Argentinara, bat-batean eta errebotez

Jon Miranda Labaien 2017ko api. 7a, 17:05
Lizaso eta Iguaran Argentinara abiatu aurretik Villabonako Behar Zana frontoi parean. Jon Miranda

Bertso Pilotarekin euskal etxeetatik bira egiteko asmoz aterako dira igandean Euskal Herritik. Zazpi laguneko taldean eskualdeko hiru lagunek hartuko dute parte, tartean, Oihana Iguaranek eta Iñaki Lizasok.

Inprobisazioari tartea utzita prestatu dute bidaia. Eskaintzeko, baina batez ere, ikasteko eta esperientzia bizitzeko gogoz dira zazpi gazteak. Bertsotan eta pilotan badakite eta hortik abiatuta, itomenik gabe, «dibertsiotik eta abenturatik» bizi nahi dute. Irekita daude eta badakite buruan duten guztiak forma hartuko duela behin Argentinara iritsitakoan.

Bertso pilota ez da ekimen berria Euskal Herrian eta besteak beste, Ekain Ormazabal, Iker Urmeneta, Beñat Gaztelumendi eta Iñaki Lizasok jarri zuten martxan duela bospasei urte. «Ekimenari buelta bat eman, eta besteak beste, haurrentzako jolasekin osatu genuen», esan du Lizasok. Gehienbat Gipuzkoan eskaini zituzten emanaldiak eta bolada batean aritu ondoren utzi egin zioten antolatzeari.

Lagunak dira Ormazabal, Urmeneta eta Lizaso eta ohikoa duten juntadizo horietako batean, ekimena berreskuratu eta Argentinara eramateko arra sentitu zuten: «Zergatik harako asmoa? Bada pilota, bertsoa eta oro har euskal kultura oso presente daudelako han eta irrika genuelako hemen ohikoa duguna Argentinan nola bizi duten ikusteko». Esan eta egin. Berehala ekin zioten ekipoa osatzeari.

Aurretik bertso pilota egin izan zutenetan tokiko eta gertuko pilotari eta bertsolariengana jo izan zuten antolatzaileek eta oraingo honetan irizpide berdina mantendu dutela dio Lizasok, «gure jirako jendea nahi genuen». Aurretik ekimenean parte hartutako Beñat Gaztelumendirekin batera, Amasako Oihana Iguaran ariko da bertsotan eta Lizaso eta Urmenetarekin batera, Eneko Aizpitarte hernaniarrak eta Arkaitz Esnaola txaramarrak jardungo dute pilotari gisa. Zazpikotea osatzeko, Ekain Ormazabal aurkezlea gonbidatu dute.

«Ia gu baino inportanteagoa da Ekain, akzioan ikusi besterik ez dago», esan du Iguaranek. Amasan egindako Txakolin Egun batean parte hartu zuen bertsolariak bertso pilotan eta estimatu zuen aurkezlearen laguntza: «Nik adibidez ez dut pilota gehiegi kontrolatzen eta ziria sartuz tantoak komentatzen zituen bitartean klabe asko eman zizkidan gero bertsotarako». Umorea izango da ikuskizunaren oinarrietako bat, eta adibidez, musikaz lagunduta egingo dute kantxaratzea bertsolari eta pilotariek.

Diaspora uste baino gertuago

Taldea osatu ondoren, taldean antolatu dute bidaia. Lanak banatu eta taldekide bakoitza arduratu da Argentinako euskal etxeekin harremana egiten. Urmenetaren kasua berezia da, Rosarioko euskal etxeko lehendakaria familiakoa baitu eta gertukoak dituelako Viedmako euskal etxeko arduradunak. «Bidaia prestatzen hasi garenean konturatu gara Argentinako diaspora oso presente dagoela hemen eta behin arakatzen hasten zarenean leku guztietan pizten zaizkizula kontaktuak», esan du Iguaranek.

Hartu-emanak egiterakoan sumatu dute euskal etxeetan badirela lan egiteko modu diferenteak. Lizasoren esanetan, «ikusi dugu euskal etxe horietako batzuk ohituta daudela hemendik, Euskal Herritik bideratzen diren ikuskizunak programatzera eta beste batzuk, berriz, modu autonomoagoan jarduten dutela». Dena dela, taldekide guztiak irrikaz daude ikusteko nola bizi duten euskal izaera Argentinan.

Transmisioan jarri du arreta Iguaranek: «Gustatuko litzaidake jakitea zenbaterainoko grina izan duten hemendik joandakoek, eta joandako haien ondorengoek, hemengo kultura gordetzeko. Edo, guk hemen sabel dantza ikasten dugun bezala ikasten ote dituzten haiek euskal dantzak, zerbait exotikoa bezala», aipatu du Iguaranek. Jakin-minez gerturatuko dira beraz zazpi gazteak eta ez dute lotsarik izango galdetzeko, eskaintzeko bezainbeste ikasteko asmoz doazelako. «Diasporara erakuslearekin rolarekin joaten gara maiz eta apustu egingo nuke, gauza askotan gu baino hobeak direla», esan du Lizasok.

Bertsotan edo pilotan aritzeaz gainera, taldekideek badakite dantzan eta kantuan, hortaz prest daude Argentinan horretan ere aritzeko. «Ez dakit hainbeste ote dakigun edo daukaguna ote den konpartitzeko gogoa», esan du Iguaranek. Horregatik zabalik utzi dute egitaraua eta euskal etxeetan egin dieten eskaeretara moldatu dira. «Zenbait euskal etxeetan euskara eskolak ematen dituzte eta mintzapraktika saioetara gonbidatu gaituzte. La Platako unibertsitatean esate baterako euskal ikasketak ematen dituzte eta orain gutxi arte han aritu da irakasle-irakurle gisa Dani Oiarbide idiazabaldarra. Bere ikasle izandakoekin harremana egin dugu eta bertso pilotaren ondorengo afarira etortzekoak dira».

Telefono dei eta mezu asko trukatu dituzte azken hilabeteetan eta harrera «ezin hobea» egin dietela esan dute taldekideek. «Ostatu emango digutela esan digute eta laguntzeko prest agertu dira». Viedman, esate baterako, kasino batean ehun lagunentzako afari bat antolatu dute euskaldunen bisita ospatzeko eta bide batez, bidaiak sortuko dituen gastuak estaltzen laguntzeko.

Izan ere, «autogestionatua» izango da bertso pilotaren bidaia eta gastuen gehiengoa bere gain hartuko dute parte hartzaileek. «Aztertu ditugu finantziazio iturri ezberdinak, diru laguntzak eskatzeko aukerak, baina ez dugu erantzun positiborik jaso eta beraz, guk helduko diogu gastuaren zati handienari», esan du Lizasok. Han hemen egingo diren ekitaldiekin eta Antiguon bertso pilota ekimen ibiltaria aurkezteko antolatu zen festarekin gastua xamurtzeko asmoa dute.

Bertso Pilotak babesleak izango ditu Argentinan eta parte hartzaileek «bereziki» eskertu dute laguntzeko agertu duten prestutasuna. Txaramako Zuhaizki aroztegiak, Usurbilgo Urdaira sagardotegiak, Leaburuko Mahala baserriak eta TOLOSALDEKO ATARIA-k babestuko dute ekimena.

Kronikak Argentinatik

Ikusi eta ikasteko asmoz eta konpartitzeko gogoz doaz Argentinara zazpi gazteak. Hemendik eramandakoa hangoekin elkarbanatuko dute eta han ikasitakoa hemengoekin konpartitzeko ATARIA-k euskarria emango die. Eskualdeko euskarazko web atarian zintzilikatuko dituzte ozeanoz bestalde idatzitako kronikak.

Apirilaren 9an iritsiko dira Buenos Airesera eta La Plata, Necoetxea, Bahia Blanca, Viedma eta Rosario hiriak bisitatuko dituzte. Euskal etxe guztietan ez dituzte bertso pilota emanaldiak eskainiko eta egindako eskaeretara moldatuko dira. Beste beste, Necoetxean apirilaren 15ean ospatuko duten Korrikan parte hartuko dute eta hurrengo egunean Aberri Eguneko ekitaldietan izango dira. Rosarioko euskal etxearen 80. urteurreneko ekitaldietan egoteko gonbita ere jaso dute.

«Usaintzen goaz zer izango den, bana hara iritsi arte ez dakigu zerekin egingo dugun topo», esan dute Lizaso eta Iguaranek. Gaur prestatuko dituzte maletak, bihar atera Euskal Herritik eta etzi iritsiko dira Argentinara. Ekipo «majoa» osatu dute eta rock banden antzera ibiliko dira euskal etxez euskal etxe furgoneta hartuta apirilaren 23ra arte. Beraien ibilerak jarraitu ahal izango dira www.ataria.eus webgunean, beraien komunitate bidez.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!