Arazoetatik ihesi luzaroan

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko urt. 19a, 08:14

Errefuxiatuen inguruko errepasoa egiten duten irudien erakusketa ikusgai dago Anoetako Udal Liburutegian; urtarrilaren 31ra bitarte zabalik egongo da.

Jakina da bizi garen mundu globalizatu honetan, migrazioak sekulako indarra hartu duela; batez ere, azken urteetan. Hala ere, 1840tik 1914ra bitarte gertatu zen historiako jende mugimendurik handiena: 50 milioi europarrek kontinentetik alde egin zuten. XX. mende erdialdera arte baina, ez zioten erantzunik eman egoera horri.

Hain zuzen, honela dio 1948an idatzitako Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko hamalaugarren artikuluak: pertsekuzioa jasaten duen orok eskubidea du babesa eskatzeko. Nazioarteko zuzenbidean errefuxiatu izaera onartzeko, berriz, hiru modu nagusi daude: asiloa eskatzea, babes subsidiarioa izatea, edo babes humanitarioa izatea. Halaber, errefuxiatu izaera onartzea baino konplexuagoa izaten da askotan errefuxiatuek bizi duten egoeraz jabetzea, eta hori da Anoetan ikusgai jarri duten Errefuxiatuak, ongi etorri erakusketaren helburu nagusia.

Horren guztiaren harira, Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeria-ko kideak hitzaldia eskaini zuen astelehenean. «Herritarron gaitasuna eskasa da Europak indarrean jarri duen politikari aurre egiteko, eta jendearekin lan eginez, babesa ematea posible dela» ohartarazi zuen.

Errefuxiatu askoren abiapuntua, Sirian 2011n lehertutako gerra izan zen; ordutik hona, ihes egitea izan da bizirauteko aukera bakarra askorentzat. Ideia horretatik abiatuta, erakusketak errepaso moduko bat egiten du. Bertan, besteak beste, pertsonalitate oso ezagunak errefuxiatuak izan direla ere ikus daiteke, «edonoiz edonori tokatu dakiokeela kontzientziatzeko». Horien artean azpimarratzekoa, Albert Einstein fisikaria, oinarri juduak izateagatik ihesean ibilitakoa.

ASILOa eskatzera behartuta

Bigarren Mundu Gerraren ostean eraikitako asilo eta babes sistemek, zerikusia dute migrazioarekin, baina bereizi egiten dira. Asiloa eskatzen duen pertsona batek ezin du bere jaioterrira itzuli, eta itzuliz gero, ez da errefuxiatutzat onartzen. Bertol Brecht idazleak ere, honen inguruko gogoeta bat egin zuen bere poema batean: errefuxiatuek bere izaera propioa dute, ez dute beraiek erabaki leku batetik alde egitea, baizik eta behartuak izan dira, beraien edo beraien senideen bizitza galtzeko arriskuan.

Ordutik hona, munduko lurralde askotan egon dira mugimenduak. Kenyak edo Etiopiak, esaterako, 2014an, Europar Batasunak bezain beste pertsona hartu zituzten. Eta 2015ean asiloa eskatu zuten asko, emakumeak edo adingabeak izan ziren. «Egoera berezi horien kasuan ere bereizketa bat egiten da». Erreferente edo gurasorik gabeko adin txikikoak beste multzo batean sartzen dira, neska-mutil horiek babes berezi baten beharra dute. Sonia Azul, Facebooken ekintzaileetako baten ustez, haur errefuxiatuak, «Sirian ikaraz negar egitetik Europan penaz negar egitera» etortzen dira.

Aipatzekoa da munduko pertsona errefuxiatuen %49 emakumeak direla, eta haietariko askok haurrak dituztela zaintzeko, mugetako kanpamendutan ikusten diren moduan. Baina, Europan asilo politikak huts egin du, eta hori izan da arazoaren oinarria. Gainera, egoera horri ez zaio soluziorik eman. «Europa beti da korapilatsua eta ñabarduraz betea, sekula ez da gauza garbia».

Bestalde, nahiz eta 2011 eta 2014 urteak bitarte, erreferenterik gabeko adingabekoen asilo eskaera bikoiztu, orokorrean eskaera kopurua izugarri jaitsi da, batez ere azken urtean, gehien Alemaniak eta Suediak jasotzen dituztelarik. Zerrendaren behealdean, berriz, Espainia eta Grezia agertzen dira, bertako egoera politikoak eta baliabide ekonomikoak kontuan hartzen dituztelako. Berez, eskaera egiten da, baina behar horien aurrean, Europak emandako erantzuna mugatua da: ateak itxi, mugak ezarri eta hesi berriak altxatu; laguntza behar dutenen sarrera oztopatu.

Lehentasuna eskubideari
Guzti honen inguruan, bada egitate bat Europa kutsatzen duena: bertara babes bila etortzen saiatzen direnen kontura trafikatzen eta esplotatzen duen jendea dago; geroz eta ugariago gainera. Pertsona horiek, neurrigabeko irabaziak lortzeaz gain, errefuxiatuen bizitzak arriskuan jartzen dituzte.

Baina, Europak egindako akats handiena ez da hori izan. 2016ko otsailean erabaki bat hartu zuten: lehentasuna mugen kontrolari ematea. Unzurrunzagaren ustetan, «erabaki horretatik ezin zitekeen ezer onik atera; oinarria pertsonen eskubidean dago, eta beraz, horri eman behar zaio lehentasuna». Europar Batasunak badu gaitasuna hori egiteko, biztanleen ongizate maila munduko beste lekuekin alderatuta altuena baita, eta jasotakoak baino jende gehiago hartzeko gai da.

Europar Batasunaren barruan, lehen aipatu bezala, espainiar estatuan ematen den babesa oso txikia da. Berez, Europan egindako banaketa horren barruan, espainiar estatura hamasei mila pertsona inguruk heldu behar zuten, eta horietatik milak EAEra. Baina %5eko banaketa besterik ez da egin, eta ondorioz, «onartutako erabakiak aurrera eramaten ez direla argi eta garbi ikusten da». Hortaz, 2016a, Europak ardurak bere gain hartzean huts egin zuen urtea bezala izendatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!