Inbertsioetara %33a bideratuko da

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 6a, 11:00
Larrunarri frontoia txukuntzea izango da aurtengo inbertsioetako bat.

Aho batez onartu du Amezketako Udalbatzak 2017ko aurrekontua, egin berri duen ezohiko bilkuran. 1,125 milioi eurokoa izango da eta horretatik herena, 375.000 euro inguru, inbertsioak egiteko izango da.

Amezketako Udalak aurten 1.125.104 euroko aurrekontua izango du, eta horietatik 373.878 euro, guztiaren %33a, azpiegitura berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko erabiliko da.  Udalbatzak aho batez onartu zuen aurrekontua abenduaren 30ean egindako ezohiko bilkuran.

Aurrekontuaren sarrera eta gastuei dagokienez, diru sarreren arloan, %55a inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantziaziorako Fondotik jasoko dira, ia %33a udal zerga eta tasetatik, eta %12a inguru beste administrazio eta erakunde publikoek emandako diru laguntzetatik.

Aurrekontuaren gastuaren proportzioa berriz honakoa da: %25a udaleko pertsonalari dagokio; %32a ondasun eta zerbitzuei; %6a diru transferentziei, hauen artean Amezketako hainbat elkarteei edota Tolosaldea Garatzen, Tolosaldeko Mankomunitatea eta Tolomendiri; eta azkenik, %3,4a maileguen amortizazioa eta interesak ordaintzeko. «Azken datu baxu honetatik, inbertsiora bideratutako datuarekin batera, ondorioztatzen da Amezketako udal finantzak saneatuak daudela», azaldu dute udaletik. Ehuneko horiei, goian aipatu bezalaxe, inbertsiotarako bideratuko den %33a erantsi behar zaio.

2017ko aurrekontua egiterako garaian, bost helburu edo ildo nagusi hartu ditu kontuan Amezketako Udalak. Lehenengoa, herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzea, eta horretarako otsailerako Bartolome Deunaren kalea oinezkoentzat jartzearekin eta Beltzaren plaza inguratzen duen espaloiaren berrikuntzarekin obrei amaiera emango zaie, 240.000 euro inguru inbertituz guztira. Bestetik, Larrunarri frontoia txukuntzeko obrak hasi nahi dira 2017an, horretarako hasiera batean 60.000 euro bideratuz. Bigarrena, Hirigintza Plan Orokor berria osatzearena da. «Etorkizuneko Amezketa guztion artean diseinatu nahi da», azaldu dute udaletik. 2017an 40.000 euroko gastua izango du gai horrek. Hirugarrena, baserri bideak hobetzen jarraitzea, horretarako 70.000 euro inbertituz. Laugarrena, jasangarritasunaren aldeko neurriekin jarraitzea, hain zuzen, argiteri publiko efizienteagoa jarriaz Amezketa eta Ugarte auzoko kaleetan eta 20.000 euro bideratuz horretarako. Azkeneko helburua 2016an herria eta Ugarteko txukunketan hasitako lanekin jarraitzea da, 25.000 euroko aurreikuspenarekin.

Zenbait gastu adierazgarri aipatzekotan berriz, esan udalak orokorrean, bere eraikin eta kale argiteriaren argindarrean, 27.200 euro gastatzen dituela. Hirugarren adinari zuzendutako jarduera soziokulturaletan, berriz, 9.000 euro bideratzen ditu, herriko kultur ekintza, festa eta kirol jardueretarako 40.000 euro, eta euskara sustatzeko ia 20.000 euro, azken kopuru honetan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari (Uema) eta Tolosaldeko Ataria-ri bideratutako diru laguntzak, euskarako klaseen kostua eta beste ekitaldi batzuen kostua sartzen direlarik. Aipatu baita ere, 2016 urtean udal artxiboaren digitalizazioari ekin zitzaiola eta aurten ere lan horretan jarraitzeko asmoa duela udalak, horretarako 15.000 euro bideratuz. Eusko Jaurlaritzatik, 2016an bezala, 8.000 euroko diru laguntza iritsiko da.

Beste zenbait udal zerbitzu ere nabarmendu ditu udalak.  Esaterako, helduentzako etxez etxeko laguntza zerbitzuak 25.000 euroko kostua du, 2016an baino 3.000 euro gehiago;  «izan ere geroz eta heldu gehiago dira zerbitzu honen onuradun», azaldu dute udaletik. Gazteleku eta udako ludotekaren zerbitzuak, aldiz, 42.000 euroko kostua dute. Udalak kudeatzen ditu Eusko Jaurlaritzak larrialdian dauden familiei laguntza emateko 6.000 euro inguru.

Hondakin bilketari dagokionez, zerbitzuaren kostu osoa 53.000 euro ingurukoa da, hondakinen bilketa, kudeaketa eta tratamendua barne. «Era berean, azpimarratu behar da, udal tasaz aparte, Gipuzkoako herrietako baxuenetakoa dena eta honegatik 18.000 euro biltzen dira, hondakinak birziklatzeagatik udalak 21.000 euro berreskuratzen dituela», zehaztu dute udaletik. «Azken datu honek adierazten du amezketarren kontzientziazioari esker gai honetan kudeaketa efizientea dela, alegia, zenbat eta gehiago birziklatu, zerbitzua are eta merkeagoa da eta hori amezketar guztion jarreragatik da orokorrean. Halere, puntualki oraindik ere, jarrera desegoki batzuk mantentzen dira hondakinak ontzi desberdinetara jaurtitzeko garaian».

Bestalde, udaletik azaldu dutenez,  «amezketarrek Gipuzkoako Urak erakundeari uraren ordainketa egiten dutenean udalak ordainagiriaren zati bat ordaintzen du hobari edo bonifikazio gisa, beste herrietan ez bezalaxe, eta hobari honek udal aurrekontuan 27.000 euroko kostua du».

Udaletik ere gogora ekarri dute aurrekontuaren espedientea herritar guztientzako ikusgai dagoela udaletxean, «edozein herritarrek udalaren kudeaketa ekonomikoaren nondik norakoak jakin ditzan, eta baita ere, iradokizun eta erreklamazioak luza ditzan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!