Belauntzara doan errepidea zabaltzeko lanei ekingo dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Silvia Moneo Belauntzako alkateak aurkeztu dute proiektua, gaur, eta Mariano Lazkano alkate ohia gogoan izan dute, haren eskaerari erantzunez iritsi baita, egitasmoa.
Horrela, Ibarratik Belauntzara doan bidegurutzean izango da esku-hartzerik nabarmenena. Moneok azaldu duenez, berau da gunerik gatazkatsuena, industriaguneko lantegi batek gero eta pieza handiagoak egin, eta pasatzeko arazoak izaten baitituzte. Horrela, bidea zabalduko dute errail bakoitzari 3,15 metro emanez, eta aldapa hasieratik herriraino espaloia ere jarriko dute. Maldaren pendiza ere arindu nahi dute foru aldundiko teknikariek. Modu horretan, oinezkoen bidea hobetu eta autoentzako bide zabalagoa egokituko dute lanek. Aurrekontua 120.299,11 eurokoa izango da, eta lanek hiru hilabete iraungo dute. Obra esleitu dute jada.