Lehen puntua Altuna III eta Barriolarentzat

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 6a, 20:29

Emozio handiko partida ikusi dute Tolosako Beotibar bete duten pilotazaleek. Azkenean, 22 eta 16 irabazi diete Altuna III eta Barriolak Urrutikoetxea eta Beroizi dezente sufritu eta gero. Jaialdi bereko lehen partidan Jaka-Tolosa 22-19 gailendu zaizkie Gorka-Merino I. errioxarrei.

Azken emaitzak bestelakorik pentsatzera bultza bagaitzake ere, ez da partida samurra izan. Hiru zati nabarmen izan ditu partidak. Lehen zatian, urdinek, Altuna eta Barriolak, agindu dute jokoaren alor guztietan; Beroiz ez zen batere eroso ari, Urrutikoetxeak ez zuen ia pilotarik hartzen, eta tantoak urdinen aldera erori dira ia beti. Bitarte honetan amezketarraren lau tanto eder ikusi ahal izan ditugu, aipatzekoa beren hamargarrena izan dena, ezker-hormaren ondotik bi-hormetara eskuin boleaz jo eta egin duena. 14 eta 4 irabazten jarri dira, eta partidak bazuela nagusia zirudien.

Honela heldu da bigarren zatiari hasiera eman dion tantoa: Urrutikoetxeak ezker-gantxo zitala jo du zabalera, Jokin heldu da bizkor baina azken pausua jartzean, ikusle baten edalontziak egindako putzu batean jarri du hanka, irristatu eta min hartu du; ezker gantxo hura jiratu eta bueltatu da, baina berriro bertara jo dioenean galdaoztarrak ez da mugitu ere egin. Mina zuen zalantzarik gabe; aldageletara sartu eta denbora dezente igaro da atera denerako. Hemendik aurrera zeharo aldatu da partida: Jokinek konfiantza galdu duela dirudi, Beroiz hobeto jokatzen hasi da, Barriola gehiago sufritzen ikusi dugu, eta Urrutikoetxea egin da frontoiko jabe; hamaika tanto egin dituzte gorriek urdinek bi bakarrik egiten dituzten bitartean: 16 eta 15, eta partida gorritzen ari zen.

Orduantxe etorri da Urrutikoetxearen ordura arteko huts bakarretako bat: pilota itxura batean erraza kanpora bota du eskuinez. Jokin Altunak itzuli dio oparia hurrengo tantoan eskuin dejada txapapera botata, partida osoan galdu duen tanto bakarra, baina ez du beste hutsik egin. Hemendik aurrera tanto guztiak urdinentzat izan dira. Amezketarrak gogotsu heldu dio azken bolada honi eta hiru tanto egin ditu segidan, bat ezker sotamanoz kantxa erditik jotako bi-hormako ederrarekin, Beroiz iritsi da baina ez du txapa gainean jartzen asmatu, eta beste biak ezker-gantxo matematikoak jota; bi azkenak Urrutikoetxeak galdu ditu: eskuinez zabalera moztu duen pilotak eskuin marraren gainean egin du bote batak, eta azkenekoan goiko txapara joan zaio eskuin airez jotako sotamanoa. Azken pilotakada honen txapa-hotsa entzundakoan sekulako burrunba sortu da frontoian; frontoia betetzen zuen zaleria gehiena bertakoen alde zegoela sumatzen zen aurretik ere, baina txapa-hotsarekin erabat nabarmendu da.

Hogeita bi eta hamasei eta lehen puntua zakura. Ikusi egin beharko da zer ondorio duen Jokinen belauneko golpe, zaintiratu edo dena delakoak. Barriola ere eskuetatik-edo partida juxtu samar bukatzen ikusi dugu; hemezortzigarren tantoan aldagelara joan eta denbora luzez egon da. Ostiralean Artola-Albisuren aurka dute Donostian. Ea zoria aldeko duten eta denak jokatzeko moduan diren.

Jaka eta Tolosak ere irabazi

Jaialdiko lehen partidan, eskualdeko bi pilotari, Jaka eta Tolosa, aritu dira Gorka eta Merino I. errioxarren aurka. Partida gorabeheratsua izan da. Lizartzarra eta anoetarra nagusi ziren jokoan baina ez zuten tarterik egiten eta azkenerako aurre hartu die gainera errioxarrek. Erik Jakak, ordea, amaiera aparta eman dio partidari lau tanto zein baino zein kateatuz. 22 eta 19 irabazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!