Plaza berria izango dute berastegiarrek, sanlontzoetarako

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mar. 15a, 08:00
Amaia Azkue garai bateko frontisa atzean duela.

1.289.261 euroko aurrekontua onartu berri dute Berastegin, aho batez; berdintasun politikak babesteko partida berezia sortu dute

Berastegik aurten 1.289.261 euroko aurrekontua izango du, iaz baino aurrekontu handiagoa da, izan ere, iaz onartutako Eusko Jaurlaritzako Ereineko diru laguntza gehitu diote aurrekontuari. Ereineko diru laguntza 149.000 eurokoa da eta iazko aurrekontua 1.080.115 eurokoa izan zen. Aho batez onartu zuten aurrekontua osoko bilkuran.

Amaia Azkue alkateak azaldu duenez, kapitulu gehienak nahiko berdin mantendu dituzte, «pertsonalaren gastuak, udal eraikinei dagozkien gastuak, udal zerbitzuen partidak... kopuruak urterokoak dira, gutxi gorabehera».

Inbertsioen atalari dagokio aurrekontuko kopururik handiena. «Plazaren egokitzapena, Oporlekuko irisgarritasuna eta autobus geltoki berria batera egingo ditugu eta horretarako 285.830 euro aurreikusi ditugu», esan du Azkuek.

APIRILA

Plazaren eraberritzea apirilean hasi nahi dute eta festetarako bukatuta eduki. Herritarrek jada jaso dute plazaren eraberritzeari buruzko informazioa, bilerak egin baitituzte lanen nondik norakoak eurekin batera erabakitzeko. «Plazak duen historiari eman nahi izan diogu garrantzia. Arkitektoarekin batera ikusi genuen plazako historia. Garai batean pilota joko desberdinetan jolasten zen bertan eta horri balioa eman nahi izan diogu». Plazak urteetan mantendu dituzten xehetasunak ditu, gorde nahi izan dituztenak, eta horiek babesten ditu ere proiektu berriak. Udaletxearen eskuinaldean garai bateko frontisa ikusi daiteke, berezia da, XVIII.mendean Tolosa eta Iruñea bitarteko Errege Bidea pasatzen baitzen bertatik, herriaren egitura baldintzatuz, eta horregatik frontisaren ondoan arkua ere badago. Elementu horiek mantentzen ditu proiektu berriak eta baita udaletxearen kanpoaldean dauden harrizko eserlekuak. Hain justu garai batean pilota partidak ikusteko erabiltzen ziren eserleku horiek. Udaletxeko arkupera sartzerakoan zoru desberdina dago, harrizko zoladura dago zati txiki batean, garai batean plaza osoak zuen itxura hori, eta hori ere mantenduko dute. «Elementu horiek guztiak mantendu nahi ditugu», esan du Azkuek. Plaza berria erabat irekia izango da, eserlekuak izango ditu eta LED bonbillekin argituko dituzte pilotan jokatzeko zeuden marrak. Plazaren eraberritzea abuztuko San Lorentzo jaietarako bukatu nahi dute.



Lanak apirilean hasi nahi dituzte. Boletin Ofizialean atera dituzte jada, baldintzak eta 20 eguneko epean aurkeztu beharko dira proiektuak. «Lehenbailehen hastea nahi dugu jaietarako eginda egoteko, plaza behintzat», esan du. Baldintzatan hainbat puntu lehenetsi dituzte; azken 5 urteetan 3 urbanizazio eginda edukitzeak puntu gehiago izango ditu eta klausula soziala ere jarri dute, hau da langabezian dauden herriko langileak kontratatzeak edo emakumezkoak enplegatze portzentaje jakin bat edukitzeak ere puntu gehiago izango ditu.

AUTOBUS GELTOKIA

Plazaren eraberritzearekin batera autobus geltokia ere aldatuko dute, nahiz eta behar bada, lan hauek ez diren festetarako amaituta egongo. Orain autobusa plazara sartzen da, baina herritarrekin hainbat batzar egin dituzte eta autobusa plazatik ateratzea erabaki dute. «Autobus geltoki berria Tolosarantz edo Leitzarantz joateko zonaldean jarriko dugu. Momentu batean bi autobus elkartzen dira, lineakoa eta eskolako haurrena, eta arazoak ekiditeko eskolako autobusa eliza atariko aparkalekuan geldituko da. Herritarrek egokiagoa dela ikusi dute, izan ere, aparkaleku horretan kotxeak uzteko lekua gehiago ere badago». Honen guztiaren berri aldaketak ematen diren heinean emango zaie herritarrei.

Era berean, irisgarritasuna hobetzeko beste lan batzuk egingo dituztela dio alkateak. Oporleku eta Alderdieder pareko espaloia zabaltzeko batetik, eta Eguzkialde auzoa plazaraino segurtasun osoz iritsi ahal izateko lanak, bestetik. 2015ean jaso zuten lan hauek egiteko diru laguntza eta hiru urtetan egiteko lanak zirenez, 2017an egingo dituzte.

HERRI-BIDEAK

Ohiko gastuez gain, aurrekontuan herri-bideak hobetzen jarraitzeko konpromisoa ere hartu dute. «Legealdi honetako konpromisoetako bat zen herri-bideak hobetzearena eta horretan jarraituko dugu». Lan hauekin auzoen bizi kalitatea hobetu nahi dute eta funtsean, asfaltatze lanak eta argiztapena dira lan nagusiak, baita mendi pistak egokitzea ere. «Oinarrizko zerbitzuak eman ahal izateko egokituko ditugu hainbat mendi pista, batez ere ustiapenak dauden lekuetan».

Era berean, Urdinarrain inguruan argiztapen lanak bukatzear dituztela esan du eta Amerialden asfaltatze lanak egin dituztela. «Aiztunalden auzoa argiztatzea eskatu ziguten eta hori ere egingo dugu». «Auzoetan egin edo egingo ditugun lanak eurak eskatutakoak dira, dena jasotzen dugu eta pixkanaka joango gara egiten», gaineratu du alkateak.

Gizarte zerbitzuetako partidan Berdintasun partida berezia sortu dutela ere nabarmendu nahi izan du Azkuek. «Berdintasunarekin zerikusia dutenak orain arte Gizarte Zerbitzuetako partidetatik egiten genituen, baina garrantzitsua iruditzen zaigu partida propioa edukitzea, nahiz eta Gizarte Zerbitzuetako atalean egon. Iaz ekintza jakin batzuk egiten hasi ginen berdintasuna lortzeko bide horretan eta bide horretan urrats berriak ematen jarraitu nahi dugu».

 

Inbertsio nagusiak

  • Oporlekuko irisgarritasuna. 50.000 euro.
  • Autobus parada. 80.000 euro.
  • Plazaren egokitzapena. 155.830 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!