«Barra ez nuela jasoko esaten zidaten, eta orain 101 kilo jasotzen ditut»

Iñigo Otaegi 2017ko ots. 22a, 08:04

Lorez jositako ibilbide oparoa izan du Susana Davila (Amasa-Villabona, 1998) pultsulariak. Espero ez zuen gorakadaren eraginez, balio handiko garaipenak lortu ditu Villabonako gazteak. Egun, Madrilen dago kontzentratuta Espainiako selekzioarekin, besteak beste, Tokio 2020 buruan duela. Hala ere, datorren ikasturtean Kriminologia ikasten hasteko asmotan dabil. 

Noiz hasi zinen halterofilian lehen pausoak ematen? Nork bultzatu zintuen?

Lourdes Gorostidi halterofiliaren gaineko hitzaldia ematera etorri zen eskolara, eta probatzeko gogoa piztu zitzaidan. Alabaina, ez nintzen berehala hasi; bi lagunek aitortu zidaten ikaragarri gustatu zitzaiela eta esperientzia bikaina izaten ari zela. Horrela, lehendabizikoz 14 urte nituela barrari heldu eta horretan nabil oraindik ere.

Halterofiliaz gain, beste kirol batzuk praktikatu izan dituzu. Zergatik halterofilia?

Momentu horretan indarrarekin lotutako kirol batean hasi nahi nuen; esate baterako, boxeoa ere nire burutazioen artean zegoen. Halere, halterofilia probatu bezain pronto konturatu nintzen, nirekin bat datorren kirola zela.

Zer da halterofilia zuretzat?

Gaur egun, halterofilia bizitzeko iturria da niretzat. Bestalde, halterofiliak munduko ertzak ezagutzeko abagunea eman dit, baita orain oso baliagarriak zaizkiten harremanak izaten ere.

Eskolako lagunek aparteko zerbait esaten al zizuten halterofilian aritzeagatik?

Bai, atseginak ez diren iruzkin andana entzun behar izan nuen. Besteak beste, gizonezkoen gorputza jarriko zitzaidala, oso pisu gutxi altxako nuela... Nik kasurik ez nien egin ordea, eta nire bidea egiten jarraitu nuen.

Oso goiz hasi zinen arrastoa uzten halterofilia munduan, eta pultsulari gisa izena hartzen hasi zinen gutxika-gutxika. 15 urterekin jada Euskadiko marka hautsi zenuen junior mailan. Hainbesteko gorakada espero zenuen hain denbora-tarte txikian?

Ez, ez nuen inondik inora espero. Finean, probatzeagatik hasi nintzen eta apurka kilo gehiago jasotzeko gauza nintzen. Orain urte batzuk, barra ere ez nuela jasoko esaten zidaten, eta orain 101 kilo jasotzen ditut. Hori esan zidanari honakoa erantzun nion: « Bada, 60 kilo altxatzeko gai naiz... Proba ezazu zuk, ea zer egiten duzun!».

Ia irabazi daitezkeen txapelketa guztiak irabazi dituzu. Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapeldun izan zara 17 urtez azpiko mailan. Espainiako maila gorenean, aldiz, bigarren postua erdietsi zenuen. Nola gogoratzen dituzu momentu haiek?

Oso oroitzapen onak ditut. Halterofilia zorroztasunez hartu beharreko kirola da, ordu asko sartzea ezinbestekoa da maila horretan aritzeko. Beraz, podiumaren gorenean zaudenean, entrenatzen aritzeak merezi izan duenaren sentsazioa geratzen zaizu, gauzak ondo egin direnaren aho zapore gozoarekin oheratzen zara.

Internazionalki ere Europako eta Munduko Txapelketetan aritu izan zara, eta azken erreferentziak kontuan hartuta, seigarren eta hamairugarren postua lortu zenituen, hurrenez hurren.

Nire lehenengo Europako Txapelketan, hamargarren onena izan nintzen, orain 3 urte. Segidan, Peruko Munduko Txapelketan hamairugarren postua neureganatu nuen. Iaz, Europako Txapelketan zortizgarren geratu nintzen, eta aurten, seigarren. Txapelketa guztiak 17 urtez azpikoak izan dira, hemendik aurrera maila gorenean lehiatzea tokatuko zait.

Bakarka lan mordoa egin behar den arren, atzetik ere laguntza handia duzu. Garaipen garrantzitsu bat lortzean, norekin gogoratzen zara?

Sarritan egun goibelak izaten dira, eta horrelakoetan ikaragarri eskertzen da lagunen, taldekideen, entrenatzailearen eta familiaren babesa. Bereziki goraipatuko nuke amaren eta Batis Kortajarena entrenatzailearen laguntza, beraiei esker nago halterofiliaren erakuslehioan eta.

Gutxik izaten dute mundu mailan lehiatzeko abagunea. Pribilegiatua sentitzen zara alde horretatik?

Bai, zalantzarik gabe. Iristen da une bat bizitzan aukeraketa gogorra egitea tokatzen dena, ikasketak edo kirola; nire kasuan, biak uztartzeko zortea izan dut. Gainera, kirola egiteagatik bizi den pertsona gutxi dago, eta alde horretatik ere banaiz pribilegiatua.

Zer moduz daramazu ikasketak eta halterofilia aldi berean egitearena?

Aurten, gehienbat halterofilian zentratuta nago, baina, ingeleseko titulua, gidabaimena, eta monitore izateko titulua ateratzeko ere baliatzen ari naiz urtea. Horrez gain, datorren ikasturtean kriminologia ikasten hasteko intentzioa dut.

Bakarkako txapelketez gain, Danena Taldearekin ere lorpen garrantzitsuak lortu dituzue; besteak beste, Euskadiko hirugarren eta Espainiako bosgarren izan zineten 2016. urtean.

Bai, hori nesken taldearekin lortu genuen, baina, Danena taldeko mutilak ere oso ondo dabiltza, iaz Espainiako podiumeko tabladura igo baitziren. Lana gogor egiten dugu, eta oro har, taldea oso emaitza onak ari da erdiesten.

Danena taldean zenbat neska aritzen zarete?

Ez gara talde handia, gutxi gorabehera lauzpabost neska gaude, lantzean behin gehiago etortzen diren arren.

Horien artean, zure ahizpa. Zuk kutsatu al diozu halterofiliaren zaletasuna?

Entrenamenduen ostean, etxera joan eta gustora nenbilela esaten nien familiakoei. Bi ahizpei animatu nien probatu zezaten, inongo presiorik gabe. Tarteko ahizpari ez zion aski erakarri, ahizpa txikienak oraindik ere jarraitzen du, ordea.

Gainera, ahizpa zaharrena bezalaxe, bide arrakastatsua egiten ari da, orain arte behintzat.

Bai, gainera 40 kilo besterik ez da nire ahizpa, eta harrigarria badirudi ere, pisu dezente jasotzeko gai da. Orain ez da lehen bezainbeste aritzen halterofilian, baina, gustoko du.

Iazko otsailean, Polonian izan zineten bi ahizpak Espainiako selekzioarekin entrenatzen. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Oso ona eta aberasgarria. Bost egun izan ginen Poloniako lurretan entrenatzen, izkin ugaritako jendea ezagutu genuen, eta ingelesa praktikatzeko parada ere izan genuen. Horrez gain, Federazioak arlo ekonomikoan laguntza handia eskaintzen du, eta hori eskertzen da. Horrelako esperientziak gozamen hutsa dira.

Polita izango da zuentzat batera aritzea gogoko duzuen horretan, edo? Eta gurasoentzat zer esanik ez.

Askotan gertatzen da bietako batek arrakasta izatea, eta besteak ez. Gure kasuan, biok lortu ditugu garaipenak, eta hori gauza handia da. Ahizpa zaharragoa naizen aldetik, aholkuak ematen dizkiot, nik egin ditudan akatsak egin ez ditzan. Etxekoak, nola ez, pozarren daude.

Zer moduzkoa da halterofiliaren egoera Euskal Herrian? Danena bezala, zenbat talde gehiago aritzen dira?

Jende gutxi gabiltza Euskal Herri mailan. Espainiako zenbait lekutan mugimendu gehiago sortzen du halterofiliak; laguntzen aldetik ere, Galizia gisako lekuetan babes gehiago jasotzen dute. Gureaz gain, Gipuzkoan Irungoa eta Zarauzkoa daude, Bizkaian beste bi klub daude, eta Nafarroan beste bat. Oso jende gutxi mugitzen da halterofiliaren bueltan.

Euskal Herrian konpetentzia handirik ez bada ere, internazionalki prestigio handia du halterofiliak.

Bai, handia gainera. Nik italiarrekin edota suitzarrekin lehiatzeko ohorea izan dut, eta podiumeko hirugarren koska zapaldu nuen aurkari gogorrak izanda ere.

Emakumearen presentzia nolakoa da nazioarteko halterofilian?

Hemengo egoeraren kontrakoa, emakume kopurua oso handia dabil internazionalki; ondorioz, maila ere altuagoa da. Nahiz Euskal Herrian eta Espainian konpetentzia justukoa den, maila oso oneko pultsulariak daude. Madrileko kontzentrazioan, harrigarria dirudien arren, neska gehiago gaude mutilak baino.

Ze entrenamendu mota eskatzen ditu halterofilia moduko kirol gogor batek?

Txapelketak gertu dauden uneetan, abiada azkarretan asko sakondu ohi dugu. Gerritik gora ahala izatea komenigarria den arren, hankekin egiten da indar gehien barra jasotzerako garaian; horrenbestez, hankak indartzeko ariketa andana egiteko joera dugu. Horretaz aparte, ezinbestekoa da alor teknikoa kontrolatzea, baita barra azkartasunez jasotzeko dohaia izatea ere. Malgutasuna izatea ere komenigarria da, gorputza asko tolestu behar izaten baita.

Ahozabal askok dio halterofiliak fisikoki zantzu nabarmenak uzten dituela. Egia da?

Halterofilian hasten den oro txikia geratuko denaren zurrumurrua mito bat da, hori genetika hutsa da. Badira ni baino gazteagoak halterofilian aritu direnak, eta gerora harritzeko moduan hazi direnak; ez dauka zer ikusirik halterofiliak gorputzaren garapenarekin. Bizkarreko oinazea ere maiz aipatzen da, baina, nik ez dut oraindik inongo arazorik izan, eta pisu dezente izaten dut gainean.

Etorkizunera begira, jomugarik baduzu begiz jota? Tokio 2020 edo...

(Barreak) Orain Madrilen gaudenok zita berezi horretarako ari gara prestatzen, halere, oso-oso zaila ikusten dut sailkapena lortzea; hala ere, gogor saiatuko gara. Tokion bertan izango den Junior Txapelketarako ere ari naiz entrenatzen.

Halterofilian hasteko zalantzan dauden horiei, zer esango zenieke?

Animatu daitezela, probatzera behintzat. Oso jende gutxi dabil oraindik, eta kirolari gisa izena hartzea errazagoa izan daiteke beste kiroletan baino. Gainera, bide onetik joanez gero, munduan zehar bidaiatzeko abagunea sortzen da, eta hori futbola edo saskibaloia bezalako kiroletan lortzea ez da batere samurra. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!