Asteasuko herri bideak, bilduta

Jon Miranda Labaien 2017ko ots. 21a, 08:03

2016an zehar, Asteasuko herri bideak eta ondare kulturala jaso eta dokumentatu du Patxi Arzamendi herritarrak udalak agindutako lanean.

Garai bateko herri bideak eta kultur ondarea dokumentatu ditu Asteasuko Udalak. Galtzen ari diren bideak dira horietako asko eta adinekoekin batera betiko desagertu ez daitezen egin dute ariketa. Horretarako, tarteka udalek berritu behar izan duten herriko ondasunen inbentarioa erabili dute aitzakiatzat, Pili Legarra alkateak esan duenez: «Bideena izaten da inbentarioaren atal bat eta gehienetan, bide printzipalak, asfaltatutakoak baino ez dira jasotzen bertan. Guk badakigu, ordea, beste bide asko dagoela Asteasun jendearen memorian gordeta».

Azterketa sakon bat egin beharra zegoela erabaki zuen udalak eta lan hori egiteko mandatua eman zion Patxi Arzamendi herritarrari. Historiagilea da eta eskualdeko beste hainbat herritan aritua antzeko lanetan. 2016an zehar burutu du azterketa eta bilketa osoa egiteko liburuak eta mapak arakatu ditu. «Tolosako jabegoaren erregistroan eta Asteasuko artxibo historikoan aritu naiz ikertzen», esan du Arzamendik. Hala ere, herritarrekin izan dituen solasaldietan jaso du informazio mamitsuena. 112 asteasuar elkarrizketatu ditu urtebete pasatxoan.

Auzobideen katalogo irekia egin du Arzamendik eta fitxetan eta argazkiz lagunduta eman ditu: «Bide bakoitza nondik nora doan, zein izen eta ezaugarri dituen, egoera onean ote dagoen, zenbateko luzera eta zabalera duen, nolako zorua duen... hori guztia jaso dut fitxetan».

Auzo bide hauek zein garaikoak diren ere zehaztu du ikertzaileak eta bi multzotan banatu ditu, kanporako bideak eta barnekoak. «Auzo bakoitzera eta ondoko herrietara doazen bideak daude alde batetik, baina bestetik herri barruan ere asko dira. Elizara edo hilerrira doazen gorputz bide sakratuek garrantzi handia zuten bere garaian eta baita baserrien artekoek ere».

Toponimia berria

Añorga etxea, Urtzoko txokoa, Badaia lursaila, Sagain mendia, Upazan auzoa, Malenbaso basoa, Langatxeta borda... Asteasuko leku izenak dira guztiak eta azterketa egiten aritu den bitartean toponimo berriak ere aurkitu ditu Arzamendik. «Herriko txoko asko zeharkatu ditut oinez eta sorpresa atsegin asko jaso ditut. Garai batean Goiballaratik herrira jaisten ziren gurdiek zoruan utzitako markak edo pagotzar ikaragarriak topatu ditut». Izan ere, herri bideen katalogoa egitearekin batera, kultur ondarea gaika sailkatu du Asteasuko historiagileak: mugarriak, nekazaritzarako tresneria, karobiak, erlijio eraikinak eta natur baliabideak, esaterako.

«Aberastasun handia dago Asteasun eta garrantzitsua da hori guztia jasota egotea», Legarraren ustetan. Udaletxeko artxiboan gordeta geratuko da Arzamendiren lana etorkizuneko belaunaldiek kontsultatu ahal izan dezaten. Bigarren fase baterako bidea zabaltzen duela ere aitortu du alkateak: «Herri bideak dokumentatuta geratu dira eta aurrerantzean ikusi beharko da bide horietako bakoitza zein egoeran dagoen eta zein jarduera egin daitekeen bertan».

Arzamendik egin duen landa lanean topatu ditu bideetako batzuk, ganaduak ihes egin ez dezan itxitura jarrita, edo besterik gabe, utzita eta sasiak janda. «Herri bideak dira eta pasabiderako libre geratu beharko lukete», dio alkateak. Aurrerantzean herri bide horiek egokitu eta ibilbide batzuk prestatzeko aukera buruan darabilte Asteasuko Udalean. Lehen pausoa emana dute, behintzat, azterketa honetan bide horiek guztiak jasoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!