Esteban eta Nuño garaile

Ane Urkola 2016ko abe. 8a, 17:33

Ismael Esteban eta Aida Nuño izan dira garaile Asteasun; hurrengo proba Igorren jokatuko dute, igandean.

Aitzondo Txirrindulari Elkarteak antolatutako ziklo-kros proba izan da ostegun goizean Asteasuko Elizmendi auzoko zelaian. Zuia eta Igorreko probekin batera, Asteasuko Nazioarteko probak osatzen du Challenge-Euskadi zirkuitua. Puntako txirrindulariak ikusteko aukera izan da Asteasun: Lars Boom munduko txapeldun izandakoa. Italia, Belgika, Herbeheretatik eta Espainiako Estatutik etorritako txirrindulariek ere parte hartu zuten proban.

Maila ezberdinak, lehian

Masterrentzako karrerarekin hasi da proba, eta sei buelta egin dituzte. 30-40 urte bitartekoetan, Adolfo Martinez izan da garaile; 40-50 urte artean Cástor Gonzalezek irabazi du, eta 50 urtetik gorakoetan, Andoni Gartziak eskuratu du lehen postua. 10:00etan, kadeteen txanda izan da. Bost bira egin, eta lehenengo postua Haritz Felix Azurmendik lortu du 30 minutu eta 51 segundorekin. Bigarren, Mikel Orbea geratu da 22 segundora, eta Iñaki Guarestik osatu du podiuma, 42 segundora. Juniorretan, berriz, Xabier Murias izan da garailea, Jon Polledoren eta Aketza Aranaren aurretik. Lehia estua izan da, bi segundoko aldea izan baitute lehenengoaren eta bigarrenaren artean.

Emakumezkoen txanda izan da eguerdian. Aida Nuñok irabazi du proba eta Lucia Gonzalez izan da bigarren. Hain zuzen, Gonzalez izan da 23 urtez azpikoetan lehena. Hirugarren postua, berriz, Eider Merinok lortu du. Gizonezkoetan, elite eta profesional mailan, Ismael Estebanek irabazi du. Bigarren postua lortu du Stan Godriek, eta hirugarren geratu da Aitor Hernandez. Oso lehia estua izan da: lehenengoaren eta bigarrenaren artean 60 ehunenekoen aldea egon da; bigarrenaren eta hirugarrenaren artean, berriz, bederatzi ehunenekoena. 23 urtez azpikoetan, Felipe Orts valentziarra izan da lehena. Jokin Alberdi zizurkildarrak 23. postua lortu du, ia bost minutura. Gustura hasi da, baina bigarren itzulian onenekin zihoala katea atera zaio eta proba amaieran haserre zen zizurkildarra.  

Igandean jokatuko da Igorreko proba eta bertan erabakiko dira Challenge-Euskadi zirkuituaren irabazleak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!