Normaltasunera itzuli dira Munksjön

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ots. 21a, 10:17

Bukatu dira lanuzteak Elduako Munksjö paper fabrikan. Pasa den urteko urtarrilaz geroztik negoziaketetan egon dira eta lanuzteak ere egin dituzte. Lanuzte mugagabea hasteko atarian iritsi dira akordio batera.

167 langile inguru dira Elduako Munksjö Paper paper fabrikan. Bi dira langileen eskubide eta betebeharrak zehazteko erabiltzen dituzten erreferentziak; euren sektoreari dagokion Gipuzkoa mailako hitzarmena eta non stop sistemari dagokion hobekuntzaren bat ahalbidetzen duen akordioa. Gipuzkoa mailako hitzarmena iazko ekainean itxi zen eta 2018. urtera arteko indarraldia du, eta arazoa non stoparen inguruan sortu zen.

Aitor Lasa langileen ordezkariak esan duenez, pasa den urteko urtarrilean hasi ziren negoziaketetan, "non stop egiteagatik, hau da enpresa ez delako ixten –inauterietan 3 egunez ixten dute, udaran 6 egunez eta Eguberrietan 2 egunez bakarrik– hobekuntza bat egiteko aukera dugu enpresa mailan. Artikuluren bat hobetu dezakegu eta horretan egon gara". Gipuzkoa mailako hitzarmena ekainean itxi zen eta 2018ra arteko indarraldia du, enpresarekin adostu berri duten akordioak berriz, 2021a bitarteko indarraldia du.

2016. urte hasieratik

2016 urte hasieran jo zuten langileek enpresarengana negoziatzen hasteko, baina enpresak Gipuzkoa mailako hitzarmena itxi arte itxaroteko eskatu zien eta hala egin zuten. "Ekainean itxi zen hitzarmena eta beraiengana joan eta non stopa ixteko eskatzera joan ginen, baina hitzarmenean puntu horri dagokion blindatze bat eman zela esan zigun eta ezin zela aldaketarik egin. Guk ez genuen horrela ikusten, blindatze hori non stoparen babes bat zen enpresak artikuluak aldebakarrez aldatzeko eskumena ez izateko. Gure ustez blindatze horrek zekarrena zen balizko aldaketak adostutakoak izan beharko direla", esan du Lasak.

Tira-birak tira-bira pasa den irailean erabaki zuten langileek zerbait egiten hastea. "8 orduko geldialdiak egiten hasi ginen, lan-txanda bakoitzean lau egun. Egutegi itxia egin genuen iraila eta azaroa artean. Hala ere, enpresak PRECOra deitu zigun negoziatzeko, baina ez ginen akordioetara iritsi. Enpresak ez zuen eskaintzarik egiten. Non stopean artikulu pila bat daude eta beste enpresa batzuetan horiek urtero berritzen dituzte, baina guk ez, eta gure eskaera zen horiek ikusi eta eguneratzea. 20 urte hauetan sinatu diren gauza guztiak dira non stop akordioa guretzako, eta beraientzat ez".

Enpresaren negoziatzeko borondate eza ikusita, abenduan apirila bitarteko lanuzteak zehaztu zituzten, hauek indartuz; langile bakoitzak 11 eguneko greba egitea adostu zuten langileek. Baina horren aurrean enpresak beste eskaintza bat egin zuen, "dirutan eta baita blindatzeari dagokionez, baina guk mailen inguruan ere hitz egin nahi genuen. Gure enpresan maila baxuena dutenei igotzea eskatzen genuen. Guretzako zerbait sinbolikoa zen". Azken eskaera honen inguruan egon dira bueltaka azken hilabeteetan. Azkenean enpresak ez du maila baxuenean daudenei igotzeko eskaera onartu eta langileek uko egin diote eskaera honi dirutan egindako hobekuntza bat onartuz. "Jendea erre da eta gaia konpondu behar zela esaten zuten asko, eta horretarako bide bakarra mailaren gaiari uko egitea dela ikusi dugu. Dirutan hobekuntzaren bat eginez gero, horri uko egingo geniola esan genion enpresari eta bestela lanuzte mugagabearekin hasiko ginela, azken bileran hori bozkatu baitzen". 

Azkenean adostasunetara iritsi dira beraz, Elduako paper fabrikan. 2018. urtera arteko lan hitzarmena dute mahai gainean, eta baita 2021a bitarteko non stopari dagokion akordioa.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!