Udalak Ostegun Gizeneko jaia bultzatuko du

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 22a, 13:51

Amasa-Villabonako Udalak prentsa ohar hau kaleratu du biharko jaiari begira:

Inauteriei hasiera ematen dien Ostegun Gizeneko haur-jaialdia Amasa-Villabonan geroz eta errotuagoa dagoen ospakizuna dugu, programatutako ekitalditan ikastetxe desberdinek duten inplikazioari esker.

Aspalditik datorren ohitura izanda ere, duela hiru urte orduko udalak "arrazoi ekonomikoak" argudiatuta kendu zuen herriko haur guztiei Erreboteko plazan merienda eskaintzeko ohitura, iaz berreskuratu egin zen, eta aurten ere ohiturarekin jarraitu nahi du Villabonako Udalak. 2017 edizio honetan merienda horrek sortutako gastuak herriko aurrekontutik ordainduko dira, Maite Izagirre alkateak gogorarazten duenez aurrekontu horiek herritar guztien zergetatik datozelarik. "Tradizioak, ohiturak, hau bezain txikiak izanda ere, mantendu egin behar dira eta belaunaldi berriei transmititu egin behar zaizkie" azaldu du Izagirrek.

Ostegun Gizeneko ekitaldien programak Fleming Ikastetxeko eta Zubimusu Ikastolako mozorro desfilea du oinarri, arratsaldeko 15:00etatik aurrera, eta Gurea zine-aretoan 17:30ean eskainiko den haurrentzako filmaren emanaldiarekin osatuko da. Udalak bi ikastetxeetako irakasleei desfilea antolatzen egindako ahalegina eta lana eskertu nahi die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!