Final latza eta txapela Leitzara

Jexux Murua 2016ko aza. 27a, 21:39

Tanto batengatik ez du jantzi Jokin Altunak aurtengo Lau T´erdiko Txapela. Oinatz Bengoetxea leitzarrak eraman du sari preziatua 22-21 irabazi eta gero. Partida bizitu duten guztien oroimenean iltzatuta geratuko den finala izan da. Ikuskizun ikaragarria eskaini digute bi pilotariek, galtzailea ere irabazle sentiarazi behar lukeen horietakoa.

Frontoia goi-goiaino betetzen duten pilotazale guztiak zutik daude, txaloka. Jokin Altuna, pilota eskuan duela lasterka doa lauko arrastoaren bila. Botea egin eta sake bizia gurutzatu du ezker hormara. Gaiztoa da, ez ordea jira ezina eta horixe egin du Bengoetxea VI-ak. Arriskuak hartzeko moduko pilota dauka Jokinek eskura orain, baina ez du hori erabaki eta tantoa lantzen hasi da, pilota ezker horman luzatzen saiatuz. Bengoetxeak baina, hil edo biziko dejada egin du ezkerrez urruti samarretik, ia berak bakarrik ematen dion defektuarekin, erdi txosta egin du eta ezin izan du txapa gainean jarri amezketarrak. 22 eta 21 eta txapela Leitzara!

Honelaxe amaitu da ia ordu eta hamar minutu iraun duen ikuskizuna, pilota ikuskizun bati eska geniezazkiokeen osagai guztiak izan dituena: joko bizia, jokaldi harrigarriak, tentsioa, emozioa, bi pilotarien zaleen arteko lagun giro eredugarria eta, batik bat, finala jokatzen ari ziren bi pilotarien ahalegin itogarria, begira geundenak ere nekarazi gaituena behin baino gehiagotan. Ez die huts egin, ez, final hau ikusteko irrikaz, amorratzen, zegoen pilotazaleari. Ezinezkoa da idatziz azaltzea ikusi eta bizitu duguna.

Maider Unda borrokalari arabarrak, olinpiar domina golkoratu zuen kirolari ikaragarriak, bota du txapa airera eta, zoriak, Bengoetxeari eman dio lehen sakea. Berarentzat izan dira lehen lau tantoak: Jokinek txapapera bota du pilota erraz samarra lehenengoan, bi saketik egin dizkio leitzarrak eta, tartean, bat sake-errematetik. Pilotakada gutxi izan dira, baina sake-errestoan amezketarra larri antzean ikusteko nahikoa.

Eskuinez jotako bi-hormako eder batekin lortu du bere lehen tantoa Altunak pilotakada asko gurutzatu eta gero. Partida gogortzen hasi da, espero bezala, eta tantoak bi aldetara erori dira. Bengoetxeak kantxa erditik ezkerrez zabalera luzatutako pilotakadaren bitartez egin duena ikusgarria izan da; gero bigarrena eman dio Altunari dejada txapazpira botata, baina hurrengo biak ere berarentzat izan dira: 7 eta 2.

Hemen hasi da Jokinen joko bolada ikaragarria. Baina ze tantoak egin ditu!Hirugarrenak sekulako meritua izan du, denetik egin behar izan du Oinatzek obeditzerako-eta. Gero, beste hiru behintzat, sake-errematetik egin ditu. Tartean, seigarrena, eskuin boleaz bi-hormakoa jota, baina denetan liluragarriena, kantxa erditik, hiru t´erdi paretik ezkerrez bi-hormara jota egin duena. Txapela ... ez zuen faltarik izango gaur egun janzteko ohiturarik bagenu, batek baino gehiagok botako zuen kantxara! Kontuak kontu, Altuna 12 eta 9 aurretik zela iritsi da lehen atsedenaldi luzea. Partida gogor zihoan ordurako, eta bazirudien amezketarrak neurria hartua ziola.

Baina leitzarra indarberrituta kantxaratu da, eta abiada ikaragarrian joka arazi du hurrengo tantoa, berak irabazi duena. Eta beste sei tanto kateatu ditu gero, horietatik hiru sakez. Sakea! Sakatzen biak ari ziren ondo, baina errestoan, ez zuen Jokinek Bengoetxearen sendotasunik erakusten. 17 eta 12 zen aurretik leitzarra eta amezketarrari sei tanto sakez eginak zizkion ordurako, berak bakarra galdu duen bitartean.

Leitzarraren bolada etetea lortu du orduan Jokinek, baina tanto ilara luzeegirik egin gabe. 18 eta 15 leitzarra aurretik dela heldu dira bigarren atsedenaldi luzera. Lehenengoan hiru aurretik amezketarra, bigarrenean hiru aurretik leitzarra. Partida oso gogortua zegoen ordurako eta bazirudien leitzarrak neurria hartua ziola.

Hago horretan! Orain amezketarra altxa da indarberritua, eta ez ditu bada bost tanto egin, zein baino zein ederragoak: eskuinez ziri-ziri moztuta, ezker gantxo harrigarria lautik txapa gaina eta eskuin marra igurztera, ezker gantxoa kantxa erditik ezin justuagoa... Eta Jokinen hogeigarrena... Zer izan da hau? Ze eromena! Bi pilotariak batera eta bestera, orain erasoan, orain defentsan...; azkenean, buruz gain zihoakion pilota hil edo bizi ezker gantxoan zabaldu nahi eta txapaz behera joan zaio Oinatzi. Ikusleak zutik txaloka eskuak puskatu beharrean eta bi pilotariak leher eginda ia erortzear. 18 eta 20 amezketarra aurretik eta pilotariak aulkietan arnasa berreskuratu ezinik.

Honela heldu gara azken txanpara. Ez genekien ze ondorio utziko zituen tanto ernagarri horrek. Aulkitik bueltan, Bengoetxearentzat izan dira hurrengo hirurak, bere hogeigarrena ere bikaina: eskuin sotamanoz, hiru t´erditik, ezkerreko hormatik gertu zabaleko punta-puntara bota duen dejadarekin egin duena. Eta hogeita bat garrena sakez.

21 eta 20 amezketarra atzetik. Baina ez zegoen etsitzeko. Hogeita banakoa, zer esango dugu, ez zirudien finala jokatzen ari zirenik: Bengoetxeak ezkerrez txokora egin duen dejadari, ezkerrez bertara egindakoarekin erantzun dio Jokinek, eta berriz ezkerrez bertara jo du Oinatzek, baina hantxe, laugarrena segidan ezkerrez eta barrurako defektuarekin haraxe botata egin dio amezketarrak. Ez zegoen gehiago eskatzerik. Jokoa jolasaren mugetara eramana, zaleak txoratzen ... Eta pilotariak aulkietan lehertzear.

Azkena kontatu dugu, saiatu gara, hasieran. 22 eta 21 irabazi du Bengoetxeak VI.ak. Ez du partida irabazi Altuna III.ak baina bai pilotazale guztien, seguru, eskerrona eta mirespena. Leitzarrak bezalaxe. Ederra izan da. Bai jaun-andreok, bai, ederra izan da.

Frontoian bizitako giroaz, zaletuez, Amezketatik atera diren autobuskadez ... Hitz egingo dugu aurrerago. Baina motxean: bejondeizuela!

Tanto boladak: 4-1; 7-2; 7-7; 9-9; 9-12; 17-12; 18-15; 18-20; 21-20; 21-21; 22-21

Altunak; 17 egin (1 sakez) eta 4 galdu.

Bengoetxeak: 18 egin (7 sakez) eta 4 galdu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!