[Herriz herri] Baliarrain: Bizirik mantentzea da erronka

Imanol Garcia Landa 2016ko eka. 10a, 10:26

Gipuzkoako herri txikienetakoa da Baliarrain—148 biztanle zituen iaz—. Herritar kopuru txikia izateak ere eragina izango zuen azken udal hauteskundeetan izan zuten egoera berezian. 

2015eko maiatzean izan ziren udal hauteskundeak, eta ez zen zerrendarik aurkeztu. Abenduan, berriro egin ziren, Espainiako Kongresurako hauteskundeekin batera, eta, haietarako, herritarrek osatutako zerrenda bat aurkeztu zuten.

Sei hilabete daramatza, beraz, udal talde berriak Baliarrain kudeatzen. Olatz Iriarte dago alkate, eta gogora ekarri du prozesu hori guztia nola izan zen: "Hasieran, pixka bat urruti ikusten nuen gaia. Ez zen udal zerrendarik atera, eta horrek Martzelino Dorronsoro alkate ohiari tristura handia eragin zion, berak egindako lanak segidarik ez zuelako izan. Gero, beste sei hilabete horietan, talde txiki bat egitea lortu genuen herrian izan zen prozesu baten inguruan. Talde horren buru neroni atera nintzen, alkate izango zena. Ezustekoa izan zen, ez baikenekien zein izango zen. Azkenean, herria aurrera ateratzeko gogoz sartu ginen". Udalgintzarekin lotuta, egun berezia izan zuen herriak orain gutxi, hogei urtez alkate izan den Dorronsorori omenaldia egin baitzioten. "Egun polita izan zen", azaldu du Iriartek. "Herritar talde bat hasi ginen elkartzen, hogei urte pasatu ondoren esker oneko omenaldi bat egitea ikusten genuelako". Maiatzaren 1ean herritar ugari biltzen dira txekor jatea egiteko, eta egun hori aprobetxatu zuten "ekitaldi xumea" egiteko. "Martzelinok eskertu zuen, eta asko gustatu zitzaion".

Azken sei hilabeteen balantzea egitean, Iriartek beste herrien martxarekin alderatu du: "Gu sei hilabete beranduago sartu ginen, eta leku hartze hori beranduago izan dugu". Balantze positiboa egin du. "Hori bai, denbora behar da. Ikasteko asko balio du, eta herriak nola funtzionatzen duen jakiteko beharrezkoa da, ikusten delako bakoitzak zer lan dituen eta zer eginbehar dauden. Asko erakutsiko digun prozesu bat izango da".

Udal taldean dauden bost kideetatik lau berriak dira eginkizun horretan, eta sei hilabete hauetan beren burua "kokatzen" saiatu dira. Iriartek azaldu duenez, "gauza asko entzuten dira herritar gisa, baina, gero, udal taldean zaudenean, ikusten duzu nola funtzionatzen duen".

Zerrenda aurkezterakoan, herritarren parte hartzea eskatu zuten udalaren jarduera aurrera eramateko. "Aurreko legealdian bazeuden martxan kultura eta hirigintza batzordeak, eta horiek mantentzen dira. Herritarrek parte hartzen dute, eta horrek erabakiak hartzea errazten dizu, batzordeetan azaltzen baitituzu gauzak. Herriko jende ezberdinak parte hartzen du". Bestelako batzordeak ere badaude; festetakoa, adibidez. "Denetan, bakoitzak lan pixka bat egiten du, eta betiere errazagoa da gauzak aurrera ateratzea".

Herrirako bidea zabaltzea

Proiektu jakinei dagokienez, alkateak dio egitasmoak lantzen ari direla diru laguntzak iritsi ahala. "Orain, baserrietako bideak konpontzeko diru laguntzak atera dira, eta eskaera bat egina dago". Beraien lana, orokorrean hartuta, "dauden gauzak txukun mantentzea" dela gaineratu du.

Aurreko legealdietatik datorren proiektuetako bat herrira doan bidea zabaltzea da. "Proiektua hor dago, mahai gainean. Diputazioko errepideen departamentuan dago proiektua, baina oraindik zintzilik, sartu ginenean bezalaxe. Ez da inongo aurrerapenik egin. Beraiek esan behar dituzten gauzak dira, azkenean. Guk herriko kontuak lotuak ditugu, lursail batzuk jan egingo dituelako, eta hori hitz egina dugu jabeekin. Orain, aldunditik eman behar dute pausoa". Hori horrela, oraindik ezin dute zehaztu lanak noiz hasiko diren.

Ibiur urtegia inguratzen duen bidea konpontzeko proiektua ere mahai gainean du Baliarraingo Udalak. "Bidea nahiko gaizki dago; luiziek hondatu egin dute", esan du Iriartek. "Oraindik ez da ezer egin, bata besteari pilota pasatzen ari da, eta guri herri gisa interesgarria iruditzen zaigu bide horiek txukun izatea". Kontuak aurrera doazen arren, "mantso" doaz: "Gu bakarrik ez gara horrekin aurrera joan behar dutenak".

Urtegiko inguruarekin lotuta, bada beste proiektu bat: Abaltzisketako Larraitz auzora doan bidea txukundu eta seinaleztatzea. "Azkenean, jendea erakartzeko zerbitzuak dira. Herriari bizitza ematen dioten gauzak atera behar dira aurrera".

Hori da, hain justu, Baliarrain bezalako herri txiki baten erronka nagusietakoa, Iriartek dioenez: "Herria hiltzen ez uztea, herriak aurrera jarraitzea, bizirik mantentzea". Eta gaineratu du bide horretan hainbat zerbitzu izatea garrantzitsua dela; tartean, haur eskola: "Egun, haur asko daude Baliarrainen, eta haurreskola izatea garrantzitsua da. Jaiotza batzuk ere izango dira aurten, eta horrekin pozik gaude, beharrezkoa baita herriari bizia emateko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!