Larrondon behiak, zaldiak, behorrak, ahuntzak eta ardiak larreratzeko epea maiatzaren 1ean ireki eta 2018ko martxoaren 31n amaituko da. Zehazki, behorrak larreratzeko epea Pilarika egunean irekiko da, urriaren 12an, eta 2018ko martxoaren 31n amaituko da.
Izen ematea udaletxeko bulegoan egin behar da ordainketarekin batera; ardi bakoitzeko euro bat ordaindu behar da, eta behiak eta behorrak 10 euro buruko.
Deialdia ganaduzale guztiei eta baita ere udazkenean ganaduak botatzen dituzten ganaduzaleei egin diete. Hain justu, udaletik «garbi gogorarazi eta jakinarazi» nahi da, nahiz eta ganadua udazkenean larreratu, udaletxean apuntea orain eman behar dela ordainketarekin batera.
Hori horrela, neurri horri «jarraipen zehatza» egingo diotela zehaztu dute, eta agindu hori betetzen ez bada Amezketako Udalak «bere neurriak» hartuko dituela jakinarazi du.
Udalak eskatu du ganadua zuzenean Enirio-Aralarko larreetara botatzeko eta ez Larrondora.
Landare gazteak eta itxiturak errespetatzea ere eskatu dute udal arduradunek.