Trafiko aldaketak Amezketako herrigunean

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 26a, 12:14

Bartolome Deuna kalearen urbanizatze lanak direla-eta hartuko dira neurriak; lanak amaitzeko epea otsailaren azken astea da.

Aste hauetan Amezketako Bartolome Deuna kalearen 20 eta 27 zenbakien artean eta Beltzaren plazako inguraketa-espaloiaren zoladura berriztatze lanetan dabiltza.

Ia hilabetez Beltzaren plazako inguraketa-espaloian lanean jardun ondoren, Bartolome Deuna kalea 20-27ko urbanizatze lanak hasi dira aste honetan. Lan horiek Bartolome Deuna kalean eta ondoko kaleetan trafiko aldaketak ekarriko dituzte, obrek irauten duten bitartean. Horrela, lanengatik sortutako arazoek ahalik eta eragin gutxiena izatea nahi da, batik bat Beltzaren plazapeko eta Bartolome Deuna kaleko garajeetako sartu-irteeratan.

Hainbat neurri hartu ditu, beraz, udalak, eta horietako bat da Abaltzisketako errepidetik Zubeldianera sartzen den bidea norabide bakarrekoa izatea: hortik sartu daiteke baina Abaltzisketako errepidera atera ez. Bestalde, herrigunetik ateratzeko bakarrik Bartolome Deunaren kaletik Papertegiaren aldetik atera ahal izango da. Bartolome Deuna kaletik bertako garajeetako sartu-irteerak egiteko, Bartolome Deunaren kalea bi norabideetakoa izango da, Abotzenea arte.

Beste neurri bat Maindegi (Mandei)-Abotzenea bitarteko kale zatia norabidez aldatzea izango da, Beltzaren plazapeko eta Bartolome Deuna kaleko garajeetako ibilgailuak bertatik sarrera egiteko. Horrez gain, Maindegi (Mandei)-Abotzenea norabidean, kalearen eskubialdean ezin izango da ibilgailurik aparkatu, zama-lanak egiteko egun dagoen zatia bakarrik mantenduz.

Lanak amaitzeko epea otsailaren azken astea da, eta aipaturiko neurriak ordura arte egongo dira indarrean. Bestalde, hurrengo asteetan bizpahiru egun izango dira Beltzaren plazapeko eta Bartolome Deuna kaleko garajeetan ibilgailuak ezingo direna sartu urbanizatze lanak amaitu ahal izateko. Egoera horren nondik norako zehatzak udalak egun batzuk lehenago koordinatuko ditu.

Udaletik lanek sortutako «eragozpenak barkatzeko» eta «pazientziarekin hartzea» eskertu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!