Berastegiko udal gobernuak hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako; tartean jabetze eskolak zer diren azaltzeko tailerra edo indarkeria sexistaren prebentzioa nerabezaroan hizpide duena.
Gaur, asteartea, jabetze eskolak zer diren azaltzeko tailerra egingo dute. Herriko emakume guztiak gonbidatu dituzte ekitaldira bertan emakumeen jabetzea zer den azalduko baitute. Tailerra 17:00etatik 19:00etara izango da, udaletxean.
Bihar berriz, desfibriladorea nola erabili ikasteko tailerra egingo dute. 18:30ean herriko elkarteetako kideei zuzendutako saioa egingo dute eta 19:30ean, herritar orori zuzendutakoa, udaletxean.
Ostegunean Indarkeria sexistaren prebentzioa nerabezaroan ikastaroa eskainiko dute, nerabezaroan dauden seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta, 18:00etatik 20:00etara, udaletxean. Egitarauarekin bukatzeko, herri batzarra egingo dute ostegunean, 21:00etan pleno aretoan. 2017ko aurrekontu eta egitasmoak eta hirigintza lanak izango dituzte hizpide, besteak beste.
Bestalde, asteburuan zehar Elkartasun Azoka izan dute berastegiarrek. Herritarrek bildutako bigarren eskuko materialekin egin ohi dute azoka eta biltzen duten dirua Etiopiako Wukroa bidaltzen dute.
Aurten 566 euro jaso dituzte eta antolatzaileek parte hartze handia nabarmendu dute. «Oso pozik gaude jasotako erantzunarekin, bai gauzak ekartzerakoan eta baita erosteko garaian ere», esan dute.