Elkartasuna izan daiteke plastikozkoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 9a, 08:02

Garun paralisiari aurre egin ahal izateko olatua Lizarratik (Nafarroa) Euskal Herrira zabaldu dute Aioraren guraso eta senideek, eta baldintza bakarra du laguntzaren uholdeak: plastikozko tapoiak biltzea.

Supermerkatu eta dendetan ez dira gaurkoak, tapoiak biltzeko kanpainak eta kutxak. Gizarteari laguntza eskatzeko zubi izan ohi dira, egoera gordinen batean bizitzea egokitu zaion norbaiti bultzadatxoa emateko balio baitute, plastikozko objektu txikiek. Baina, noiz hartzen dute tapoiek laguntza forma? Bada, berrerabiltzen dituztenean.

Tapoi tona bakoitzaren truke 200 euro inguruko ordainsaria eskaintzen dute zenbait enpresak, eta tapoiak plastiko gogorrezkoak izatea da baldintza bakarra.

Eta elkartasun plastikozkoak izatea, noski. Baina osagai horren faltarik ez da izaten, herritarrek kaltetua ezagutu gabe eskaintzen baitute, ia beti, beren babesa. Azken hilabeteotan Tolosaldean bildutako tapoi kiloak dira horren erakusgarri: Lizarrako (Nafarroa) Aiorari laguntzeko uholdea ere iritsi baita eskualdera.

Mundura sortu aurretik sortu zitzaizkion, Aiorari, osasun arazoak. Kardiopatia batekin jaio zen Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia), eta erditzearen ondorengo diagnosi ilunenari aurre egin zion haurrak.

Bihotzeko arazoak, ordea, ebakuntza bat egiteko beharra sortu zuen, jaio eta hilabete gutxira Aiora anbulantzian eraman behar izan baitzuten, oso larri, Madrilgo (Espainia) Gregorio Marañon ospitalera.

«Bihotzeko transplante bat egitea zen medikuen asmoa, baina, azkenean, ez zen beharrezkoa izan. Hala ere, denbora luzez egon behar izan zuen han ospitaleratuta», azaldu du Amalur Mendizabalek. Aioraren izeba da zizurkildarra, eta senarraren eta bien artean, Nafarroako elkartasun olatuen errepika eskualderaino ekarri nahi izan zute; eta baita lortu ere.

Izan ere, Aioraren bizitzako lehen urteetako oztopoak ez ziren ebakuntza hartan amaitu: «Madrildik etxera itzuli zen, eta tarteka berrikusteak egitera joan behar izaten zuen medikuarengana. Errebisio horietako batean, beste ebakuntza bat egin behar zitzaiola azaldu zuten medikuek eta, horrela, iazko Eguberrietan, Madrilera joan ziren, Aiorak bi urte eta erdi zituela», dio Mendizabalek.

Aurreikusitako ebakuntza izaki, hiru asteren buruan Lizarrara itzultzeko asmoz ekin zioten bidaiari, baina, aurretik pasatutako estuasun guztien zerrendan, atakarik handiena gehitu zen: «Medikuak kateterismo bat egitea erabaki zuen, eta horretarako hodi txiki bat sartu behar izan zioten. Protesiarekin lanean hasi zirenean, ordea, hoditxoa haurraren barruan puskatu zitzaien, eta Aiorari bihotza gelditu zitzaion. Horren eraginez, garun paralisia du orain ilobak», azaldu du Amalur Mendizabalek.

Ate guztiak jo, halabeharrez

Madrilen hiru aste pasatzetik, hilabeteak eta hilabeteak pasatzera igaro ziren Aiora eta haren familia, haur kardiopatiak tratatzeko ospitalerik egokienetako batean egon baitzen haurra.

Bitarte horretan, Ronald McDonald fundazioak Madrilen duen etxean hartu zuen ostatu familiak: «Niño de Jesus ospitalearen atzean pabiloi handi bat dute, ospitalizatuta dauden haurren senideentzat. Hotel baten antza du, eta sukalde erraldoi bat dute, norbere otorduak-eta prestatzeko», dio Mendizabalek. Ronald McDonald fundazioak 1997an ekin zion jardun horri eta, besteak beste, McDonald´s establezimenduetan jarritako eltxetxuen bitartez finantziatzen dituzte zentroak.

Bada, zentroa etxe bilakatu zitzaien Aioraren senideei, eta haurraren osasuna egonkortu zenean, gurasoak eta ahizpa txikia Pisarantz (Italia) abiatu ziren, masaje eta postura bidezko erreabilitazio terapia batean trebatzera. «Teknika hori ikasi, Aiorari alta eman eta Lizarrara itzuli ziren, baina, orain, errealitate gordin batekin egin dute topo: horrelako osasun arazo bati aurre egitea gastu izugarria da».

Aiora jaio zenez geroztik honako bidea ate-joka ibiltze bat izan da guraso zein senideentzat, baina, egoeraren gordinetik izanda ere, pozarren daude elkartasunaren atea zabal-zabalik ireki zaielako.

Amalur Mendizabalek azaldu duenez, «Lizarrako erantzuna izugarria izaten ari da, noski, baina baita Tolosaldekoa ere». Tolosan, adibidez, hiru ikastetxeetan, Usabal kiroldegian, Kopi Bat dendan, La taberna de Khrisen, Photokafen eta The Nesten biltzen ari dira tapoiak, eta Villabonan, Adunan nahiz Anoetan ere atxiki dira laguntzaren olatura.

Herritarren iniziatibak irribarre asko marraz ditzakeela ikusi dute, eta Mendizabalek jendearen borondatea nabarmendu nahi izan du: «Anoetan Zen ikastaroa izaten da eta, prezio bat jarri beharrean, ohitura dute borondatea emateko. Bada, nire izebak ikastaroan Aioraren kasua aipatu, eta 900 euro bildu zituzten! Sekulakoa da elkartasuna».

Lorpen txikien indarra

Orain arteko bildutako tapoi eta elkartasunak, Aiorari Iruñeko terapia batean hasi ahal izateko txartela eman dio, igerilekuan. «Bere burua zutik eustea lortu du, eta pauso izugarria da hori», dio Mendizabalek.

Jada ikusten duela ere barakite, eta etxetik eskolarako pausoa ere eman berri du, eta joan den azaroaren 7an Lizarrako ikastolan hasi baitzen: «Gurasoek bilera eskatu zuten Ainhoa Aznarez Nafarroako parlamentuko lehendakariarekin, izan ere, Nafarroako gobernuak kupo moduko bat zuen ikastetxeetan, behar bereziak dituzten haurren zerbitzuak diruz laguntzeko, eta Lizarrako ikastola zen inguruan eskaintza hori zuen bakarra. Bada, kupoa deuseztatu eta ikastolan hastea lortu du».

Berri on batek bestea ekarri, eta azaroaren 30ean bere gorputzari egokitutako gurpildun aulkia eskuratu zuen Aiorak; guzti-guztia elkartasun iturrietatik finantziatu dute.

Bitartean, jendea tapoiak bildu eta bildu ari da, tapoiak eman eta eman, eta Aioraren familiaren begirada Kuban dago orain: «Sakanako mutiko bat bertan izan zen, trafiko istripu larri bat izan baitzuen. Teknika berezi horren bitartez, oinez hastea lortu du. Aiorak hiru hilabeteko tratamendu hori jasotzea aztertzen ari dira orain».

 

Bilketa

TOLOSA

Usabal Kiroldegian. Laskorain ikastolan, Hirukide Jesuitinak ikastetxean eta Samaniego ikastetxean. Kopi Bat dendan. La taberna de Khris tabernan. The Nest tabernan. Photokafe tabernan.

ANOETA

Udaletxean.

ADUNA

Udaletxean.

*** Zehaztutako guneez gain, Tolosaldean beste hainbat bilketa gune ere badira, plastikozko tapoiak jasotzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!