Liburuen merkatu txikia antolatu dute Anoetako liburutegian

Iñigo Terradillos 2017ko api. 25a, 08:00
Anoetako liburutegian bihar arte jarrita egongo da merkatu txikia. JON MIRANDA

Atzo zabaldu zuten eta bihar arte liburuak «prezio merkean» erosteko aukera izango da. Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu dute ekimena.

Partikularrek dohantzan emandako liburuak, erakunde publikoetatik bidalitako argitalpenak eta liburutegiko xahuketak jarriko dituzte egunotan salgai Anoetako udal liburutegian. Merkatu txikia prestatu dute eta zabalik izango da gaur, 16:00etatik 19:30era eta bihar goizez ere bai, 11:00etatik 13:30era.

Liburutegiaren erdigunean kokatutako mahai batean egongo dira salgai liburuak. Hiru euroan berrienak, gainerakoak euro batean eta 50 zentimotan umeentzako liburu txikiak. Edurne Martinez liburuzainak aditzera eman duenez, «doan jarri genitzakeen baina iruditzen zaigu liburuari balioa eman behar ziola. Autorengandik hasita, kate horretan jende askok hartzen du parte eta lan hori aintzat hartu behar dela uste dugu». Jendea merkatu txikira erakartzeko, liburutegi atarian ere mahai bat jarri dute egunotan.

 



2015eko urrian inauguratu zuten Anoetan udal liburutegia. Espazio «eroso, zabala eta erakargarria» da Martinezen esanetan. Iaz egindako zenbaketaren arabera, 10.493 liburu dituzte bertan. Horiek maileguan hartzeko aukera ematen dute, baina Euskadiko Irakurketa Publikoko sarean daudenez, beste liburutegietako liburuak ere eska ditzakete erabiltzaileek.

2016an, adibidez, 8.200 izan ziren Anoetako udal liburutegiko erabiltzaileak. Horietatik 2.593 lagunek mailegatu zuten liburu bat eta 451k ikus-entzunezko materiala, nagusiki umeentzako DVD-ak.

Martinezen esanetan, gehienbat, 0 eta 8 urte bitarteko umeak dira liburutegia erabiltzen dutenak. «Gazteek liburuak ez hainbeste, baina beste era batera irakurtzen dute, internet bidez, batez ere». Anoetako liburuzainak, liburutegia erabiltzera eta helburu horrekin antolatu duten merkatu txikira gerturatzera animatu ditu herritarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!