Aurrera Tolosak eta Errekak jokatuko dute lehen finalerdia

Asier Imaz 2017ko urt. 11a, 14:07
Xabier Telletxea iazko udan. Albizturko atzelariak Eneko Labaka herritarrarekin jokatuko du igandean. Andoni Uzkudun

Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko Nazio Txapelketa finalaren atarian sartu da; lehen finalerdia igandean jokatuko da Amezketan.

Euskal Herriko pilota elkarterik onena aukeratzeko txapelketak aurrera jarraitzen du Amezketan. Nazio mailako lehiaren final-laurdenak asteburuan amaitu ziren. Bertan, aurrera egiteko txartela Doneztebeko Erreka elkarteak lortu zuen, 2-1 Gasteizko Zaramaga gaindituta. Finalerdietan, Aurrera Tolosaren aurka jokatuko dute nafarrek. Kanporaketa hori igande honetan izango da, 17:00etatik aurrera, ohi bezala, Amezketako Larrunarri pilotalekuan.

Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko Nazio Mailako Txapelketan, kanporaketak hiru partidatara jokatzen dira. Elkarteko pilotari aukeratuek, berdin dio bakoitzaren adina, lau t'erdian, banaka eta binaka jokatzen dute. Hiru lehia horietatik bi irabazten dituen elkarteak aurrera egiten du.

BETERANOA ETA GAZTEA

Lehen finalerdia, beraz, urtarrilaren 15ean jokatuko da, Aurrera Tolosa eta Errekaren artekoa. Kantxara irteten lehenak Arratibel ataundarra eta Goizuetako Salaberri izango dira; beteranoa eta gaztea. Lau t'erdian neurtuko dituzte indarrak. Salaberri Erreka elkarteko aurrelari gaztea da, distantzia horretan maisua. Hori argi erakutsi du txapelketan, besteak beste, Arabiourrutia, Zubizarreta eta Larrañaga bezalako pilotariak gaindituz. Arratibel Aurrera Tolosaren izenean ariko da. Atzelaria izan arren, kaiolan ederki moldatzen den pilotaria da ataundarra. Airez ez duen eragina, poteko jokaldietan dauka; zabalera egindako dejada maisuki menperatzen du. 

URRETABIZKAIA, BANAKA

Bigarren partida buruz burukoa izango da. Eskualdekoen ordezkari bezala Ikaztegietako Beñat Urretabizkaia aterako da. Nafarren aldetik, Elizalde. Bada aldea bi pilotarien artean, eta ondorioz, puntua irabazteko Urretabizkaia izan daiteke faboritoa. Hala eta guztiz ere, Elizaldek final-laurdenetan pilotari gogorra dela erakutsi zuen, pilotarik galdutzat ematen ez duen horietakoa. Ikaztegietarrak bere eskuin bortitzarekin zuloa erraz zabaltzen du kantxa osoan, gero tantoa erraz amaitzeko. Kanporaketari begira, puntu garrantzitsua egongo da jokoan partida honetan, izan ere, binakakoan edozer gauza gerta daitekeela gauza argia da.

GOI MAILAKO PARTIDA

Binakako partidak dena dauka. Lau pilotariak momentu izugarrian irtengo dira kantxara. Aurrera Tolosak Eneko Labaka eta Xabier Telletxea aukeratuko ditu, eta Errekak Tainta eta Lasa. Afizionatu mailan dagoen bikoterik onenetakoa osatzen dute Labakak eta Telletxeak. Albizturko pilotariek abenduan DV Txapelketa irabazi zuten, maila horretan nagusi direla erakutsiz. Aurkariak, ordea, erdi afizionatu erdi profesionalak dira. Taintak eta Lasak Garfe enpresarekin jokatzen dute noizean behin, euren mailaren erakusgarri. Finalera nor pasa hirugarren partida honetan erabakitzen baldin bada, lehia ikusgarria izan daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!