«Kirolak eman dio Amezketari izena»

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 4a, 13:10
M. Puldain, J.M. Otermin, L. Tolosa, E. Galartza, X. Zabala, J. Tolosa, J. Zubeldia, I. Altuna, J. Etxeberria, J.M. Altuna, B. Artola, J. Altuna, M. A. Iriarte, I. Perurena, J. Galartza eta M. Urtaza.

Amezketako kultur etxeko aretoa jendez bete zen atzo, Joxe Mari Otermin herritarrak idatzi duen 'Amezketa, herri kirolzale baten memoriak' liburuaren aurkezpenean. Aretoan izan zirenetako batzuk liburuetako orrietan ere agertzen dira.

Joxe Mari Otermin eta Iñaki Perurena izan ziren aurkezpenean hitz egin zutenak, eta ekitaldia bera Iñaki Elortza kazetariak aurkeztu zuen. Perurenak idatzi du liburuaren sarrera, eta orrietan idatzitakoa azaldu zuen Amezketan, 'Albitzuri-Haundi' izena duen harria lau harri direla: "Erdi broman esan izan dut, Trinitateko misterioan hiru pertsona batean, eta Albitzuri-Handin lau harri batean". Gogoan du Amezketara lehenego aldiz nola joan zen Perurena: "Garai hartan harri gosea nuen, eta garai hartan eta gaur egun ere Euskal Herriko benetako harri baldarra Amezketakoa da. Gogoan dut motoan nola jaitsi nintzen Tolosara eta Amezketara kotxean etorri ginen eta harria jaso nuela. Ez zitzaidan hain zaila egin, baina hori beharbada harriaren bigarren etapa izango zen".

Perurenak lau garai aipatu zituen, harriaren lau "pertsonalitateak" zehazteko: "Zuriarrainen garaikoa bat, probatu nueneko etapa hori bestea, gero handik urte pare batera antolatu ziren lehiaketak hirugarren etapa bat izango ziren, eta ondorengoa beste laugarren etapa bat".

Oterminek bere aldetik gogora ekarri zuen Perurena Amezketan izan zen bi lehiaketetan jaso zuen harrera: "Lehenengoan, Amezketa oso ondo portatu zen 13 jasoaldi egin zituenean, eta hurrengoan, 10 jasoaldirekin geratu zenean, txistuka-eta hartu genuenean. Jendea dirua hamabost baietz-eta zegoen une hartan. Iñaki azkenetakoa izan zen harria jasotzen eta ordurako harria pixka bat hezetua, eta izerdiarekin bustia, eta 10ekin geratu zen. Amezketako historian puntu beltz bat izango litzateke Iñakiri egun hartan txistu jo izana. Ez dakidana da, eta hori ere esan behar da, amezketarrak izan ziren edo Amezketara etorritakoak".

Liburuari buruz hitz egiterakoan, Oterminek azaldu zuenez, "kirolak ere garrantzia du herri baten historian. Eta hau ez genuke baztertu behar. Azken batean, Fernando Amezketarra alde batera utziz eta egungo pilotariak pixka bat baztertzen baditut, Amezketa bazela herritik kanpo oihartzuna zabaldu zuena kirola izan zelako. Eta aurreneko Amezketako kirolzale ia guztiak Amezketa edo Amexketa ziren". Oterminek gaineratu zuenez, "kirolak eman dio Amezketari izena".

Liburuaren aurkezpenean orrietan azaltzen diren hainbat kirolari edota senitartekoak izan ziren, gehienak pilotaren mundukoak. Familia argazkian elkartu ziren, pilota munduko Martin Puldain, Lontxo Tolosa, Eneko Galartza, Xalton Zabala, Joxean Tolosa, Imanol Altuna, Jokin Etxeberria, Joxe Mari Altuna, Jokin Altuna eta Jesus Galartza; bestetik, Joseba Zubeldia harri-jasotzailea, eta Miguel Angel Iriarte, Errekartetxo harri-jasotzailearen semea; eta korrikalarien aldetik Bixente Artola, eta Manuel Mujika zenaren Martin Urtaza biloba.

Aurkezpen ekitaldia eta gero, mokadutxoa jateko aukera izan zen. Liburua etxera eramateko aukera ere izan zuten bertara joandakoak, eta jaso ez dutenen etxe bakoitzera udalak liburua banatuko du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!