua jaso eta kontrastatu gabe ez zenuke argitaratuko, beraz.
Jasotako informazio asko ez dut ateratzen, jasotako informazio asko ustelkeriaren biktimak arriskuan jartzen dituelako. Ni ez naiz sindikatu, alderdi edo dena delako bat, ez dauzkat milioiak, beraz, nire burua ere zaindu behar dut. Gainera biktimetako asko emakumeak dira eta ez dute babesik.

Filtrazioez gain, zuzeneko informatzaileak dituzu.
Fronte asko daude orain, ez zait gustatzen, baina hori dago. Biktima asko daude eta niregana desesperatuta iristen dira, niregana iritsi aurretik ate asko jo dituzte, ni azken leihatila naiz. Inork ez die sinesten ezta kasurik egiten.

Dena ez da publikagarria, beraz.
Zirkuitu asko daude zentsurarako, kanpokoak eta barnekoak, nire barneko lehen zentsura zirkuitua, ama da. Presioak. Amak frenoa jartzen du. Berak badaki herriak eta kazetariek, ez dutela ezer egingo nire fidantza ordaintzeko.

Elkartasuna bai jasotzen duzula, gaztetxe askotan egon zara hitzaldiak eskaintzen eta larunbatean Berastegira gonbidatu zaituzte.
Elkartasun asko daukat, batez ere, gaztetxeetan. Gaztetxeetan ematen ditut hitzaldi gehienak, Berastegikoa salbuespena da. Erdi txantxetan diot hurrengo liburua gaztetxeei buruz izango dela eta badaukat izenburua: Gatzokis. Gaztetxeetan meritu asko dute, ni gonbidatu, eta gonbidatuak etxekoiei harrikada ematen die. Egia esan nire kontra borrokan hasteko bultzada ere ematen diet. Ezker abertzaleko kulturan estereotipo asko dago; nagusiak, batallitadunak, eta click-aren gazteak. Desberdinak dira, ez dira bata bestea baino hobeak. Horretaz jabetzeko ere balio didate gaztetxeetako egonaldiek.

Eta zer eskainiko duzu Berastegin?
Hitzaldia lokalizatzen saiatzen naiz. Baina Berastegiko inor ez dago Panamako orrietan, ez dut topatu... eta beraz,  erreminta ireki eta abizen batzuk edo begiratuko ditugu, jendea enpoderatuko dut. Nahi izanez gero behintzat.

Zergatik ez dago gaur egun, ikerketa sailik euskal prentsan?
Ikerketa talde bat edukitzeak kostuak ekartzen ditu. Publizitatea galdu daiteke eta kazetariek kostuak dakartzate; deiak, bidaiak, ordaindu behar diren datu baseak... Eta horrek zein errentagarritasun ematen du? Egunkari ale gehiago atera eta saldu ahal dituzu, baina salaketa bat ere iritsi ahal zaizu. Kontzientzia falta dago eta mantxeta horri helduko dion komunikabiderik ere ez dago.

Egin-ek, Ardi Beltza-k edo Kale Gorrian-ek jasandako errepresioak ere ez du laguntzen.
Ardi Beltzan gure helburua kartzelan bukatzea zela esaten genuen. Jendea kontratatzen genuenean horren berri ematen genien. Estatu espainiarrean ez dago adierazpen askatasunik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!