Kulturaren bilgune izango den txokoak jaso du herritarren lehen bisita

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 21a, 11:48

Ostegunean herriko txikienekin eta atzo instituzioetako ordezkariekin eta herritarrekin inauguratu dute Berastegiko udaletxean kokatuta dagoen kultura solairua; herritarrekin egindako inauguraziora herritar ugari joan ziren, solairua erabat betez.

Ostegunean eskolako txikiek bisitatu zuten solairua, eta bereziki liburutegian 0-12 urte bitarteko haurrentzat kokatuta dagoen guneaz gozatzeko aukera izan zuten. Gainera, liburutegiari lotutako marrazkiak egin zituzten eta jada bertan jarri dituzte, liburutegiari euren ukitua emateko.

Atzokoan, ostiralean, inaugurazio ofizialaren eta herritarren txanda izan zen. Goizean, Amaia Azkue alkatea eta udaleko zinegotziak, Lierni Garziarena liburuzainarekin batera, izan ziren inaugurazio ofizialean. Bertara gonbidatu zituzten Iñaki Labaka Beristain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Orekako Zuzendaria, eta Elena Gutierrez Perez del Notario, Eusko Jaurlaritzako Lurralde eta Nekazaritza Garapenerako zuzendaria.

Kultura solairuan bisita gidatu bat egin zuten. Hasi liburutegiko txoko ezberdinetatik, talde lanak egiteko dagoen gelara. Ondoren, Kz gunera, eta azkenik, herriko eragile, elkarte eta taldeentzat bilgune den bilera gela, ikasgela eta balio anitzeko gela bisitatu zituzten.

Bisitaren ostean, hitzartzeko ordua izan zen, eta Amaia Azkue alkateak, "eskerrak" eman nahi izan zizkien Diputazioko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariei  eurek emandako diru laguntzak "ezinbestekoak" izan direlako proiektua garatzeko. Aipatu, kultura solairuak 318.000 euroko inbertsioa suposatu duela. Horietatik 155.000 udalak hiru urtetako aurrekontuetan islatu duena, eta gero, 162.000 euroko laguntza jaso dute, Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ezberdinekin.

Espazioak herriko elkarte, eragile eta taldeak biltzeko aukera ematen duela azpimarratu zuen, eta liburutegiak eskainiko duen zerbitzuaren berri ere eman zuen Azkuek. Izan ere, astelehenetik ostiralera egongo da zabalik 10:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara. Zerbitzu "erabilia" izango dela aipatu zuen, herritarrak proiektua amaitzeko "zain" izan baitira.

bestalde, udal eraikina berritzeko 2012an hasitako proiektua "pixkanaka aurrera eramaten" ari direla ere aipatu zuen, 2013an udal bulegoak zabaldu zituztelarik, eta aurtengoan osasun zentroa eta kultura solairua zabalduta borobildu dutelarik.

Gero, Iñaki Labakak hartu zuen hitza eta berak herri txikientzako horrelako zerbitzuak eskaini ahal izateak duen garrantzia azpimarratu zuen. Elena Gutierrezek ere herri txikietan horrelako zerbitzuak egoteak duen garrantzia azpimarratu zuen, izan ere, bere hitzetan "oso zaila da landa guneetan bizi garenok hiriguneetan bizi direnen baldintza berak izatea". Bestalde, "oso garrantzitsutzat" jo zuen horrelako bisitetan instituzioetako eta herrietako ordezkariek hausnarketak konpartitu ahal izatea, proiektuak "aurrera eraman ahal izateko" eta "administrazio guztiek babesteko".

HERRITARREK LEPO BETE ZUTEN SOLAIRUA

Goizeko inaugurazio ofizialaren ostean, iluntzean herritarren txanda iritsi zen. Ekitaldi berezia prestatzea lortu zuten, kultura solairuaren erabiltzaile izango diren taldeekin batera, eta herritarrengandik izugarrizko erantzuna jaso zuten. Adin ezberdinetako herritar ugari gerturatu zen ekitaldira, eta solairua handia izan arren lepo betetzea lortu zuten. Antzerki taldeko kideek gidatu zuten herritarren bisita, umore giroan, eta bisitan zehar geldiune ezberdinak egiten joaten ziren bitartean, herriko eragile ezberdinek parte hartzen zuten: batukada taldea, dantzariak, herriko bertsolariak eta Jone Gorostarzuren poesia errezitaldia izan zituzten besteak beste.

Amaieran, bertan bildu ziren herritar guztiek mokadutxoa egiteko aukera ere izan zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!