«Seme-alabek esaten duguna baino, egiten dugun hori ikasten dute»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko abe. 22a, 08:02

Soziologian lizentziaduna eta sexologian aditua da Axier Blagietto. ‘Indarkeria sexistaren prebentzioa nerabezaroan’ tailerra eskaintzekoa zen gaur, Berastegin, baina deialdia atzeratu dute. Urtarrilean egingo dute tailerra.

Indarkeria sexista izango du hizpide Arremanitz kooperatibako Axier Bagliettok (Eibar, 1975) urtarrilean, Berastegin, eskainiko duen saioan. Nerabezaroan dauden seme-alabak dituzten gurasoei zuzendutako tailerra eskainiko du, hain zuzen. Gizartea eraldatzeko oinarriak etxean eraikitzen direla dio Bagliettok eta prebentzioa landu behar dela nabarmendu.

Zeintzuk dira gaur eskainiko duzun tailerreko helburuak?
Gurasoei zuzendutako gogoeta saio bat egingo dugu. Nire helburua da alde batetik, indarkeria matxista ulertzeko ikuspegia eskaintzea, indarkeria matxista zer den eta norainokoa den ulertzeko datuak ematea, alegia. Bestetik, gurasoentzat kezka iturri diren egoeren berri ere jaso nahiko nuke, horrela guraso bezala egin dezaketenaren inguruko gogoeta egin ahal izango dugu elkarrekin.

Eta zeintzuk dira bada, gurasoen kezka nagusiak?
Normalean indarkeria nesken gurasoentzat izaten da kezka iturri, mutikoen gurasoek gutxitan hartzen dute kezka bezala. Hori ere bada elementu bat guk landu nahi izaten duguna. Gure ustez arreta jarri behar zaio indarkeria eragiten duen horri, eta ez alderantziz. Kasu honetan, mutilok gara, indarkeria matxistaren eragile nagusiak eta beraz, mutil guztiekin lanketa egin beharko litzateke etxean horrelako jarrerak gaitzetsi, detektatu eta aurre egiteko. Kontzientzia bat sortu nahi dugu.

Indarkeriaren iturburura ez jotzeko joera al dugu?
Orokorrean indarkeria matxistaren ikuspuntua horixe da. Ikusten duguna da burutik ondo ez dauden zenbait gizonen jarreratzat hartzen dela eta ez sistemikoa eta sistematikoa den indarkeria bat bezala. Honek guztiak lotura zuzena du eraiki ditugun maskulinitate eta feminitate ereduekin. Ikuspegi oker horrek eragiten du gurasoak asko jota euren alabak babestea, baina ez euren jarrerak berrikustea edota semearen jarreran arreta jartzea.

Gurasoek eguneroko jarrerak berrikusi beharko lituzkete, beraz.
Garrantzitsua da ikuspegia zabaldu eta gurasoei guraso bezala duten lana ikusaraztea. Neska-mutilei arreta jarri eta indarkeriaren gaia mahai gainean jartzea komeni da, baina nik nabarmendu ohi dut seme-alabek azkenean guk egiten dugun hori ikasten dutela, esaten dugun hori baino gehiago. Horregatik da garrantzitsua ikustea etxeetan elkarri erantzuteko espazioak sortzeko gai ote garen edo zein neurritan den posible errespetuzko harremanak lantzea. Ezinbestekoa da gatazkak edo desberdintasunak nola kudeatzen ditugun berrikustea edo zigorrak erabiltzen ditugun edo ez ikustea. Honek guztiak lotura zuzena du indarkeria matxistarekin.

Nerabeak gure erreflexua direla, alegia.
Kaletik ereduak jasotzen dituzte, baina abiapuntua etxean dago, eta etxean oinarri on bat jasoz gero, errespetatuak izan badira, eta gurasoekiko harremanean justizia eta borondate ona ikusi badute, seguruenik kanpora atera eta kalean beste eredu batzuk jasoko badituzte ere, beraien jarrerak desberdinak izango dira; mugak modu enpatiko batean jarriko dituzte, errespetuz jokatuko dute...

Muturreko egoeratan bakarrik ematen al da indarkeria fisikoa?
Oso gutxi dira indarkeria fisikoa erabili behar izaten duten tratu txar emaileak. Guk beti esaten dugu indarkeria fisikoa eragiten duena tratu txar emaile ez eraginkor bat dela. Alegia tratu txar guztiak dira psikologikoak eta horiekin nahikoa izaten ez duenak jo behar izaten du kolpeetara. Horregatik jarri behar zaio arreta indarkeria ez muturreko horri, ez dago masailekorik eta abar, baina nola moldatzen gara etxean? Bestearen izaera errespetatzen al dugu?

Zer egin dezakegu beraz, indarkeria matxistari aurre egiteko?
Indarkeria matxistaren arreta gunea zabaldu behar dugu, indarkeria matxista gauzatzen da harreman pertsonaletan, erakunde eta toki askotan... eta ideologikoa ere bada. Gure aurreiritziekin edo begiratuekin, indarkeria matxista areagotzen ari gara. Indarkeria txiki asko daude; adibidez, gizarte hau eusten bada emakume askok zainketa lanak debalde egiten dituztelako da, besteak beste, eta hori ere indarkeria da. Lana ez aitortzea, gutxiestea, ezkutatzea... hori dena pertsonen autoestimuan du eragina eta hori ere indarkeria matxista da.

Geroz eta gehiago entzuten den mikromatxismoetaz ari al zara?
Mikromatxismoak dira bai, baina kontuz, batzuk pentsatu dezakete mikro izanagatik ez duela garrantzirik, ez dutela kalte handirik egiten, eta ez da horrela. Horren ikusgarriak ez diren indarkeriez ari gara, baina min izugarria egiten dute eta hartzailearen autoestimua asko kaltetzen dute. Indarkeriaren funtzioa dominazioa lortu eta berrestea da. Eta horretan mikro horiek garrantzia handia dute. Askok diote geroz eta indarkeria zantzu gehiago daudela. Hori batetik lotuta dago mugimendu feministek egindako lanarekin, izan ere orain gauzez gehiago jabetzen gara. Bestetik, matxismoaren legitimitatea ahultzen ari da. Gaizki ikusita dagoela esango nuke. Aurre egin behar diogu honi bere osotasunean, pentsamendutik hasita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!