«Zergatik borrokatu behar dugu? Luziak ez dio inori minik egiten»

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 7a, 16:04

Chrysalis haur transexualen gurasoen elkarteak abiatutako 'Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak' kanpainari erantzun nahi izan dio Hazteoir antolakunde ultrakatolikoak martxan jarri berri duen ekimenak. Abi Labaien elkarteko kideak esan duenez, pozik daude gizarteak eta erakundeek emandako babesarekin: "Denek bizkarra eman diote autobusari eta kanpainari, beraz, nahiko lasai gaude".

Chrysalis elkarteko kidearen arabera, zabaldu duten informazioa "funtsik gabea" da. "Biologian sustatzen dituztela euren baieztapenak diote, baina, biologiari begira hasten bagara, gaur egungo ikerketa zientifikoei, jakina da, identitate sexuala ez dagoela hankartean, buruan baizik. Egia da ia beti zakila duen pertsona bat mutila dela, baina, ez beti. Gure garuna sexuatzen da maskulinoan ala femenioan, eta orokorrean maskulinoan sexutua badago genitalak ere bai, baina, ez beti. Eta hori dagoeneko ikerketetan dago".

Antolakunde ultrakatolikoak autobus eta autokarabana batean zabaldu asmo duen mezua Chrysalis elkartearen mezuaren kontrakoa da: "Mutilek zakila dute, emakumeek bulba. Ez zaitzatela engaina. Gizon jaiotzen bazara, gizona zara. Emakumea bazara, hala jarraituko duzu." Bada, antolakundeari mezu horrekin errepidera irteteko debekua ezarri zion Madrilgo epaitegi batek, eta mezua aldatu dute, adierazpenaren ordez, galdera ikurrak jarriz.

Labaienek esan duenez, knpaina hori, Chrysalis elkartearentzat "oso positiboa" bilakatu da. "Gure mezua, errealitate bat aurkezten duen mezua gehiago zabaldu eta ulertzeko balio izan du, jendeak ulertu duela ikusi dugu; egia daguretzat nekagarria izan dela hori jasan beharra, baina, era berean, positiboa izan da mezua nola zabaldu den ikustea".

Asteasuarrak berak onartzen du, duela gutxira arte, berari ere transexualitatearen gaia ezezagun zitzaiola: "Orain bi urte galdetu izan bazenit transexualitatearen inguruan, nik neronek ere ezer gutxi nekien, eta agian nuen ideia aurreiritzi puntu batekin nuen. Pixkanaka ulertzen joan naiz, eta oso sinplea den gauza bat ikusten, alegia, badirela zakila duten neskak eta bulba duten mutilak; beste ezaugarri bat da, ezaugarri bereziagoa, ez delako hain ohikoa, baina, beste ezaugarri bat".

Autobusa edo karabana Euskal Herrira etortzen bada, Chrisalys elkarteko kideek euren lanean jarraituko dutela dio Labaienek. "Ez gara euren aurka aterako, eta gure xedearekin jarraituko dugu, gure mezua kalera ateratzen, gure seme-alabek ahalik eta zoriontsuen bizi daitezen".

Bere seme-alaba gaztetxoenek ez dute autobusaren eta kanpainaren berri izan, baina, helduenari gertatzen ari dena azaldu diotela dio Abi Labaienek: "Esan genion borrokatu egin behar dela gauza batzuen aurrean, eta berak erantzun zigun ea zergatik borrokatu behar den, Luziak ez baitio minik egiten inorri". Hunkituta geratu zela semeak emandako erantzunarekin dio: "Zein erantzun sinplea eta polita. Guk horrela jarraitu nahi dugu, bai guk, bai eta elkarteko familia guztiek ere. Haurrak bizi daitezela pozik, ahaztu ditzatela autobusak eta horrelako tontakeriak, eta jolas dezatela alai".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!