Beertoki garagardo azoka aurkezteko festa, apirilaren 1ean

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 27a, 17:30

Apirilaren 22an egingo da Euskal Herriko Garagardo Artisauen azoka Villabonan. Aurretik, apirilaren 1ean aurkeztuko dute ekimena horretarako antolatutako hainbat ekimenekin.

Apirilaren 1ean, larunbata, garagardoa, gastronomia eta musika izango dira Berdura plazan eta 20:30ean Villabonako gaztetxean bi taldek eskainiko dute kontzertua: Fumut eta Voltaia. Ondoren, musika jartzaileak izango dira.

Apirilaren 22an egingo da II. Garagardo artisauen azoka Villabonan.

Horrela iragarri dute aurtengo festa antolatzaileek:

"Bertako produktu artisauen kulturan interesatuak gauden lau gazte gara, bereziki garagardo artisauen munduan. Pixkanaka Euskal Herrian produktu hau lantzen duten artisau desberdinak ezagutzen joan gara, eta ez dira gutxi. Taberna eta denda gehienetan dagoen eskaintza eskasa ikusita, eta orokorrean jendeak bertako garagardo artisauen existentziaz duen ezjakintasuna dela eta, orain dela bi urte, hauek ezagutzera eramateko, azoka bat antolatzeko ideia izan genuen.

Gure helburu nagusia bertako produktu artisauak aurkeztu eta eskaintzeko aukera ematea da, kasu honetan garagardoa. Publikoari Euskal Herrian dugun aukera zabala eta kalitate altua erakustea. Era berean, garagardogile artisauei bultzada bat eman nahi diegu. Gure bigarren helburua herriari eta Tolosaldeko eskualdeari bizia ematea da.

Hau ez da ia herri guztietan antolatzen den ohiko garagardo azoka bat. Hau artisau azoka bat da, bertan artisauek  bere produktuak aurkeztuko dituzte, bertan kontsumitzeko edo eramateko aukera emanez.
Aurtengoa bigarren edizioa izango da. Iazko azoka oso arrakastatsua izan zen eta espero baino hobeto atera zen, mila pertsona inguru inguratu ziren azokara eta hainbat komunikabidek ekimenaren berri eman zuten.

Iaz 17 garagardogile elkartu ziren, 60 garagardo mota baino gehiago eta bi postu janariarekin. Eta gauean herriko hiru tabernatan kontzertuak antolatu ziren. Iazko arrakasta ikusita, geure asmoa azokaren formatua berdin mantentzea da. Ideia berriak ere baditugu, baina hauek diru-laguntzen arabera jarriko dira martxan.
Aurtengo azoka 2017ko apirilaren 22an ospatuko da Villabonako frontoi estalian 11:00 – 23:00. Beste alde batetik, argi utzi nahi dugu gure helburua ez dela dirua irabaztea. Antolakundeak ez du inolako onura ekonomikorik aterako.

Amaitzeko, apirilaren 22an azokara etortzera gonbidatzen zaituztegu. Dastatu bertako garagardoak eta ezagutu artisauak. Ez galdu!".

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!