Jokin Altunak partidarik galdu gabe jarraitzen du

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 3a, 11:38

Belauneko lesioa gainditu ondoren, Jokin Altuna berriro ere txapelketan da. Igandean itzuli zen, eta 22-18ko garaipena lortu zuen, Abel Barriola lagun, Ezkurdia eta Merino II.aren aurka.

Lehen jardunaldia bakarrik jokatu zuen binakakoan amezketarrak. Orduan izan zuen lesioa, baina hala eta guztiz ere, txapelketako lehen puntua lortu zuten amezketarrak eta leitzarrak. Geroztik hiru jardunaldi dira, eta ordezkoek punturik pilatu ez zutenez, sailkapen nagusiaren azken postuan zeuden Altuna III-Barriola.
Igandeko partida ez zen ondo hasi. Ezkurdia eta Merino II.a behetik goraka zetorren bikotea zen, eta indartsu ekin zioten lehiari: 10-3 eta 12-6. Txarrena, ordea, Abel Barriola ezinean ikustea izan zen. Leitzako atzelaria ez zebilen ondo, eta aldageletara joan behar izan zuen epailearen baimenarekin. Itzuleran gauzak aldatzen hasi ziren, eta  urdinek markagailua 12na jartzea lortu zuten. Sakea berreskuratzean, gorriek berriro tartea zabaldu zuten, eta partida amaituko zutela zirudien: 16-12. Altuna III.a ez zegoen amore emateko, ordea. Amezketarrak partida handia jokatu zuen Eibarren, eta lesiotik ongi osatu dela erakutsi zuen. 18nako berdinketa etorri zen orduan, eta hortik aurrera, 22ra bitarte, amezketarrak eta leitzarrak ez zuten barkatu.
Garaipen horri esker, sailkapen nagusian zazpigarren jarri dira Altuna III.a eta Barriola, baina hirugarren doan bikotearekin berdinduta daude, hau da, bi garaipen eta hiru galdutakorekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!